Kimia Kamvari artistaren 'Alef' erakusketa jarri dute Donostiako San Telmo Museoan
Kutxa Fundazioak eta San Telmo museoak antolatutako Artea Abian erakusketa programa 2019an jarri zuten martxan eta geroztik Nagore Amenabarrok eta Oier Iruretagoienak aurkeztu dituzte euren lanak. Egitasmoaren helburua sorkuntza garaikideari protagonismoa ematea da, eta baita garapen fasean dauden artistei bultzada ematea ere. Oraingoan, Kimia Kamvari artistaren Alef erakusketa ikusi ahal izango da, otsailaren 5era bitarte, dohainik.
Kimia Kamvariren erakusketa bi zatitan egituratuta dago. Lehenengoan, hondoratze dolinetan oinarritutako argazki serie bat aurkezten da. Artista 2019an hasi zen Irango lautadan argazkiak ateratzen eta lurraren lehortasunak tamaina desberdineko zuloak eragiten dituen fenomeno geologiko honen 73 argazki biltzen ditu serieak. Bigarrena, berriz, zuhaitz baten inguruan egituratzen da, zumearen inguruan. Zuhaitz horren materialtasuna 80 kilo zume-egurreko egur-ikatzaren bidez ikus daiteke aretoan, eta haren irudikapena, berriz, hainbat marrazkitan.

'Alef' persiar, arabiar eta hebreerazko alfabetoaren lehen letra da, eta El Aleph Borgesen ipuin ezaguna ere bada. Letra gisa eta elementu narratibo gisa, Alefek hasiera sinbolizatzen du, "aukera amaigabeak biltzen dituen energia". Horretaz gain, Alef Azadi hitzaren lehen letra da, Irango azken asteetako protestetan entzuten den Zan, Zendegi, Azadi -Emakumea, Bizitza, Askastasuna- leloaren parte dena.
Naturaren eragina
Kimia Kamvari (Kolonia, 1986) Pinturan lizentziaduna da Teherango Arte eta Arkitektura Unibertsitatean, eta Ikerketa eta arte sorkuntza masterra egin du EHUn. 2006az geroztik, talde erakusketa askotan parte hartu du, eta azken urteotan baita bakarkako erakusketetan ere, Dastan Galleryn (Teheran) eta Cristina Enean (Donostia). Egoitzak egin ditu Tabakaleran (2017) eta Sormenaren Kabian (2018). Bere azken erakusketetan -Apeiron (Dastan Gallery, 2018), Nature Change (Cristina Enea Fundazioa, 2019) eta Event Horizon (Dastan Gallery, 2019)- naturak eta aldaketak zeresan handia dute. Artistak adierazi duenez, 2015etik Beasaingo Astigarreta auzoan bizitzeak ere izan du eragina bere lanean, kontzeptualki. Bere azken lanetan material organikoaren, instalazioaren, argazkigintzaren eta marrazkiaren erabilera nabarmentzen da.


