Kaotiko: Agurain kaotikoa

Kaotiko: Agurain kaotikoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kaotiko-agurain-kaotikoa/@@download/image/12p13-1_1371118678.jpg
2001/10/05
erreportajea
Kaotiko: Agurain kaotikoa
Kaotiko aguraindarrek "Mundo Kaotiko" izeneko lehen diskoa argitaratu dute Oihukarekin.

Kaotiko taldea Aguraingo punk-rock harrobitik datorkigu. Boskote honetako bizkarrezurra Kaos Etiliko taldean jardundako Aguayo eta Aguayiko gitarrajoleek eta Fonta baxujoleak osatzen dute. Oinarri horri Xabi baterijolea eta Jon abeslaria gehitu zitzaizkion 2000ko uztailean.

Egia esan, Oihuka disketxeak kaleratutako "Mundo kaotiko" lehen diskoa entzunda, berehala antzematen da bi anaia gitarrajoleek taldean duten garrantzia. Kaotiko punk-rock talde gitarreroa da, riff indartsuekin jokatzen duena, ahots gordin baina era berean jostalariari lelo itsaskorrekin etekina ateratzen dakiena. Abesti arin, tarteka azkar eta errazak dira.

Kaotiko talde gaztea da, 28 urteko Aguayo "aitona" kenduta, taldekideek 22 urte baitituzte, batez beste. Aguayoren esperientzia, baina, ez datorkie batere gaizki, batez ere Desterrados talde arabarrean egin zituen urteetan eta Kaos Etilikorekin grabatutako bi diskoetan ikasitakoei etekina ateratzeko. Alde horretatik, lehen disko honetan helburua argi izan dutela nabari da. Mozorrorik eta esperimenturik gabe, Kaotiko tankera zaharreko punk taldea da, Euskal Herrian tradizioz hainbeste jarraitzaile dituen horietakoa. Andoaingo Garate estudioetako Kaki Arkarazok eta Haritz Harreguy teknikariak ere ederki isladatu dute soinuan izaera hori. Triku Korroskadako taldekide ohia arduratu da produkzioaz eta moldaketez. Haren eskua ere antzematen da azken emaitzan.

Evaristo, letragile

Aguraindarrak izanda, La Polla ezinbesteko erreferentzia da Kaotikorentzat. Diskoa osatzen duten hamairu kantuetan antzematen da hori, nahiz kaotikorenak, errimoz arinagoak izan. Benetako hartuemana, dena den, mezu eta filosofian dago, izan ere, La Pollako Evaristok egin ditu diskoko hitz guztiak. Ironiaz, amorruz eta umorez gainezka egiten dute denek. Ongi etorri Agurain kaotikora!