Karlos Osinaga "Txap": "“Lagun batek dioen bezala, gurea elkarte gastrosonikoa da”"

Karlos Osinaga "Txap": "“Lagun batek dioen bezala, gurea elkarte gastrosonikoa da”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/karlos-osinaga-txap-quotlagun-batek-dioen-bezala--gurea-elkarte-gastrosonikoa-daquot/@@download/image/txap_1371132075.jpg
2010/12/03
elkarrizketa
Testua: Igone Fernandez Argazkiak: Galder Izagirre
'Txap'ek baditu milaka aurpegi. Lisabö taldeko gitarra jole eta abeslaria da, Bidehuts-eko kide horrenbestez. soinu Teknikaria ere bada eta, kolektiboko lagunekin ez ezik, Tolosako Bonbereneako estudioan egina du makina bat lan. Tipo osoa, musikagintzan jantzia.


Irungoa da, eta Moskun elkartu gara, ezinbestean. Kanpoan ez da giro! Tabernak babestu gaitu ekaitzaren mehatxutik. Lehenengo kafe hutsa eta ondoren menta infusioa hartu ditu; biak ala biak indargarriak. Beharko; azken egunotan gaueko ordu txikiek Txinaurriak proiektuarekin jo eta ke lanean harrapatu baitute. "Gauzek beti huts egiten dute azkeneko unean, konpontzeko apenas denborarik geratzen ez denean". Hortxe Azokaren mamua. Hainbeste ordu musika entzuten, grabatzen, konponketak egiten… freskotasun apur bat galdu duela dio eta, zenbaitetan, lehengo pasioaren falta sumatzen duela, beste lanetik irten eta hau zaletasunaren grinaz hartzen zuenekoa. Hala ere, ez du bere burua sorkuntzaren mundutik at imajinatzen, "ezin". Musikak bezainbeste liluratzen omen du zinemak eta irudien munduak; baina horiek beste baterako utziko ditugu, gaur musikaz jardungo gara.

Lisabören entsegu lokalean zer edo zer mugitzen ari omen da… kontaidazu.

Bai… tira, badakizu, Lisabören erritmoa ez da arrunta. Beste batzuk baino lasaiago aritzen gara. Gutako bakoitzak badu bere lana eta, gainera, eskubaloi talde baten antzera gabiltza: jendea ateratzen da, berriak sartzen dira… Ezlekuak (2007) egitea oso esfortzu handia izan zen horregatik; ondoren bira… intentsitate beteko 3 urte izan ziren eta bagenekien dena pasatuta atsedena beharko genuela. Baxulari berria ere bilatu behar izan dugu, batez ere hurbileko laguna izan zedin nahi genuen eta patxadaz hartu dugu kontua, lortu dugun arte. Baina bai, otsailaz geroztik, eta batez ere Txinaurriak proiektuaren aitzakiarekin, berriz ere sortu da lokalean kimika hori. Espero dugu datorren urtean diskoa grabatzea.

Epe laburrean kokatuta, Lisabök urte amaierarako dakarren eskaintza 'Ezarian' (2001) lanaren berrargitalpena da, biniloan.

Orain hamar urte, atera genuenean, guk hala nahi izan arren, ezinezkoa zen biniloan egitea. Ez zen ohikoa eta fabrikatzeko arazo handiak zeuden. Guk ez genekien nola egin, baina nolabait etorkizunerako erronka modura gorde genuen.

Orain badirudi berrindartu egin dela biniloa, Esan Ozenkikoei proposatu genien ideia –diskoa deskatalogatuta zegoen– eta Fermini urteurrenak gustatzen zaizkionez… –barrez– masterra berreskuratu eta gure asmoa burutzea lortu dugu.

Eta, Bidehutsi dagokionean, Mursegoren bigarren diskoa ez ezik, 'Txinaurriak, Mikel Laboari ikasitako kantuak' lana ere badator. Nik behintzat, arrakasta aurreikusten diot. Hainbeste talde… eta gainera, Laboaren izena dagoen tokian…
Asmoa edo ideia aspaldikoa zen, Mikel oraindik gure artean zegoenekoa. 2002-2003 urteak baxu xamarrak izan ziren Lisabörentzat, taldeak ez zuen lortzen aireratzea. Hala ere, ondoren Pil-Pil Sessions (Metak, 2005) izango zenaren genesi gisa, 4 kantuko disko bat egitearen ideia sortu zen, 2 kantutara Mikelen kolaborazioa ekarrita. Egia esan, gure harridurarako, berak hasiera-hasieratik izan zuen izugarrizko interesa eta behin eta berriz hots egin zigun telefonoz geratzeko, egiteko… Baina guk ez genuen momentua aurkitzen asmatu. Denbora pasatu zen, kontua hoztu egin zen… berriz ere berak guri hots egin zigun arte. Xoriek diskoko Ondoren kantan parte har genezan nahi zuen.

