Kaotiko: Esna hadi!

Kaotiko: Esna hadi! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kaotiko-esna-hadi/@@download/image/201047975kaotik_1362426837.jpg
2010/04/02
elkarrizketa
Raul Perez
Sofatik altxatzeko. Suspertzeko. Hori eskatu die Kaotikok gazteei, eta oro har, gizarte osoari, kaleratu berri duen "Reacciona" diskoan. 13 abesti indartsu, bizkor eta urduri dira Aguraingo    punk-rock boskotearen botika lozorrotik ateratzeko.

Bueltan da Kaotiko. Labetik atera berri duten Reacciona diskoa han eta hemen aurkezten ari dira musikari aguraindarrak. Izenburuak gizarteari esnatzeko dei egiten dio eta gaur egun puri-purian dauden hainbat gai jorratu dituzte. Hala nola, krisia, tortura, haurren kontrako sexu abusuak, telezaborra… “Ikusten dugu gazteak askotan egonean bezala daudela eta haiek aktibatu beharra dago”, esan du Xabi bateria jotzaileak. Letrak urduriak dira, nolabait esateko, eta horrek eragina izan du soinuan. “Grabe asko dago, hortaz soinua indartsuagoa da. Bizkorragoa ere bada; gure eboluzioa ikusten da”.

2008ko udaberrian aurkeztu zuten Adrenalina diskoa eta handik urtebetera ekin zioten Reaccionako kantak mamitzeari. –Sarkozyk intimitatean euskaraz egiten du– Aurreko lanetan zenbait musikarik kolaboratu dute Aguraingo boskotearekin, baina oraingoan haiek beraiek jardun dira. “Hala izan da, besterik gabe”, azaldu du bateria jotzaileak.  Kaotiko %100ean, beraz.

Kandelak itzaltzeko garaia dute Johnyk (abeslaria), Fontak (baxua), Xabik (bateria), eta Aguayok eta Aguayinek (gitar jotzaileak). Izan ere, boskote arabarrak 10 urte beteko ditu aurten. Eta urtemuga gehien gustatzen zaiena egiten pasatuko dute: kontzertuak ematen. Ekainera arte ia astebururo izango dute non jo. Batik bat Euskal Herrian ari dira, baina apirilean Herrialde Katalanetara joanen dira. Lehen asteotako emanaldiekin asebeteta geratu dira. “Ikusleek esandakoaren arabera, azken diskoko abestiak aproposak dira zuzenekoetarako. Normalean, disko bat ateratzen dugunean, errepertorio bat prestatzen dugu kontzertuetarako. Hau da, disko berriko zenbait kanta aurreko diskoetako beste batzuekin jotzen ditugu. Hala ere, lehen bi hilabeteetan errepertorio hori aldatzen doa; metamorfosi moduko bat izaten da, jendeak gustuko dituen abestiak aurkitu arte.”.

Mundo Kaotikorekin aurkeztu zuen bere burua  taldeak 2001ean. Jarraitzen al du munduak duela 10 urte bezain kaotiko? “Are okerragoa da.  Usteltzen ari da eta langileek errurik ez badute ere, larrutik ordaintzen ari dira. Horri buelta eman behar zaio”.