Kerobia: “Harreman horizontalean sinesten dugu”

Kerobia: “Harreman horizontalean sinesten dugu” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kerobia-harreman-horizontalean-sinesten-dugu/@@download/image/85p53kerobia_1363306869.jpg
2008/05/02
elkarrizketa
Testua: Alberto Irazu
Kerobia: “Harreman horizontalean sinesten dugu”
Nolako istorio, doinu eta erritmoak ezkutatzen ote dira karriketako kontainerren barruan? Zer sor dezakezu edukiontzi zabar horiei begira jarrita? Galdera hauei erantzunez datozkigu Kerobia nafarrak eta Materia organikoa eta gainerakoak izeneko euren disko berria. Xabi Fernandez kantariarekin solastu gara.

Kerobia talde berezia da. Formula zaharrak astintzea eta ideia berriekin jolastea atsegin dute. Rose Escargot izeneko aurreko diskoarekin, nafarrek argi utzi zuten mutil trebeak direla abesti originalak konposatzen, eta orain, muturreraino eraman dute originaltasun hori.

Materia organikoa eta gainerakoak izena du Kerobiaren lan berriak. Taldeak autoekoitziako disko hau doan jaitsi ahal izango da www.kerobia.com web orrialdean, eta dendetan ere eskuragarri egongo da. Kontainerrei buruzko trilogia baten lehen alea da diskoa. 2009ko otsailean eta urrian helduko zaizkigu trilogiaren hurrengo fruituak.

Nola bururatu zitzaizuen trilogiaren kontzeptua? Zineman maiz egiten dira horrelakoak, baina ez, ordea, musika munduan…

Beti gustatu izan zaigu lan bakoitzari ikuspuntu bat ematea, eta lan hori era ezberdinetan gauzatzea eta helaraztea. Ez genion molde zehatz bati heldu nahi gauzak planteatzeko unean, beraz, zergatik ez planteatu lan bat, bere osotasunean, denborak markatzen dituen aldaketei tartea utziz? Mugimendua, aldaketa, mezuen eboluzioa, musikaren joan etorria, gustuen aldaketa.. Tirada batean egiten den lan luze batek ez dio tarterik uzten planteamendu horri. Trilogia formula egokia izan daiteke performancearen antzeko zerbait egiteko.

Konposatuta al dituzue datozen bi diskoetako kantuak, edo orain ari zarete horiek sortzen?

Lehen disko honetako kantuak daude landuta eta grabatuta. Tira, beste kantu batzuk ere prestatzen ari naiz, baina nire buruari pixka bat gehiago eutsi nahi diot, inertzietan ez jausteko. Garrantzitsua da gutako bakoitzak burua libre eta aurreiritzirik gabe izatea, lan berriari ekiteko orduan.

Arte munduan krisialdi garaiak omen dira une emankorrenak. Gaur egun, biniloen alde egiten ari dira musika talde asko, baina zuek, aldiz, interneten diskoa jaistearen alde egin duzue. Norantz doa musika mundua?

Ez dut uste inork oso argi duenik. Dena den, baliteke artista eta entzulearen arteko interakzioan oinarritzea datorren hori. Hau da, artista eta entzulearen arteko harremana horizontala izatea. Hori da guk jarraituko dugun ildoa.

Zuen webgunetik dohain jaitsi daitezke abestiak, baina hala ere,nahi duenak dirua eman dezake taldea laguntzeko. Lehen euskal taldeetako bat zarete horrelako proposamena egiten. Nolako erantzuna espero duzue?

Galdera egokiagoa litzateke, zer nolako aurreikuspenekin egin dugun hau guztia, esperotako erantzuna horren arabera izango baita. Argi esango dut, musika mundua une txarrean harrapatu dugu, baina, hala ere, bere garaian diru pittin bat aurreztea lortu genuen. Inguruak ez zigun irtenbiderik ematen gure nahi artistikoetarako, trilogia egiteko, alegia. Beraz, lana guk geuk egitea erabaki genuen, bitartekaririk gabe, bitartekariak baitira gure eragozpen handiena.

Gauza guztiengatik ordaintzen den gizarte honetan, musikak zergatik izan behar du doan?

