Katapulta Tour Gipuzkoa musika eta arte eszenikoen programarako deialdia egin dute
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxa Fundazioak Katapulta Tour Gipuzkoa deialdia egin dute, Gipuzkoan 2023an musika eta formatu txikiko arte eszenikoen proiektuei laguntzeko programan parte hartuko duten artistak aukeratzeko asmoz. Gainera, zortzigarren edizio honetan berrikuntzak izango dira, zirkuitua programa bihurtuko baita, eta, beraz, kontzertuez gain, prestakuntza programa eta entsegu espazioak ere izango dira, profesionalizaziorako bidean are gehiago laguntzeko. Gainera, Kutxa Fundazioaren Kluba aretoa espazio eszeniko gisa txertatzen da.
Deialdiak hiru helburu nagusi ditu: musikaren eta arte eszenikoen esparruan Gipuzkoako talentuak balioestea eta bultzatzea, bereziki gazteena; Gipuzkoako eszena dinamizatzen laguntzea, klubak eta antolatzaileak babestuz; eta prestakuntzaren eta saiakuntzaren aldeko apustua egitea, profesionalizazio handiagoa lortzeko.
Deialdia musikaren eta arte eszenikoen eremuetan karrera modu profesionalean garatzeko interesa duten artista profesional emergenteei edo erdi profesionalei zuzenduta dago, eta musika proposamenak (Pop, Rock, Folk, Electronika, Hip-Hop eta antzeko estiloak) eta formatu txikiko arte eszenikoen proposamenak (mikroantzerkia, bakarrizketak, performancea eta magia) onartuko dira.
Hautatuko diren proiektuei honako hauek eskainiko zaizkie: lau emanaldi Gipuzkoako hainbat espaziotan edo jaialdietan, horietako bat Kutxa Fundazioaren Kluba aretoan; 400 euroko konpentsazio ekonomikoa emanaldi bakoitzeko; artistaren edo proiektuaren promozio bideo bat grabatzea; eta komunikazioari eta sustapenari, eszenografiari, produkzioari, ekonomiari eta fiskalitateari buruzko prestakuntza programa bat. Gainera, Kutxa Fundazioak Tabakaleran dituen instalazioetan entsegu espazio partekatuak doan erabili ahalko dira.
Aurkeztutako proposamenen artean hamar proiektu aukeratuko dituzte, honako irizpide hauen arabera: lehentasuna emango zaie Gipuzkoan erroldatutako artistei eta 30 urtetik beherakoei; proposamenen kalitatea eta parte hartzen duten artisten ibilbidea eta proiekzioa; hizkuntza eskaintzan oreka ezartzeko ahalegina egingo da, eta baita parte-hartzaileen generoan ere.
Proposamenak urtarrilaren 9ra arte aurkez daitezke, webgunearen bidez.
Oinarriak hemen kontsulta daitezke.


