Keu, ganbarako zarata

Keu, ganbarako zarata https://www.gaztezulo.eus/albisteak/keu-ganbarako-zarata/@@download/image/31p10-1_1369219817.jpg
2003/06/06
elkarrizketa
Julen Azpitarte
Keu, ganbarako zarata
KEU-k bigarren diskoa plazaratu berri du, Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin: "Ganbaratik". Kantu luze eta instrumentalak grabatu ditu, hainbat estilo jorratuz: hip-hop-a, funk-a eta hard rocka, besteak beste. Ondarrutarrak bere etxeko ganbaran grabatu du diskoa, eta abestera ere ausartu da estreinakoz. Emaitza? Lan pertsonal eta iradokitzailea.

Pozik "Ganbaritik" diskoarekin?
Azken bi urteetan sortutako abestiak diskoan entzutea, Gaztelupeko jendea alboan izatea eta etxeko ganbaran grabatu ahal izatea nahikoa da pozik egoteko.

Zaila da abestiak konposatzea?

Niretzat erraza da. Horixe gustatzen zait gehien: tresnak martxan jarri, gitarra hartu eta aurrera.

Ez duzu kanpoko norbaiten iritzia behar?

Garrantzitsua da teknikoaren edota alboko jendearen iritzia; baina, oraingoan, bakarrik grabatzeko izugarrizko gogoa nuen.

Kantu luze eta instrumentalak landu dituzu, agian giro berezi bila. Nondik datorkizu inspirazioa?

Edozein momentutan dator inspirazioa. Nahikoa da bi akorde jotzea, ideia pila sortzeko.

Hala ere, musika asko entzuten duzula antzematen da.

Denetarik entzuten dut. Orain, autoan, Pearl Jam-en azken diskoa dut. Bestelakoak ere entzun ohi ditut: RUSH, Suzanne Vega, Hellacopters...

Ahotsak zure estilotik urrunen dauden bi kantutan sartu dituzu, "Tatotu" eta "Sokak" abestietan, hain zuzen...

Nire ohiko estiloan ahotsa ez da ondo geratzen, nagusiki musika instrumentala delako. Arima Beltza taldeko Jon Gurrutxagaren lagun mina naiz, eta beti pentsatu izan dugu rock kantu biribila egin behar genuela. Hortik dator "Sokak". "Tatotu"-n, neuk bakarrik abestea pentsatu nuen, baina, azkenean, Selektah-koekin abestu dut.

"Sokak" Jimmy Hendrix-en bertsioa da?

Ez da zehazki bertsioa, omenaldi txikia da.

Zuzenekoetan musika eta irudia lantzen dituzu. Zergatik?

Nire kantuek irudiak eta giroak iradoki ditzaketela uste dut. Ikuskizuna "Biharko" izeneko taldearekin elkarlanean landu dut.