Kauta, biluzik

Kauta, biluzik https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2006/12/01
elkarrizketa
Gaztezulo
Laukotea ziren, baina, gaur egun, hirukotea dira. "Biluzik", izeneko bigarren diskoa aurkeztu nahi digute: streap-tease saiorako prest?

Bilakaera handia antzematen da lehen diskotik hona, zer aldatu da, taldeak halako jauzia emateko?
Taldea hirukote gisa gelditzeak eragin handia izan du horretan. Bestalde, urtebeteko geldialdia egin genuen disko hau prestatzeko, eta musika asko entzun dugunez, estilo berriak ezagutu ditugu. Horrek gauza berriak egitera bultzatu gaitu.  

Zer dela eta pasatu zarete laukote izatetik hirukotera? Hirukote gisa, nola moldatzen zarete zuzenekoetan?

Joan den urtean, taldearen erritmoa oso handia izan zen, bai kontzertuen aldetik, bai entseguen aldetik ere. Horrek eragin handia izan zuen Xabierrek taldea uzteko hartu zuen erabakian. Hirukote gisa egindako lehenengo kontzertuetan, sentsazioak nahiko onak izan dira. Disko berri ho-netako kantuak, hirukote bezala jotzeko eginak daude, eta horrek asko lagundu digu kontzertuak aurrera ateratzeko garaian.  

Zergatik "Biluzik" hori diskoaren izenbururako?

Beharbada, disko hau pertsonalagoa delako. Lehen diskoak oso harrera ona izan zuen jendearen aldetik, eta bigarren disko honetan, ez genuen nahi harrera on horrek gu baldintzatzerik. Ondorioz, lokalean sartzeko, eta sentimenduak eta doinuak biluzteko beharra sentitu genuen, presioa alde batera utziz.  

Disko honetako Kauta hau, garai batekoa baino bortitzagoa al da?

Disko hau helduagoa da (gu ere, taldekideok, halaxe gara, kar kar kar…). Hala ere, denbora gehiago izan dugu diskoa prestatzeko, beraz, ba-liteke emaitza bortitzagoa izatea. Dena den, badakigu kritikak beti hor egongo direla, eta pertsona bakoitzak bere iritzia duela.

“Suzko gauak" kantuaren hitza Asier Serranok idatzia du. Nola sortu da zuen arteko harremana?

Gorkaren bidez, Asierrekin kontaktuan jartzeko aukera genuen, eta guri ilusioa egiten zigun berak kantu bat idazteak. Kontua proposatu genion, eta ez zuen inongo arazorik jarri.

Eta Joseba Sarrionandiaren hitzak? Euskal musikan, bera da idazle musikatuenetako bat...

Aspalditik genuen asmoa, bere olerki bat musikatzeko; izan ere, betidanik gustatu zaigu Sarrionandiaren idazteko modua. Bestalde, gogoa genuen, olerki bat oinarritzat hartu, eta doinua horren gainean sortzeko; izan ere, normalean, ez dugu sistema hori erabiltzen kantuak konposatzerakoan. Esperientzia polita izan da.