'Kikarakada'-ren uzta Greziara bidean

'Kikarakada'-ren uzta Greziara bidean 'Kikarakada' proiektuaren bidez lortutako 20.000 euroekin eskuratutako hezkuntza materiala Lesbosera bidean da eta egunotan banatuko dugu. Txokolatea eta bestelako elikagaiak ere jasoko dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kikarakada-ren-uzta-greziara-bidean/@@download/image/kikara ura.jpeg
2021/07/15

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

'Kikarakada' proiektuaren bidez lortutako 20.000 euroekin eskuratutako hezkuntza materiala Lesbosera bidean da eta egunotan banatuko dugu. Txokolatea eta bestelako elikagaiak ere jasoko dituzte.
'Kikarakada'-ren uzta Greziara bidean

2019ko ekainean eman genituen Kikarakada proiektuaren lehen urratsak. Diapositivisme Studioko Galder Izagirre, GAZTEZULOko Gaizka Izagirre eta Zaporeak proiektuko Oraitz Garciak Greziako Lesbos irlara bidaiatu zuten, Zaporeak-en eskutik, hango egoera bertatik bertara ezagutu eta haur errefuxiatuentzako txokolatada bat antolatzeko asmoz. 

Euskal Herrira itzulitakoan, egitasmoaren ingurukoak eragiten hasi ginen. Bi urteko ibilbide honetan euskal herritarren elkartasuna ikusgarria izan da. Elkartasun kikara eta liburuak erosiz edota diru ekarpenak eginez, herritarren laguntzaren bidez 20.000 euro biltzea lortu dugu. Diru horri esker, haur errefuxiatuen hezkuntzan lan egiten duten elkartasun proiektuak laguntzeko materiala eskuratu dugu, eta hori da hain zuzen Greziara bidean dagoena eta datozen egunotan hiru elkartasun proiektuetan banatuko dena: Stand by Me, Tolou eta Hope Project.

Hezkuntza materiala Erima S.L.-ren bitartez erosi dugu; gainera, proiektuarekin bat egin eta erositakoari hezkuntza material gehiago gehitu diote, batez ere ikasgelak hornitzeko aulki eta mahaiak. Musika eskoletarako materiala Txirula Musiken erosi dugu eta hauek ere, elkartasun keinu gisa, musika material gehiago erantsi diote eskatutakoari.

Txokolatada eta elikagaiak
Lehen bidai hartan egin bezala, txokolatada bat antolatuko dugu haur errefuxiatuen aurpegietan txokolatezko irribarreak margotzeko, hori baita Kikarakada proiektuaren lelo nagusia. Irungo Aguirre gozotegiari esker izango da, berak eman baitu txokolatadak prestatzeko txokolatea.

Hezkuntza materialaz gain, Zaporeak proiekturako elikagaiak bidaltzeko ere aprobetxatuko dugu bidaia, eta baita Mahi-Mahi by Askorarekin elkarlanean Euskal Herriko hainbat ikastetxetan bildutako elikagaiak bidaltzeko ere. Materialaren garraioa Argitrans enpresaren laguntzari esker egin da. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun eta Gizarte Politiketarako sailak, berriz, garraiorako dirulaguntza eman du.

Kikarakada proiektuko kide diren Galder Izagirre eta Iban Zubeldia dira egunotan Greziara bidaiatuko dutenak. Helburua, materiala emateaz gain, Kikarakadaren amaierako irudiak biltzea izango da. Lagundutako hiru proiektuak bertatik bertara ezagutu eta euren lana erakustea da asmoa. Horretaz gain, txokolatadak eta Lesboseko egungo errealitatea ere bilduko dira irudietan.