Kepa Junkerari buruzko 'Berpiztu' seriea estreinatu dute Primeran plataforman
Kepa Junkera musikariak iktusa izan zuen duela bost urte, eta musikariaren ikuspegi intimoa eta pertsonala erakusten duen Berpiztu seriea estreinatu du gaur Primeran plataformak. Lau atalez osatutako ikus-entzunezkoa da eta musikariak "bizitzen eta sortzen jarraitzen duela" erakusten du. Junkeraren "sormena, talentua eta musika bera" omentzen du serieak.
Trikitixa lehiaketetako lehen emanaldiekin hasiko da ikus-entzunezkoa, eta bigarren atalean, Kepa Junkeraren ibilbide luzea errepasatzeaz gain, iktusaren ondorengo errekuperazio-prozesua nolakoa den erakutsiko du. Hirugarren atalean, musikariaren irudia deskribatuko dute bere ibilbide luzean bidelagun izan dituen pertsonek. Azkenik, Junkeraren egunerokoa erakutsiko dute, Oliene baserrian, eta ingurukoek iktusa nola jasan zuten kontatuko dute.
Ikus-entzunezkoa hemen ikus daiteke.

