Katamalo berriro ere eszenatoki gainean

Katamalo berriro ere eszenatoki gainean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/katamalo-berriro-ere-eszenatoki-gainean/@@download/image/20119237615katamalo.jpg
2012/12/13
berria
Katamalo berriro ere eszenatoki gainean
Gorka Urbizu eta Gotzon Barandiaran idazleak sorturiko proiektuak, hiru urteko geldialdiaren ondoren, musika eta poesiaren mugetan sortzeari ekingo dio berriro azaroan bost kontzertu emanaz. 

Larrabetzuko Bihotz Bakartien Klubaren inguruan sorturiko esperimentu puntual gisa sortu zen proiektua. Gotzon Barandiaranek jarri zuen poesia Katamalo izenarekin 2007an argitaraturiko bildumatik, eta Gorka Urbizuk musika beste proiektu batzuetan lekua nekezago aurki zezaketen soinu leunetatik. Katamaloa, alegia, maskara, sinbolo egokia suertatu zen hipokresia salatzeko: “Katamaloa esaten diogu euskaldunok gure aurpegia beste bat bihurtzeko erabiltzen dugunari. Ez garena azaldu beharraz, itxurakeriaz, hipokresiaz, sakon maitatzeko beldurraz, zoriontsuak izan ezinaz, lotsaz, harrokeriaz, benetan garena onartu nahi ezaz idatzi ditugu poemak eta kantak” azaldu zuten bere garaian.

Kimika ona izan zuten, jarraitzea erabaki, eta proiektua sendotuz joan ahala kide gehiago batu zitzaizkion: Alex Arregi, Aintzina Lekue, Gorka Mugarza, Itsaso Etxebeste eta Nerea Urbizu. 2007an Katamalo argitaratu zuten eta 2008an Erantzi zuzenekoa. 2008ko azaroaren 1ean Durangoko Plateruenan emandako kontzertuarekin esan zuten agur.

Gorka Urbizuk AEBetatik iragarri duenez eszenatokira igotzeko gogoz dira berriro. Azaroaren 6an Gasteizko Jimmy Jazzen, 10ean Bilboko Kafe Antzokian, 12an Hazparneko TTattola gaztetxean eta 13an Donostiako Antzoki Zaharrean arituko dira, eta Nafarroan zehazteke dagoen beste emanaldi bat egingo dute.

Pop rock eta folk rockera bitarteko doinuak, eta euskal eszenan oihartzun polita izan zuten kantu sorta ederra berriro entzuteko aukera izango dugu bada.