Kantuan, Beldur Barik!

Kantuan, Beldur Barik! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kantuan-beldur-barik/@@download/image/beldur_barik_1381393161.jpg
2013/10/10
berria
Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde, eta andrazkoen aurkako indarkeriaren kontrako jarrerak kantuan adieraztea helburu duen lehiaketa abian jarri dute Beldur Barik! egitasmoak eta Bilboko Udalak. Izena emateko epea azaroaren 15era bitarte izango da zabalik!


Eudelek abiatutako Beldur Barik! programak emakume eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatzea du ardatz, eta horretarako, hamaika lehiaketa eta jarduera antolatu dituzte Euskal Herri osoko hiri eta herrietan. Bilboko Udalak, halaber, lehiaketa propioa prestatu du aurtengoan, Beldur Barik! Bilbao Saria izenekoa, eta helburua errespetua, berdintasuna, erantzukidetasuna… ardatz dituzten kantak sortzea da. Izan ere, musikak eta egunerokotasunean entzuten ditugun abestiek eragina dute gugan, eta berauetan transmititzen diren mezuek jarrera eta portaerak bideratu ditzakete.

Lehiaketa 18 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendurik dago, beti ere, Bilbon erroldatuta badaude. Bakarka edota taldean parte hartu ahal izango dute (gehienez ere bost laguneko taldea), baina taldekideen %50ek, gutxienez, Bilbon erroldatuta egon beharko dute, eta kideetako bat neska izatea ezinbestekoa izango da.

Parte hartzeko
Egin beharrekoa oso erraza da: sortu 2 eta 3 minutu eta erdi arteko kanta bat, euskaraz ala gaztelaniaz, noski, berdintasunaren aldeko eta genero indarkeriaren aurkako mezuduna. Ikus-entzunezko formatuan grabatu, eta argitaratu Sareko plataforma batean (YouTube, Vimeo…). Halaber, grabatu abestia CD edo DVD batean. Segidan, sartu helbide honetan eta bete izen-emate orria azaroaren 15a baino lehen.

Guztia prest duzuenean, bidali diskoa, betetako inskripzio-orria eta bideoaren lotura ondorengo helbidera:

Beldur Barik! Bilbao Saria
Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Saila. Bilboko Udala.
Venezuela plaza, 2-4. solairua
48001 Bilbo

Sariak

Irabazleak Barrutirock kontzertu-zirkuituaren baitan jotzeko aukera izango du, Bilboko banda eta bakarlari gazteei zuzenean kontzertuak eskaintzeko aukera ematen dien egitasmoan, hain zuzen. Abenduaren 5ean, 12an eta 19an izango dira kontzertuak.

Halaber, Beldur Barik! lehiaketa orokorrean parte hartuko du, baldin eta lehiaketa horretako baldintzak betetzen baditu, eta bertan 500 euroko saria banatuko dute.

Coaching saioa


Dena den, parte hartzaileei laguntza gehigarri bat emateko asmoz, coaching saioa egingo dute urriaren 21ean, astelehena, Bilborock aretoan. Lehiaketaren aurkezpen ekitaldia izango da, eta gainera, ordura arte izena eman duten lagunek beren lana epaimahaiaren aurrean aurkeztuko dute. Haiek iritzia eta hainbat gomendio emango dizkiete, lehiaketari begira, lana hobetu eta txukuntzeko. Besteak beste, Alex Sardui izango dute laguntzaile.