Karmele Mitxelenak eta Goio Ramosek irabazi dute Zubikarai Saria

Karmele Mitxelenak eta Goio Ramosek irabazi dute Zubikarai Saria Emakume heldu baten barne eta kanpo bidaia, eta musika, droga, harremanak, politika eta bestelakoak jorratuko dituzte proiektuek. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/karmele-mitxelena-eta-goio-ramosek-irabazi-dute-zubikarai-saria/@@download/image/zubikarai ona.png
2023/11/06
Emakume heldu baten barne eta kanpo bidaia, eta musika, droga, harremanak, politika eta bestelakoak jorratuko dituzte proiektuek.
Karmele Mitxelenak eta Goio Ramosek irabazi dute Zubikarai Saria

Bi idazleren artean ex-aequo banatu dute Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Hogeita hamabi lan aurkeztu dira guztira, eta "batez besteko oso maila ona" izan dela nabarmendu dute. Hori dela eta, bi proiektu saritzea erabaki du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osatutako epaimahaiak: Karmele Mitxelena oiartzuarraren Zoriontasuna, edo antzeko zerbait eta Goio Ramos basauriarraren London Calling.

Mitxelenaren Zoriontasuna, edo antzeko zerbait proiektuak alargun geratu berri den emakume heldu batek (Mariak), bere burua berrasmatu nahian, egindako barne- eta kanpo-bidaia kontatuko du. "Sentimenduak nabarmentzen diren eleberri bat da (poza, haserrea, tristura, lotsa, errua…), lehen pertsonan idatzitako prosa dotore eta ñabarduraz beteriko baten bidez emana", azaldu dute.

Karmele Mitxelena Etxebeste (Oiartzun, 1988) Lehen Hezkuntza eta Haur Hezkuntzako irakaslea da. Literaturan nahiz bertso idatzietan sari ugari irabazi ditu. Honako liburu hauek idatzi ditu: Erakusleihoan album ilustratua (Peru Abarka saria), Marrubizko uda haur kontakizuna (Mikel Zarate saria) eta Haragizko mamuak ipuin-bilduma (Donostia Hiria saria).

Goio Ramosek literatura eta musika uztartu ditu London Calling nobela-proiektuan. 80ko hamarkadan, RRVren garaiko “Hilotzak” alegiazko musika-taldea da ardatza, eta horren inguruan hainbat gai agertuko dira: droga, politika, harremanak… Kontakizunaren hasieran, taldekide baten alabak inoiz diskorik grabatzera iritsi ez zen talde baten kanta entzungo du gaur egungo Londresko metroan . 

Goio Ramos Villanueva (Basauri, 1966)  Euskal Filologia ikasitakoa da, eta irakaslea da lanbidez. Haurrentzako bi kontakizun dauzka argitaraturik: Basajaunen misterioa (Baporea saria) eta Izeko Mirenek lagun berria du. Helduentzat, berriz, hainbat ipuin saritu izan diote, eta han eta hemen dauzka argitaraturik.

Zortzi mila euroko saria bien artean banatuko dute eta euren lanak datorren urtean argitaratuko dira.