Horrela berreskuratu zenuten kontaktua.

Hori da. Berriz ere piztu zitzaigun arra, guk eta gure ingurukoek beti miretsi izan dugulako Laboa. "Zer edo zer egin behar dugu, egin behar dugu…!". Hortxe genuen Txeroki (1990) erreferentzia gisa, baina ez genuen bigarren zatia bilatzen, guk geurea nahi genuen. Anari zuzenekoetan Laboaren Aintzinako bihotz abesten hasi zen bi autoreren esentzia nahastuz… efektu hori bera talde gehiagorekin lortuko bagenu…

Eta ate joka hasi zineten.

Dena mugitzekotan ginenean hil zen Mikel, ez zirudien une egokiena aurrera segitzeko. Baina familiak berak hartu zuen orduan iniziatiba, Izarok –semeak– eta Mari Josek –emazteak–: "diskoa noizko?!" Hortaz, iaz, Azoka amaituta, kalkuluak egin, serio hausnartzen hasi, "Hau egiteko gaitasunik badugu?", eta martxan jarri ginen. Azkenean 19 taldek hartu dugu parte –biniloaren edukierak mugatu du talde kopurua–, nahiz eta aukeraketa ez den batere erraza izan. Hori bai, uneoro oso argi izan dugu hau ez dela belaunaldi baten aldetiko omenaldia, baizik eta musika eta Mikelen obra ulertzeko modu jakin bat konpartitzen dugunon aldetikoa.

Erronka konplikatua Laboaren kantuak ukitzea eta moldatzea.

Bai, den-denoi pasatu zaigu gauza bera. Pribilegioa izan da, baina lan zaila aldi berean. Indar handiko kantuak dira eta denok sentitu dugu errespetua eta pieza izorratzeko beldurra. Dena dela, eta zailtasun guztien gainetik, Laboaren obran sakontzeko aukera izan dugu, nork bere estilotik eta ikuspuntutik, eta orain arte agian antzeman ez genituen detaile eta xehetasunez jabetu gara.

Diskoa kaleratu aurretik eskaerak internet bidez biltzen aritu zarete nolabait produkzioa optimizatzeko. Autoekoizpenaren zama?

Batez ere finantzaziorako gutxieneko dirua lortzeko egin dugu. Taldeak ezin kanpoan utzi, azkenean bikoitza egin dugu eta izugarrizko zorra dugu orain. Espero dugu datorren urterako kitatzea, eta bakoitzari fabrikaziorako aurreratutako dirua itzuli ahal izatea. Diskoetxe batek, seguru aski, ez luke halako buruhausterik izango: dirua badu, egin egingo du inongo arazorik gabe; eta dirurik ez badu, ez du egingo eta kitto, gehiegi konplikatu gabe. Kalkuluena, ostia, gogorra izan da! –barrez–. Honetarako gogoa behar da. Ordu guzti-guztiak ordainduko bagenitu… asko da!

Bide erosoena ez dela jakinda ere, 2006an konbentzimendu osoz abiatu zenuten egitasmo hau. Zein da autoekoizpenaren aldeko argumentazioa?

Lagun batek dio botere grina dela, hamaika gauza aldi berean egin nahi izatea –barrez–. Ni oso gazterik hasi nintzen maketak grabatzen, lehen asko mugitzen ginen gure musika ateratzeko; orain badirudi jendeak diskoa nahi duela berehala eta beste dena ahaztu duela. Zentzu horretan, guk beti eduki dugu gure gauzak guk egitearen txip hori, nahiz eta gaizki egin geureak izan daitezen. Esan Ozenki eredu perfektua izan zen filosofia aldetik, lan egiteko eran, dirua kudeatzeko modua… GKE bat zen hori!

Filosofia diozu. Hortaz, musika eta kultur ekoizpena ulertzeko modu jakin batez ari gara?

Anarirekin gitarra jotzen duenak, Borjak, elkarte gastrosonikoa garela dio. Kontzeptu perfektua da! Gure gurasoak txokoetan biltzen diren bezala, gu gurean elkartzen gara gustatzen zaiguna egiteko. Gure musika hasieratik bukaeraraino kontrolatu nahi dugu. Madrilen gertatzen dena, adibidez, izugarria da. Han taldeek euren musika saltzen diete diskoetxeei eta banatzaileei: masterra, diseinua… dena, zenbait kasutan baita kopiak ere! Ez dira ezeren jabe eta eurekin negoziatzen dute. Ez dut esan nahi autoekoizpenarekin dirua irabaziko duzunik; alderantziz, disgustu asko irabaziko dituzu… baina behintzat, egiten duguna gurea sentitzen dugu, onerako edo txarrerako. Gainera, nahiko eskura dagoen zerbait da. Egia da nik egunero ia 10 ordu pasatzen ditudala musika entzuten edo grabatzen, baina honetan buru-belarri ez dabilen edonork ere lor dezake, kalitatea gora behera, bere lokalean bere musika grabatzea. Sormena astindu behar da eta irteera bat eman, bideratu.

