Karrika geurea da!
Beharrak ezartzen dituena aita da, eskubideak aldarrikatzen dituena antiaita (Breton)
Esaldi hau entzutean aita gehiegi ditugula iruditzen zait: aita biologikoa, aita saindua, eta aitatasuna behin eta berriz erabiltzen duten lege sortzaileak. Zibismoaren eta elkarbizitzaren izenean, kaleak hustu, hiritarrak ardi bihurtu, eta negozio gizonez eta eraikin ikusgarriz bete nahi dute hiria. Kalea bizitzeko, solas egiteko edo gizartearen aldarrikapenetarako behar lukeen espazioa arautu eta mugatu nahi dute gobernariek, dena kontrolpean edukitzeko.
Karrika gurea da! eslogan iraultzailea zena beraien interesetara egokitu eta, esaldiak dioen lez, beraiena bihurtu dute. Eta horrela, kaletarra den bizitza anitza beraiek arauturiko aktibitate ez-urratzaile eta kontrolagarrietara murriztu dute.
Gurean, 80ko hamarkadako umeena izan da kaleetan hazi edota hezi den azken belaunaldia, nirea besteak beste. Oraingoak babesaren eta ezagutzaren izenean eskolatik kanpoko ekintzek kontsumituta edota etxean, pantailen babesean, edukitzen baitituzte. Iraganaren apologia nostalgikorik egiteko asmorik gabe: bukatu al da kalean jolasten gineneko aroa?
Haurren hezkuntzan eta bizitzan kaleak zeukan garrantzia galdu du; eguneroko jolasak, harremanak edota festa bera ere leku itxietara eraman direlako.
Ondorioz, auzo ugarik beren nortasuna errotik aldatu dute. Bizilagunen arteko harremanak hautsi, kalearen aitatasuna ukatu eta eguneroko bizi-erlazioak eraikin barruetan bildu dituzte, kaleak etxe arteko ezleku bihurtuz.
Pastadun betaurrekoak erabili eta etxe barruko diseinatzailea bazara, hau da zure auzoa, lehen nirea zena. Bartzelona moderno multikulturalak fagozitaturiko Gracia auzoko pintada da hau. Bartzelona inguruko vila bat zena modernoz bete da eta, jada, zeukan izaera berezia desagerrarazi dute inguruarekin homogeneizatuz.
Bartzelonak klase borrokaren arkeologia suntsitzen du, bere auzoak sakabanatu edo yuppiz mozorrotu. (...) Ez dakit etorkizunean nork egingo duen literatura banatua dagoen hiri honetan (...), hemendik hara bizi diren enplegatuekin eta fastfood aberatsekin. Vazquez Montalbanek idatziriko egi borobila dugu hau. Atera gaitezen kalera, kalea gurea baita.