Kimuak katalogoko zortzi film laburrak aukeratu dituzte

Kimuak katalogoko zortzi film laburrak aukeratu dituzte Fikzioa, dokumentala, animazioa eta genero esperimentala biltzen ditu aurtengo katalogoak. Hautatutako filmak nazioarteko zinema jaialdietara eta ikus-entzunezko ekimenetara bidaliko dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kimuak-katalogoko-zortzi-film-laburrak-aukeratu-dituzte/@@download/image/Trumoiak (Iker Maguregi).jpg
2021/06/08

Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Fikzioa, dokumentala, animazioa eta genero esperimentala biltzen ditu aurtengo katalogoak. Hautatutako filmak nazioarteko zinema jaialdietara eta ikus-entzunezko ekimenetara bidaliko dituzte.
Kimuak katalogoko zortzi film laburrak aukeratu dituzte

Kimuak programaren 24.edizioa da aurtengoa eta aurkeztutako 47 lanetatik zortzi film labur aukeratu dituzte katalogoa osatzeko. Film laburren hautaketa nazioarteko zinema jaialdi eta ikus-entzunezko ekimen garrantzitsuetara bidaliko dute. Etxepare Euskal Institutuak antolatzen du Kimuak programa, Euskadiko Filmategia Fundazioak kudeatzen duena Zineuskadiren laguntzarekin.

2021eko katalogo berriak fikzioa, dokumentala, animazioa eta genero esperimentala biltzen ditu. Hizkuntzari dagokionez, filmetako hiru euskara hutsean daude, bik euskara beste hizkuntzaren batekin uztartzen dute, bat gaztelaniaz eginda dago, beste bat gaztelaniaz eta txineraz, eta bat elkarrizketarik gabekoa da. 

Hauek dira hautatu dituzten zortzi filmak:

  • Azaletik azalera. Mel Arranz gasteiztarraren lehen filma da, finantzaketa kolektibo bidez sortua. Animazio esperimentala da, elkarrizketarik gabekoa.
  • Berak baleki. Aitor Gametxo lekeitiarrak sortutako euskarazko fikzioa da. Martin da filmeko protagonista, lanean ilusioz betea aritu arren, bizitza pertsonalean hutsune handia sentitzen duen gizona. Iñigo Aranburuk gorpuzten du Martin. 
  • Heltzear. Mikel Gurrea donostiarraren filma mende aldaketako Donostian kokatua dago, euskal gatazka oraindik aktibo dagoela. Sara, 15 urteko eskalatzailea, kanpoan den bere anaiari gutuna idazten ari zaiola, gogor entrenatzen ari da inoiz bizi izan duen igoera gogorrenerako. 
  • Inner outer space.  Laida Lertxundi zinemagile eta artista bilbotarraren azken lan esperimentala da, euskaraz eta ingelesez. Gogoeta laburra da, barnekotasunaren, ekologiaren, indibidualaren eta komunitarioaren ideien artean kokatua. 

  • Resonancias (Oihartzunak). Iñigo Aranburu donostiarra da gaztelaniazko fikzio honen zuzendaria eta protagonista. Atzo grabatutako soinuak eta ahotsak gaur erreproduzitzen dira erresonantzia kaxa handi batean. 
  • Trumoiak. Iker Maguregi getxotarraren euskarazko fikzioan bi anaia dira protagonistak. Petardoekin jolasean dabiltzala, jaberik ez duela dirudien autokarabana aurkitu eta barrualdea aztertuko dute. 
  • Ur azpian lore. Aitor Oñederra debarraren animaziozko filma da, gaztelaniaz eta txineraz. Animazio honetako pertsonaia nagusia bakarrik dago eta inori kontatu ezin dion sekretu bat dauka. 
  • Zerua blu.  Lur Olaizola donostiarraren sormenezko dokumentala da, euskaraz, frantsesez eta ingelesez egina. Hogeita bi urteko Mamaddik itsasontzi bat hartu zuen 1954an, Le Havretik New Yorkera. Baina bere bidaia lehenago hasi zen herriko zineman, pantailatik atera eta inoiz desagertzen ez diren irudiekin. 

Aukeraketarako batzordea honako hauek osatu dute: Vanesa Fernandez –ZINEBI, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko zuzendaria–, Ainhoa Fernandez de Arroyabe –Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea–, Víctor Lamadrid –Cantabria en Corto film labur sustapen-katalogoko arduraduna, Cantabria Film Commissioneko koordinatzailea eta Spain Film Commissioneko presidenteordea–, Alfonso López –Donostia Kulturako Zine Unitateko teknikaria eta Bang Bang Zinemako kidea– eta Ana Esperanza Redondo –Donostia Zinemaldiko Dokumentazio eta Film Departamentuko eta Hautespen Batzordeko kidea–.