Baina, diskoak saltzen ez direla ikusita iritsiko dira frustrazioak, ezta?

Bai, egia da gero eta gutxiago saltzen direla. Ni neu ere kutsatu naiz eta lehen baino gutxiago erosten ditut. Guk, adibidez, banaketa Gor-en bitartez egiten dugu, webgunearen bidez ere saltzen ditugu aleak, baina batez ere zuzeneko osteetan lortzen dugu feedback egokiena. Kontzertu batera joan eta entzun duzuna gustatzen bazaizu, diskoa erosiko duzu ateratzerakoan, nik behintzat gordetzen dut ohitura hori. Azken batean, diskoaren esentziaz hausnartu behar dugu eta, agian, komeni zaigu hastapenetara itzultzea. Hau da, disko berria ateratzeak ez luke izan behar bira bat egiteko edo zuzenekoak lotzeko aitzakia, zuzenekoetan eskaintzen dena gordetzeko euskarri fisikoa baizik.

Autoekoizpenaren filosofia honek zein jarrera du, adibidez, SGAE auziaren aurrean?

Asko gustatzen zait galdera! –barrez–. Politikari baten erantzuna dirudien arren, Bidehuts tresna edo mekanismo bat da, baina baliatzen dugun guztiok ez dugu iritzi bera. Nik nireaz hitz egingo dizut. Egia da gaur egun zirrikitu gehiago daudela, baina orain 10 urte, adibidez, disko bat atera nahi zuen musikariak SGAEn eman behar zuen izena nahitaez; inposizio hori da ulertzen ez dudan lehenengo gauza. Hortik aurrera, egia da SGAEk abantailak ekar ditzakeela zenbaitentzat, handientzat noski, eta eurek onura atera nahi badute, urte amaieran ez dakit zenbat euroko txekea jaso… Baina txikion alde ez dute ezer egiten eta, beraz, nahiago dut nire abestien jabe izaten jarraitu eta nire sorkuntza ez hipotekatu, nahiz eta bidea askoz ere konplikatuagoa izan. Gainera, abantailak ekonomikoak dira bakarrik, ustezko babesarena txorakeria bat baita, eta musika hori baina askoz gehiago da; sorkuntza eta askatasuna da.  

Gaur egun 8 taldek osatzen duzue Bidehuts. Nolakoa da barne-funtzionamendua, nola egiten duzue lan, nola koordinatzen zarete?  

Laster 9 izango gara, Gabon Kaligula ateetan da eta. Geuretzat ere gero eta zailagoa da hau definitzea. Badago lan talde iraunkor bat, baina pentsatu behar dugu Bidehuts etiketa dela, eta gainerakoan talde bakoitza bere aldetik jarduten dela autoekoizpenean. Grabaketarako edo dena delakorako laguntza behar izanez gero, hemen gaude denok, jakina; baina Mursegok, adibidez, guztia bere kabuz egin du eta Bidehutsetik etiketa bakarrik hartu du, nolabait esatearren. Bestalde, nor sartzen da hemen? Ba, familia baten modukoa gara, sarea: honek hori ezagutzen duelako eta beste horrek harekin kolaboratu izan duelako… Zaila izaten da telefono deiak jasotzea esanez ez dakit ze taldek gurekin atera nahi duela diskoa, eta ezezkoa ematea. Baina, benetan, ez da aitzakia, gu ez gara diskoetxe bat.

Alboan Galder dugu, eta otutzen zait: Berri Txarrak-ek duen proiekzioarekin eta dimentsioarekin, halako talde batek enkajatuko al luke eskema honetan?

Taldeak hala nahi badu, bai. Standstill-ek, adibidez, proiekzio handia du estatu mailan, eta bigarren diskoa autoeditatu egin du. Edo, Anarik ere atera lezake lasai askoan Elkar-ekin, baina nahiago du gurekin jarraitu. Azkenean, taldeak lan egiteko modu honetan sinesten badu, autoekoizpenaren bitartez koherentzia lortuko du. Hori bai, jakin beharko du seguru aski leku askotara ez dela helduko, Europa mailan diskoetxeak eman diezaiokeen babesa gal dezakeela eta Rock Delux aldizkarian ez dituela orrialde bateko iragarkiak lortuko. Dena dela, posiblea da, baita ere, diskoetxeak egin ohi dituen lanak beste enpresaren bati agintzea edo, neurri batean, managerraren esku uztea… formula ezberdinak daude.

