KATUETXE: Kontzientziak piztuz

KATUETXE: Kontzientziak piztuz Ez dezagun ahaztu, animaliak gara. Hori ahaztean azaldu ohi dira gizakiaren alderik basati eta zitalenak. Balio beza atal honek gure animalia izaera goraipatu eta beharrean dauden beste animalien berri emateko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/katuetxe-kontzientziak-piztuz/@@download/image/2895e91b-b400-47e1-88aa-d5eb56b6c1b5.jpeg
2019/11/08
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Ez dezagun ahaztu, animaliak gara. Hori ahaztean azaldu ohi dira gizakiaren alderik basati eta zitalenak. Balio beza atal honek gure animalia izaera goraipatu eta beharrean dauden beste animalien berri emateko.
KATUETXE: Kontzientziak piztuz

Hernaniko katuen zaintzaz arduratzen dira Katuetxe elkartea. Bi dira elkarte honek burutzen dituen ekintza nagusiak; alde batetik, kaleko katu koloniak zaintzeaz arduratzen dira, animaliak elikatuz eta antzutuz, biztanle kopurua kontroplean izateko, eta bestetik, adopzioak bideratuz. Katuek ahalik eta bizitza zoriontsuena izan dezaten gogor lan egiten du bolondres talde honek; maiatzean hasi ziren jardun honekin, eta ordutik lortutakoak kontatu dizkigu Dorleta Garcia elkarteko kideak.

Noiz sortu ze Katuetxe eta zergatik?

Hernanin, hiri gehienetan bezala, katu koloniak bizi dira, baina beti ez dira modu egokian kontrolatu eta kudeatzen. Kudeaketa zuzen bat egiten ez bada, kolonia horiek kontrolik gabe hazi daitezke. Horregatik, Hernanin elkartzeko iniziatiba hartu zuten lagun batzuek, eta pixkanaka, Katuetxe jaio zen aurtengo maiatzan. Guztira 30 bolondres gabiltza Hernaniko katu koloniekin lanean; koloniak elikatu, katuak albaitarira eraman eta antzutu, kumeak hezi eta adopzioak kudeatzen ditugu. Oraingoz, dena bolondres moduan egiten dugu, eta ahal dugun hobekien antolatzen gara. 

Zein dira zuen helburuak?

Helburu nagusia Hernaniko kolonia kudeatzea da, bertako kideak elikatu, zaindu eta albaitarian antzutzea, biztanleria kontrolatzeko. Azken pauso hau oso garrantzitsua da, eta adopzioetan ere ezinbesteko ezaugarri bezala jartzen dugu antzutzearena; kontuan izan katu eme batek urtero 8 katakume izan ditzakeela, eta oso zaila dela kolonietako katu guztiak kontrolatzea; horregatik, ezinbestekoa da jasotzen ditugun katu bakoitza antzutzea. Kaleko katuekin konfiantza lantzen dugu, elikatuz eta pixkanaka hurbilduz. Behin eroso daudela, hartu, albaitarira eraman, kontrolak pasa, antzutu eta elkartera eramaten ditugu, atsedenaldirako. Errekuperatzen direnean, kolonietara bueltatzen ditugu.

Ez dira adopziora bideratzen?

Denak ez. Bi katu mota daudela esan genezake; batzuk ondo sozializatzen dira eta etxeetan bizitzera moldatzen dira, baina beste batzuk ez dira gai aldaketa horretara egokitzeko. Katu helduekin gertatzen da gehien; horien kasuan, albaitaritik errekuperatzen direnean kolonietara bueltatzen ditugu, eta haiek elikatzen eta kontrolatzen jarraitzen dugu.

Nola funtzionatzen duzue lana bideratzeko orduan?

Oraingoz, bakoitzak posible duenean egiten du lan. Bolondres taldea garenez, ez dugu ordutegi finkorik, beharren arabera egiten dugu aurrera. Hala, abisu bat jasotzen dugunean segituan zabaltzen dugu gure artea, libre dagoenak harrapaketan lagundu dezan. Ez da batere erraza katuak harrapatzea, eta noizbehinka egoera zailekin egiten dugu topo, zakarrontzira boltsa batean botatako katakumeak kasu.

 

Erakundeen laguntzarik izaten al duzue?

