'Kazetaritza, bertatik bertara' jardunaldiak antolatu dituzte Gasteizen

'Kazetaritza, bertatik bertara' jardunaldiak antolatu dituzte Gasteizen Nazioarteko gatazkak izango dituzte ardatz edizio honetan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kazetaritza-bertatik-bertara-jardunaldiak-antolatu-dituzte-gasteizen/@@download/image/albiste kazetaritza.png
2022/08/01

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Nazioarteko gatazkak izango dituzte ardatz edizio honetan.
'Kazetaritza, bertatik bertara' jardunaldiak antolatu dituzte Gasteizen

Bi urteko etenaldiaren ondoren, bueltan dira Kazetaritza, bertatik bertara jardunaldiak. Abuztuaren 29tik irailaren 2ra izango da jardunaldien VIII. edizioa eta ibilbide profesional luzea duten hainbat kazetariren eta fotokazetariren esperientzietan eta ikerketa-lanetan oinarrituko da. 

Gainera, azken hilabeteetan nazioarteko arreta beraganatu duten gatazketan jarriko dute begirada, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerran, krisi klimatikoan, prentsa-askatasunean edota Afrikako errealitatean, besteak beste. 

Hitzaldiak eta mahai-inguruak izango dira, eta esperientziadun kazetariek parte hartuko dute: batetik, gatazka eremuetan lan egiten duten berriemaileak eta fotokazetariak; eta, bestetik, nazioarteko eta Espainiako Estatuko hedabideetako korrespontsalak. Horien artean izango dira Mikel Reparaz, Xabier Aldekoa, Maria Garcia de la Fuente, Carmen Claudin, Manu Brabo, eta Ana Fuentes.

Hemen kontsulta daitezke jardunaldien inguruko xehetasunak. 

Bestelako jarduerak
Egun bakoitzaren amaieran, egun horretan landutako edukiekin lotutako filmen ziklo bat egingo dute, gauez. Emanaldi horiek Florida zinemetan egingo dituzte, eta sarrerak hiru euro balioko du. Berritasun gisa, irailaren 2an, 21:30ean, The Post pelikula eskainiko dute Aihotz Plazan, aire zabalean. Steven Spielbergek zuzendutako filma da, eta Meryl Streep eta Tom Hanks dira protagonistak.

Aragoiko Manu Brabo fotokazetariaren Black butterflies argazki-erakusketa ere izango da ikusgai abuztuaren 12tik irailaren 4ra, Gasteiz Hiribidean, Europa Biltzar Jauregiaren ondoan. Kalean bertan jarriko dituzte argazkiak eta Ukrainako egoera bistaratzea izango dute helburu.