Katherine Heigl: Komedia amerikarraren erregina berria

Katherine Heigl: Komedia amerikarraren erregina berria https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Katherine Heigl: Komedia amerikarraren erregina berria
Telesailen urrezko garaiotan, ekoiztetxe handiek inoiz baino gehiago dituzte euren begiak telebistaren itsaso zabalean jarririk, perlarik disdiratsuenak beren sareetan noiz harrapatuko zain. Piezarik ederrena lehorreratu dute jada: Katherine Heigl. Hamalau urterekin That Night (1992) filmean estreinatu zenetik, hainbat filmetan parte hartu du Katiek, baina pantaila txikian egindako lanak eraman du egun dagoen lekura. Lehen arrakasta Roswell zientzia-fikziozko telesailean lortu zuen, gizakiz mozorrotutako extralurtarraren azalean. Baina Hollywoodeko aktorerik kotizatuenetakoa izatera eraman duena Grey's Anatomy arrakastatsua izan da. Ez dakigu Seattle Grace ospitalean gaixoak sendatzen dituzten ala ez, baina maitasuna aurkitzeko leku hoberik ez dagoela argi geratu zaigu. Eta Izzie Stevens medikuak maitale, ezkongai zein senar kontuetan Meredith Grey bera ere itzalean utzi du.
Hala, amerikar telebistako pertsonaiarik maitatuenetakoa izaki, zine izar izateko garaia iritsita, ezin izan du bidaialagun hoberik aurkitu: New American Comedy delakoaren guruaren esanetara, Judd Apatowren esanetara alegia, Seth Rogenekin batera azkenaldiko bikote komikorik bikainena osatu  zuen Knocked Up (2007) film mugarrian. Lehen froga gaindituta, ohiko komedia erromantikoetan Jennifer Anistonen lekukoa hartu duela dirudi. Horren adibide dira, alde batetik, 27 Dresses (2008) eta The Ugly Truth (2009). Eta bestetik, Askmenen eta Forbesen zerrendak. Lehenengoaren arabera, munduko emakumerik desiratuena izan zen Heigl 2008an. Bigarrenak dioenez, 2009an Tyra Banks modelo eta aurkezleak bakarrik irabazi zuen berak baino diru gehiago entretenimenduaren industrian.
Ilehoriaren jarraitzaile andanarentzat dena ez da berri ona, ordea; duela hilabete jakitera eman baitu Grey's Anatomy uztera doala. Lasai egon daitezke, hala ere, komedia amerikarraren erregina berria zineman ikusteko aukera asko izango baita etorkizun laburrean. Gurean, udan estreinatuko du  Killers, Ashton Kutcherren alboan, eta Gabon partean Life As We Know It.
Nortasun Agiria:
Izena: Katherine Marie Heigl
Jaioteguna: 1978-11-24
Jaiolekua: Washington DC (Estatu Batuak)
Ezizena: Katie
Senarra: Josh Kelley abeslaria
Filma:  The 40 Year Old Virgin (Judd Apatow)
Aktorea: Julia Roberts
Kantua: Falling in Love With You (Josh Kelley)
Kirol estimatuena: Hockeya
Janaria: Gurinez prestatutako noodleak
Maite du: Txakurrak
Gorroto du: Bareak