Keira Knightley: Liluraren irudia

Keira Knightley: Liluraren irudia https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Keira Knightley: Liluraren irudia

Aktore aski ezaguna du aita. Ama, antzerkigilea den arren, aktore ere izana da. Interpretazioa odolean darama Keira Knightley erakargarriak, zinez. Hala, zinemaren bidea hartu zuen oso gazte zelarik. Dislexia gaindi zezan bultzatu zuten neskatoa interpretazioaren mundura gurasoek. Interpretazioa, baina, bokazioa izan da beti Keira Knightley gaztearentzat. Oinez ibiltzen ikasi zuen sasoitik aktore bihurtzearekin egin izan du-eta amets.
Hasieran, telebistan lan egin zuen, bereziki. "Royal Celebration" telesailean eman zituen, hain juxtu, lehen urratsak. Zineman ere aritu zen. Baina ezer gutxi egin zuen. Ezustean, nerabea besterik ez zela, "Star Wars: Episode I –The Phantom Menace" arrakastatsuan rol txiki bat eskaini zion George Lucas zinemagileak. Bertan, oharkabe igaro zen, ordea. Hortaz, telebistaren esparrura itzuli zen, eta "Oliver Twist" telesailean parte hartu zuen. Handik gutxira, Peter Hewitt zinemagilearen "Princess of Thieves" telefilm txukunean egin zuen lan. Keirarekin liluratutik, rol esanguratsu bat eman zion iaz neskatilari Hewittek "Thunderpants" filmean.
"The Hole" eta "Thunderpants" erdipurdikoetan egindako lanak zinemagileen arreta bereganatu zuen berehala. Famatu egin duen filma, baina, Gurinder Chadha zinemagilearen "Bend it Like Beckham" komedia atsegina da. Aipatu film independente britainiar horrek arrakasta ikaragarria erdietsi du munduan barna eta zinema izar bilakatu du Keira Knightley. Aktore britainiarra, ostera, ez da zeluloidezko ortzian gau bakar batean dirdira egiten duen izar iheskor gazte horietakoa. Inola ere ez. Talentu handiko aktorea da, benetan.
"Pirates of the Caribbean: The Curse of the Black Pearl" eta "Love Actually" film ezagunetan parte hartu du aurten Keira Knightley finak. Lehenak Hollywoodeko ateak zabaldu dizkio. Bigarrenak aurpegi polit bat baino askoz gehiago dela erakusteko aukera eman dio. Azkenaldian, zinema eskaintzak bata bestearen atzean metatzen ari zaizkio Keirari. Duela ez asko, adibidez, Antoine Fuqua zinemagilearen "King Arthur" filmean Guinevere printzetsaren rola bete du. Aurki, bestalde, John Madden entzutetsuaren "Tulip Fever" iradokitzailea errodatzen hasiko da. Izar berri bat jaio da. Irri kutsakorreko neska urrun iritsiko baita. Ez izan dudarik.

Nortasun Agiria
Izena: Keira Knightley
Jaioteguna: 1985- III-26
Jaiolekua: Teddington / Middlesex (Erresuma Batua)
Mutil laguna: Ez du
Lagunik onenak: Betikoak, Londresko koadrila.
Zaletasunak: Dantza, musika, zinema…
Film bat: "The Lion in Winter" (Anthony Harvey)
Bizio bat: Bizioak, sekretuak bezala, aitorrezinak dira
Bertute bat: Errealista izatea
Miresten ditu: Katharine Hepburn eta Vivien Leigh
Pertsonaia historiko bat: Akitaniako Leonor
Aktorerik sexyena: Gael Garcia Bernal mexikarra