Ken Zazpi: proposamen akustikoena

Ken Zazpi: proposamen akustikoena https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ken-zazpi-proposamen-akustikoena/@@download/image/52p10-1.jpg
2005/05/06
erreportajea
Ken Zazpi: proposamen akustikoena
Berrikuntza asko dakartza Ken Zazpi taldearen "Gelditu denbora" disko berriak. Formatu akustikoan eta zuzenean grabatutako lan honetan, abesti zaharrak eta berriak tartekatu dituzte. 

Zalantzarik gabe, Ken Zazpi da gaur egungo euskal talde arrakastatsuenetako bat. Lehen bi diskoekin, bizkaitar hauek marka guztiak hautsi zituzten, eta haien kanta batzuk, "Ilargia" esaterako, ia klasikoa bihurtu da azken hamarkadetako euskal musikan.

Orain, azken urteotako arrakastak sortutako zurrunbiloaren erdian, ideia berriak loratu dira taldearen barruan. "Lau urte eman ditugu herririk herri. Eta gogoa jarri zitzaigun denbora geuk markatzeko, eta apurtxo bat arnasa hartzeko bestelako proiektu baten bitartez: hain zuzen, ilusio berri hori sortzea eta diskoa era akustikoan grabatzea erabaki genuen", diosku Eñautek, taldeko kantariak.

"Gelditu denbora" diskoa parentesi moduko bat izango da taldearen ibilbidearen barruan. "Gainera zuzeneko formatuan egin dugu", diosku Eñautek, "eta abesti zaharrak eta berriak tartekatu ditugu. Akustiko baterako aproposak diren kantak aukeratu ditugu, eta zentzu horretan, emari handia izan dugunez, abesti asko sartu barik geratu dira. Kanta berriak nahiko gogorrak dira, hain zuzen, diskoko abesti gogorrenak berriak dira. Azken lau urteotako esperientzia islatzen da diskoan", dio Eñautek.

Zein da formula?

Gogoan itsatsita geratzen diren kantak egiten dituzte Ken Zazpi-koek. Alde horretatik, badakite entzulegoarekin konektatzen. Zein da, ordea, arrakasta horretarako formula? "Abestiak egiterakoan, guk ez dugu horrelako helbururik planteatzen, gustatzen zaiguna egiten dugu, besterik gabe. Lehen diskoa egin genuenean, jende askok esan zigun abesti batzuk oso potenteak zirela, irratirako eta. Taldeak baino, jendeak jartzen ditu abesti horiek hor goian".