Oraingoz ez, autofinantzaketa bidez egiten dugu aurrera. Uste dugu udaletxeak ardura duela herriko katu kolonien kontrolean, eta horregatik, laguntzak eskatzeko prozesua hasi nahi dugu. Azkenean, katu hauek ez dira gureak, herrian bizi dira, eta guztion ardura dira. Bitartean, Crowdfunding kanpaina jartzekotan gaude, eta laguntzak eta donatiboak eman daitezke honako helbidean.

Zenbat kasu izaten dituzue urtean?

Maiatzetik hona 16 kolonia kudeatzen ditugu, 90 katu inguru. Horrez gain, momentuz 30 bat katuren adopzioa kudeatu dugu. Oraintxe bertan bost adopzio kasu ditugu; adopzioak bideratzerakoan, saiatzen gara familiei adierazten zeintzuk diren katuen beharrak, lan dibulgatiboa egiten saiatzen gara. Behin adopzioa bideratuta, ezinbestekoa da katua antzutzea eta kontratua sinatzea. Eta noski, animalia zaintzeko konpromisoa hartzea.

Zer egin behar du adoptatzeko interesa duen norbaitek?

Gurekin kontaktuan jarri daitezke gure sare sozialetan ala webgunean, eta baita emailez (katuetxehernani@gmail.com) ere. Orain adopzioan ditugun katuak ikusi daitezke jarraian. 

Zein erronka dituzue etorkizunari begira?

Gure erronka nagusia etorkizunean kalean katurik ez egotea da, izan ere, bizitza zaila eta motzagoa izaten dute kaleko katuek. Dena den, katu horiek kalean egon badaude, eta behin han egonda, herri osoaren erantzukizua dira, hau da, udaletxeak kudeatu beharko lituzke. Hala eta guztiz ere, behin kalean daudela, gure kargu hartzen ditugu eta elikatu, zaindu eta CER metodoa lantzen dugu (hartzea, antzutzea eta itzultzea), koloniak ez ugaltzeko. Kalean egoteak ere guretzat baditu abantailak, plaga desberdinak (arratoiak, zomorroak) ekiditen baitituzte.

Bestalde, adopzioak kudeatu eta jendea katuen egoeraz eta dituzte beharrez konzientziatu nahi dugu. 

 

KATU HELDUAK ADOPTATZEAREN ABANTAILA HARRIGARRIAK

Inoiz pentsatu duzu katu bat adoptatzea? Eta katu senior bat? Zergatik ez? Abantaila harrigarriak dituzte katu helduek; ez dute hainbesteko denbora behar hezitzeko, jada helduak baitira, eta badakite haien komuna erabiltzen. Baita, orokorrean ez dira hain bihurriak, eta, azkenekoz, abantaila nagusia da haien izaera aurrez ezagutu dezakegula. Katakume bat adoptatzean, ez dakizu ziur nolakoak izango diren helduak direnean, denbora guztian jolasten egongo diren, oso maitakorrak izango diren, edo oso beldurtiak izango diren. Katu helduek haien izaera erakusten dute hasiera hasieratik, eta horren arabera guretzako katu egokiena aukeratu dezakegu. kontutan izan!

 

 

Kaixo! Mimi naiz eta zurekin bizitzeko irrikaz nago!

Hernanin bizi nintzen, eta bizkarrean konkor handi bat nuela ikusi zuen gure bolondres batek. Saiatu ziren ni harrapatzen baina ezinezkoa izan zen. Egun batzuk geroago, konkorra zauritua nuela ikusi zuten. Horrela ezin ninduten kalean utzi, infektatu egingo zitzaidan-eta; beraz, laguntza eta pazientzia pixka batekin lortu zuten ni harrapatzea. Albaitarira eraman ninduten, operatzeko, eta, bide batez, baita esterilizatzeko ere. Eta errekuperatzeko elkartera eraman nindutenean, ikusi zuten oso oso maitekorra nintzela! Hala izanda, ezin ninduten kalean berriz utzi, eta oraintxe bertan harrera etxe batean nago nire betiko etxe izango denaren zain. Zure zain! Harrera etxekoek diote oso katu lasaia naizela, denbora guztian mimoak besterik ez ditudala nahi. Eta egia da! Ni maitatzeko prest zaude?