Kaskezur: “Gustatzen zaigu estetika bat lantzea, kontzeptu baten inguruan diskoaren nortasuna eraikitzea eta diskoa entzuteaz gain baita ikustea ere.”

Kaskezur: “Gustatzen zaigu estetika bat lantzea, kontzeptu baten inguruan diskoaren nortasuna eraikitzea eta diskoa entzuteaz gain baita ikustea ere.” Kaskezur talde nafarraren "Ihesi doaz animaliak" labetik atera berria da. Irailaren 16an argitaratua izan zen beste behin, melodia gozagarri andana utziz musikazaleoi. Taldeko Ion Mindegik aipatu digunez kontrasteen diskoa da, muturreko emozioak bilatuz. Barea eta ekaitzaren artean mugitzen dira abestiak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kaskezur-201cgustatzen-zaigu-estetika-bat-lantzea-kontzeptu-baten-inguruan-diskoaren-nortasuna-eraikitzea-eta-diskoa-entzuteaz-gain-baita-ikustea-ere.201d/@@download/image/KASKEZUR-BUK-TB-DSC_7687_LD-1024x683.jpg
2019/09/18

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Kaskezur talde nafarraren "Ihesi doaz animaliak" labetik atera berria da. Irailaren 16an argitaratua izan zen beste behin, melodia gozagarri andana utziz musikazaleoi. Taldeko Ion Mindegik aipatu digunez kontrasteen diskoa da, muturreko emozioak bilatuz. Barea eta ekaitzaren artean mugitzen dira abestiak.
Kaskezur: “Gustatzen zaigu estetika bat lantzea, kontzeptu baten inguruan diskoaren nortasuna eraikitzea eta diskoa entzuteaz gain baita ikustea ere.”

Zuen aurreko lanak kritika onak jaso zituen, lan hau egiterakoan presiorik sentitu al duzue?

Ez dut uste. Gure intentzioa gehien bat Azpisugeak diskoarekin ikasitakoan gehiago sakontzea izan da, eta ardatz hori jarraituz, genituen ideiak moldatzea gauza ezberdinak sortzeko. Ia ez da baztertutako abestirik egon. Nahiko modu naturalean atera dira ideiak.

Soinu ilunagoak eskaini dituzue Ihesi doaz animaliak lan berria, bilatua izan al da ala nahi gabe atera da?
Intentsitateak muturragokoak izatea da bilatu dena. Zati suabeak, suabeagoak dira eta zati gogorrak, gogorragoak. Tarte horretan kantek ahalik eta bizi gehien hartzeko asmoz. Ilunagoa izatearena baliteke bai, erabilitako akorde mota eta melodiengatik, baina zati argi eta azkarragoak ere badira diskoan aurrera joan ahala batez ere.

Zergatik erabaki duzue Joseba Irazokiren Euria ari du abestiaren bertsioa diskoan sartzea?
Bagenuen kanta hori eta bueltaka ibiltzen ginen entseguetan, aldiro bateria erritmoa aldatuz edo baxuaren melodia marrazkia moldatzen, zati bakoitza estrukturatzen, eta abar. Bitartean ahotsaren melodia bilakatzen joan zen, zatiak ordenatzen joan hala. Egun horietan Joseba Irazokiren Euria ari du diskoarekin nenbilen bueltaka, kotxean entzun eta entzun. Eta entsegura iristean kantu horretan hori kantatzen hasi nintzen musikaren gainean. Nahi gabe, entseguak pasa hala, natural gelditzen zela ohartu ginen eta proposatu genion Joseba eta Dani Irazokiri ea arazorik zegoen letra erabiltzearekin eta beraiek arazorik ez zegoela esan ziguten eta oso pozik agertu ziren gainera. Grabatzerakoan gainera Josebari eskaini genion gitarra soinuak sartzea eta azaldu zen arratsalde batez. Handia izan zen egun hura!

Nola definituko zenukete lan berri hau? Zer aurkituko du entzuleak bertan?
Moteletik azkarrera, ilunetik argira edo osotik hautsira doazen kanta multzoa dela uste dut. Bide gorabeheratsuak.

Zuen diskoen azalak ere oso zainduak izan ohi dira, garrantzitsua al da estetika musikan?
Bai. Gustatzen zaigu estetika bat lantzea, kontzeptu baten inguruan diskoaren nortasuna eraikitzea eta diskoa entzuteaz gain baita ikustea ere. Gure diskoaren azal guztiak Malmö Illustration-eko J.A. Perotxenak egiten ditu. Betiko laguna da eta Kaskezur ongi ezagutzen du. Berak erabakitzen du %99an azalaren estetika, koloreak eta gainontzekoak. Guk proposaturiko ideiak moldatzen ditu, baina bere kabuz egiten du dena. Benetan pozik gaude horrela, zeren berak ere bere artea erakusten du, erakutsiz zeinen artista bikaina den.

Euria abestiaren bideoklipa ere argitaratu duzue, beharrezkoak al dira gaur egun?
Bideoklipa baino gehiago lyric video antzeko bat egiten saiatu gara. Gustatzen zaigu formatu hori kanta berriak sare sozialetan aurkezteko edota komunikabideetan elkarbanatzeko. Erosoa da entzulearentzako. Bideoklipak egitearena ongi dago, baina ez guk ez ditugu asko egin; gehienez Lore sorta kantarentzako egin genuen irudi bilduma bat, telefonoaren kamerarekin egindakoa. Ez dakit bideoklipa deitu daitekeenik ere.

Zuzenekoetara paseaz, zer aurkituko du zuen zuzenekoren batera hurbiltzen denak?
Ba diskoetako kantak baino filtro gutxiagorekin. Gordin eta zatarrago.

Erraza al da kontzertuak lotzea?
Suertez Euskal Herrian antolatzen diren kontzertuak bertze lekuetan baino gehiago dira. Gainera jotzeko leku aunitz ez dira negozio pribatuen eskuetan izaten. Hortaz ateak irekiagoak daudela uste dut zentzu horretan.

Zer musika entzuten duzue azkenaldian?
Nere kasuan Jim O'Rourke-n edozerk erakartzen nau azkenaldi honetan. Bai musikari zein ekoizle bezala egindakoak. Diskoa egiterako orduan Wilco-ren A Ghost is Born eta Sonic Youth-en Murray Street pila bat aldiz entzun ditugu, baita Gastr del Sol-en Camofleur eta bakarka egindako diskoak ere noski, batez ere Bad Timing eta Eureka. Azkeneko disko honetan aurkitzen da Women of the world kantua, Joseba Irazokik berak kanta hau moldatuta dauka zuzenetarako. Horrek ere animatu zigun nolabait Euria bertsioa egitera. Pelax-en A eta B ere entzuten ari gara, berrien esperoan.

Hemen oraingoz iragarriak dituzten kontzertu datak. Ez galdu!
Irailak 26, Bilboko Kafe Antzokia (+ Lukiek)
Irailak 27, Elizondoko Gaztetxea (+ Diabolo Kiwi)
Urriak 18, Berako Kataku ostatua
Urriak 25, Iruñeko Txintxarri (+ Lukiek)
Azaroak 8, Miarritzeko Laborantza Ganbara
Abenduak 13, Etxauriko plaza (+ Piedra + William Folkners)
Abenduak 20, Erratzuko Zubipunta ostatua
Abenduak 28, Urretxuko Mukuru Festa
Urtarrilak 4, Azpeitiko Sanagustin Kulturgunea