Bonberenearekin ere lotzen zaitugu. Defentsako abokatuarena egiteko eskatuko dizut: Zergatik dira beharrezkoak tankera honetako esperientziak?

Argi dago gaur egungo egoera ez dela orain 20 urtekoa. Aisialdia aldatu da, jendearen kezkak aldatu dira eta gazteriaren ekimen gaitasuna apaldu egin da neurri batean, selektiboagoak gara. Euskal Herrian, 80ko eta 90eko hamarkadetan izugarrizko musika mugimendua bizi izan genuen, batez ere, gaztetxeen inguruan. Taldeak eta kontzertuak ehunka zeuden, edozeinek zuen lehengusu edo lagunen bat talde batean jotzen zuena. Gaztetxeek, nolabait, eszenatoki bat eskaintzen zieten jotzen hiru hilabete besterik ez zeramatzaten taldeei. Kanpokoek flipatu egiten zuten zentzu horretan. Eta gu ez ginen guztiz jabetu. Zer nolako oinarri musikal sendoak finkatu ziren garai hartan. Kortatu, Su Ta Gar, Ken 7… denak atera ziren gaztetxeetatik. Orain, arrazoi ezberdinengatik, globalizazioa, kapitalizazioa, burgesizazioa… leku hauek galtzen ari gara, eta garrantzitsua da kontzientzia berreskuratzea. Behin galduta, ia ezinezkoa izaten baita berpiztea.

Tolosarekin bereziki sentsibilizatuta zaude.

Bai, ikaragarria delako, adibidez, kontzertuak aurrera ateratzeko egiten duten lana. Eurak ere ez dira jabetzen! Eta estudio horrek duen filosofiak ere antzekotasun handia du gurearekin. Nik, adibidez, kobratu egiten dut lanaren truke baina, bestela, han dagoen material guztia-eta taldeen eskura dago erabat. Zoritxarrez, salbuespena dira.

Esperientziak eta taldeekin izandako harreman zuzenak ematen dizun abalaz: zer moduzko osasuna du euskal musikagintzak?

Ba, ez dakit, nahiz eta askotan pentsatu dudan honi buruz. Nik euskal musikagintzaren esparru bat bakarrik ezagutzen dut, baina azken aldian ez pentsa talde berri askorekin egin dudanik topo, ez grabatzeko ezta kontsumitzaile gisa ere. Ez dut esan nahi zahartzen ari garenik, baina ez datorkit burura 20 urteko gazteek osatutako talde bat gogor datorrena, lekukoa hartzeko prest. Diskoak ekoizten dira, baina betikoak dira. Azken talde potentea zein den galdetuz gero… 30 urtetik gorakoak dira denak! Agian orain jendeak nahiago du merkataritza gunera joan lokalean gitarra jotzen ibiltzea baino. Lehen hori zen aukera bakarretakoa, eta hortik bideratzen genituen gure frustrazioak.

Eta, nortzuk dira sormenaren suhiltzaileak?

Asko! Okerrenak gertuago egon beharko luketenak dira: instituzio publikoak. Ez dut instituzioen babespeko kulturan sinesten, ezta nahi ere. Baina ildo ofizialetik at dagoen kultura aktiboki itotzen duten erakunde publikoak ere ez ditut nahi. Orain oso modan dagoen sortzaile baten esaldi batez baliatuz esango dut euskal kultura zona katastrofiko bat  delaa, eta guk, herriak, ez dugu behar horri tranpak gehituko dizkion instituziorik. Industriak diseinaturiko sasikultura populista zabaltzen dute. Pena handia da, adibidez, gazteei zuzenduriko irrati publiko bat tresna gisa hain gaizki baliatzea.

Euskadi Gazteaz ari gara?

Zoritxarrez bai. Bete behar lukeen funtzio didaktikotik oso urrun dago. Pena handia ematen dit halako makinaria eduki eta ez aprobetxatzeak. Medio pribatuek egin dezatela nahi dutena, baina publikoek... ezin dut ulertu! Batzuek asko kritikatzen dute Espainiako Radio 3 adibidez, baina alderatu baten eta bestearen programazioa, aniztasuna eta kalitatea! Argi dago aktibismo kulturala zapaldu nahi dutenei ez zaiela komeni gazteria sortzailerik. Nahiago dute aisialdi huts eta alienantea kontsumitzen duen gizartea.