Katixa Agirre eta Maite Larbururen ikuskizuna gaur Iruñean

Katixa Agirre idazlearen eta Maite Larburu musikariaren Kax-kax-kax literatura eta musika emanaldia izango da gaur Kondestablearen jauregian, 19:30ean. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Ateneoak antolatu du eta doakoa izango da.
Kax-kax-kax! onomatopeiaren bidez, bizitza ireki eta ixten diren atez osatuta dagoela azpimarratzen du emanaldiak, ate horietatik sartu ala ez. "Zer da bizitza ba? Ateen segida. Batzuk zabaltzen dira, beste batzuk ez, zabaldu arren batzuetan, atalasean geratzen gara, ezin ausartuta", azaldu dute ikuskizunaren inguruan. Katixa Agirre eta Maite Larburu ateen bueltan ibiliko dira, kontu eta kantu.
Emanaldi honek inauguratuko du Nafarroako Ateneoaren euskarazko programazioaren denboraldi berria eta beste hitzordu batzuk ere izango dira datozen hilabeteetan. Jon Basagurenek eta Iñigo Astizek, euren azken disko eta liburuetako abesti eta poemak eskaintzeaz gain, sormenari eta oraina harrapatzeko moduei buruzko hainbat hausnarketa tartekatuko dituzte azaroaren 18an. Abenduaren 16an, berriz, Leire Alonsoren zango-biolaren soinua eta Iosune de Goñi poetaren ahotsa bateratuko dira agertokian.