Musikari eta artista guztiei errespetu osoa zor zaie bere lanarengatik, eta goitik behera aldatu behar dira lan hori bizibide izatea oztopatzen duten kultur eragozpenak. Horretarako, jende soilaren aurreiritzietatik hasi behar da. Artisten munduari, norberaren barrutik zerbait eskaintzeko gauza den mundu horri, hitz politak baino zerbait gehiago eskaini behar zaio: administrazioari diru sarrerak eta berdintasunerako neurriak exijitu behar zaizkio. Baina, bestalde, hor dago artistaren mezuaren hedapenaren afera, eta are garrantzitsuagoa dena, gizabanako guztiek duten eskubidea kultura jaso eta zabaltzeko. Mezuak ezin du bitartekari pribatu, mezulari partzial eta bide interesatuen menpe egon: artistak eta hartzailegoak maila berean egon behar dute.

Musikari dagokionez, zein alde dago disko berri hau eta Kerobiaren orain arteko beste bi diskoen artean?

Disko hau garratzagoa da, azkarragoa, eta agian, naturalagoa. Armoniei bere momentua utziz, mezu musikal sintetikoagoa egiten saiatu gara. Lan honetan ere ahotsa da gidari, baina ahotsari hankaren erritmoaz jarraitzen zaio, agresibitate puntu batekin: mezuak jaio eta hil egiten dira, eta berriro aurrera egitea da kontua.

Garrantzi handia ematen diozue abestietan istorioak kontatzeari, ezta?

Zalantzarik gabe. Kantu batek esaten duenak berebiziko garrantzia du kantua bera kantu bihurtzeko. Asko zaintzen dugu hori. Garrantzitsua da lanak zentzu bat izatea eta dena konexio batean garatzea. Oraingoan, begirada bat bota nahi izan diogu kontainer baten barruan dagoenari.  Gutako bakoitza galbahe baten gisa portatzen gara, bizitzako momentu batzuk hartuz eta beste batzuk pasatzen utziz, oroitzapenak ahaztuz eta berriekin ordezkatuz. Hara zer gertatzen den, adibidez, disko, liburu edo arropa zaharrekin, edo yogurtaren ontzekin, zein erraz botatzen ditugun zaborretara lehen asko maite maite genituenean.

SGAEren kide izateari utzi diozue, eta elkarte horren funtzionamendua kritikatu duzue komunikatu batean. Zertan ez zaudete ados SGAErekin?

SGAE erakunde pribatu bat da, eta harrigarria izan arren, artistari bere lanaren esplotazioagatik zor zaion dirua kudeatzen duen erakunde bakarra da. Funtzio hori ezin du horrelako erakunde batek bere gain hartu.  Azken batean, diskoa argitaratzeko, guk geuk ez genuen beste irtenbiderik beraiekin lan egitea baino —haiek etekina ateraz, noski!—. SGAE erakundean sartzeko ez dago arazo handirik, baina ateratzeko, aldiz, harat eta honat ibili behar izan dugu. Disko fabrika askok ere ez dute SGAEren partaide ez den inoren lanik onartzen. Horrelako gauzak ikusita, mafia moduko zerbaiten tankera hartzen diogu SGAEri. Azkenean, berez zor zaigun diru horri uko egin behar izan diogu, gauzak modu sano batean egin ahal izateko. Espero dut gauzak aldatzen joatea, baina bitartean guk geure bideari jarraituko diogu.

Bloga indartuko duzue zuen webgunean. Orain arte, nolako komunikazioa izan duzue jarraitzaileekin internet bitartez?

Harreman horizontalean sinesten dugu, baina ez gaitzala honek gaizki ulertu batera eraman. Gu ez gara eguneko 24 ordutan jakinmina duten horien zain egongo. Besterik gabe, sortzen den harremana ahalik eta sanoena eta aberasgarriena izan dadin lan egingo dugu.

Kontainerren ideia. Nola sortu zitzaizuen?

Trilogiaren ideia planteatu genuenean, oraindik ez nuen garbi kontzeptua nola landu, zein gaiari heldu. Horregatik, kontainerren formulan pentsatu nuen, beste bi ideiak -trilogia eta kontzeptua-, biltzeko gauza zelako. Dena den, triangelu horrek lan asko eman digu, azkenik guztia ondo lotuta izan arte. Erantzun koerente bat lortu arte, hiru erpinez osatutako triangelu bateko bukle batean egon ginen.