Karmele Mitxelenak eta Iñaki Cidek irabazi dituzte Donostia Hiriko Kutxa Sariak
Donostia Hiriko Kutxa literatura sarietan ipuinak eta antzerki lanak aurkeztu ohi dituzte parte-hartzaileek. Bi urtez behin egiten da lehiaketa, eta 56.edizio honetan parte-hartzea inoizko handiena izan dela nabarmendu dute antolatzaileek. 862 lan aurkeztu dituzte guztira, gaztelaniaz 482 kontakizun eta 346 antzezlan, eta euskaraz 19 ipuin eta 15 antzezlan.
Euskarazko narrazioaren alorrean, Karmele Mitxelena Etxebeste oiartzuarraren Haragiko Mamuak lana aukeratu dute Itxaro Borda, Aritz Gorrotxategi eta Jon Kortazar epaimahaikideek.
Antzerkian, berriz, Iñaki Cid Larrea donostiarraren Behin batean Loiolan hautatu dute Mireia Gabilondo, Eneko Olasagasti eta Dorleta Urretabizkaiak.
Gaztelaniazkoari dagokionez, Fernando Villamia Ugarteren Los Dioses de quince años izendatu dute garaile. Antzerkiaren alorrean, berriz, Maria Eugenia Salaberri Garciaren Lejos de Cafarnaum lanak irabazi du.
Sariak datorren azaroaren 19an banatuko dituzte, Donostiako Antzoki Zaharrean. Irabazle bakoitzak garaikurra eta 15.000 euro jasoko ditu, eta saritutako obrak argitaratu egingo dituzte.

