Kilometroak jaia, espazio eta denboran barreiatua
Batera, bagara, bat gara leloa du Beasaingo Andramendi, Lazkaoko San Benito eta Ordiziako Jakintza ikastolek antolatutako aurtengo Kilometroak jaiak. Pandemiak hala eraginda, egun bakarraz haragoa doan egitaraua prestatu dute, "ezberdina baina helburu berak dituena". Irailan eta urrian izango dira ekintzak, urriaren 3ko ekitaldietan ere edukiera mugatua izango delako. Hori dela eta, "bereziki goierritarrei" egin diete deia eta "guztiongan pentsatutako jaia" izango dela azaldu dute, eta "herriari eskainitako festa, gozatzekoa".
Hasteko, Kilometroak bidea erakusketa ibiltaria egingo dute, 1977tik gaur egunera arte egin diren ekitaldien bilakaera biltzen duena. Gaur arte izango da ikusgai Ordiziako Barrena jauregiko ezkaratzean, irailaren 20tik 24ra Beasaingo Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan eta irailaren 27tik urriaren 1era Lazkaoko Kultur Etxeko aretoan.
Bertso-kultura saioak ere izango dira, herri bakoitzeko dantzari, bertsolari eta musikariekin. Gaur, 19:00etan, San Benitoko jolastoki estalian arituko dira Iban Urdangarin, Maddi Aiestaran, Oihana Iguaran eta Sebastian Lizaso bertsolariak, Aizpea Garmendiaren gidaritzapean. Haiekin batera izango dira Lazkaoko Banda, Alaitz Telletxea eta Oin Arin dantza taldea. Irailaren 24an, 19:00etan, Beasaingo Usurbe Antzokian arituko dira bertsotan Aitor Sarriegi, Nerea Ibartzabal, Maialen Lujanbio eta Iker Zubeldia, Saroi Jauregiren esanetara. Muxutruk erromeria taldea, Itziar eta Erkuden Flores, Aitor Furundarena eta Aurtzaka dantza taldeak ere parte hartuko dute. Hirugarrena, eta azkena, Ordiziako Herri Antzokian izango da urriaren 1ean, ordu berean, eta honako hauek arituko dira ikuskizunean: German Urteaga, Onintza Enbeita, Andoni Egaña eta Ane Zuazubiskar bertsolariak; Igor Eguren aurkezlea; Xabier Crehuet, Aitor Furundarena eta Eneko Lacalle musikariak, eta Amets Bide dantza taldea. Saio hauetarako izen-ematea Kilometroak webgunean egin behar da.
Urriaren 1ean Mintzola-Kilometroak ikerketa bekaren aurkezpena izango da Ordizian, 18:30ean. Hurrengo egunean, Kilometroak egun nagusiaren bezperan, berriz, ikuskizun bana izango da herri bakoitzean. Ordizian euskal jokoak eta kirolak egingo dira, eta Ekhirock, 11:00etatik aurrera Barandiaran plazan eta pilotalekuan. Beasainen Haatik talde garaikidearen ikuskizuna izango da, 19:00etan, Urbialde plazan. Lazkaon Eneko Dorronsoro eta Fredi Pelaezen kontzertua izango da, 19:00etan, San Benitoko jolastokian. Azken bi ekitaldietarako sarrerak eskuratu beharko dira aurrez.
Urriaren 3a izango da Kilometroak jaiaren eguna eta bereziki haur eta gazteei bideratutako ekitaldiak egingo dira, Goierriko hiru herri horietan. Goizean hiru herriak lotzeko lekuko eramatea egingo da Lazkao-Beasain-Ordizia ibilbidea eginda. Ekitaldi nagusia Ordizian egingo dute Jakintza Ikastolaren San Inazio eskolan. Horretaz gain, Barrena parkean jolasak eta ikuskizunak izango dira Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailako ikasleentzat. Oiangu gainean, berriz, DBH-ko ikasleentzako jolasak eta ikuskizunak egingo dituzte. Beasainen ere jolasak izango dira Igartzan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailakoentzat. Lazkaoko San Benitoko jokastoki estalian LH-ko bosgarren eta seigarren mailakoentzat jolasak eta ikuskizunak izango dira. Edukiera mugatua izango da eta aldez aurretik eman beharko da izena ekintzetarako.