'Kantu Eskukadak' jaio da!

Egun bizitzen ari garen pandemiak zerbaitetarako balio izan badu entretenimenduaz harago kulturaren balioaz ohartzeko izan da. GAZTEZULOk hori azpimarratu nahi du Olrait Studiorekin elkarlanean aurkeztu dugun 'Kantu Eskukadak' ilustrazio eta testu liburu berezi honekin.
Aurkezpenean GAZTEZULOko Gaizka Izagirre, Olrait Studioko Beñat Rodriguez eta Sara Zozaya eta Gartxot Unsain musikariak egon dira.
Aurkezpenaren hasieran Izagirrek "Kultur ekitaldiak bertan behera geratzen ari diren honetan GAZTEZULOk herri bat eraikitzeko kultura funtsezkoa dela azpimarratu nahi du. Hori dela eta, euskal eszenaren aberastasunari omenalditxo bat egitea beharrezkoa ikusten dugu, euskara eta musika batzen dituen ilustrazio liburu honen bitartez. Erakutsi nahi da euskaraz eta euskaratik edozer sortu daitekeela: Ez da urrutira joan behar kalitatezko bakarlari eta taldeez gozatu eta estilo ezberdinak dastatzeko" aipatu du.
"Izan ere, Euskal kultura dirudiena baino aberatsagoa da, eta horretaz jabeturik Olrait Studiok 100 euskal talderen 100 abesti ilustratu ditu elementu bateratzaile bezala eskuak erabilita, hortik KANTU ESKUKADAK izena. Pandemia egoeran bete-betean gauden honetan, eskuaren kontzeptua oso sinbolikoa iruditu zaigu, etengabe gel hidroalkoholikoz bustirik dauden gorputzeko zati hauek geure egunerokoaren zutabe garrantzitsu bilakatu baitira. Egia da lehen eskuekin egin genitzakeen gauza garrantzitsu ugari orain pentsaezin bilakatu direla; besarkatu, eskua eman edota behin eta berriz garbitu gabe gauzak ukitu adibidez, baina aldiz, ahoak uneoro musukoaz estaliak dauzkagun honetan, eskuak, komunikatzeko tresna garrantzitsuan ere bilakatu dira. Liburuan topatuko duzuen Berri Txarrak-en Eskuak abestiak dioen moduan "Mezu hilak idazteko eskuak, elkarrekin sentitzeko eskuak, arriskua txalotzeko eskuak eta mundu hau jorratzeko eskuak."
Olrait Studioko Beñatek aldiz zera aipatu du"Euskaraz abesten duten 100 talde ba al daude? Horixe izan da liburu hau sortzen ari nintzela nire inguruan gehien errepikatu den galdera. Harridura hau euskaratik sortzen den musikaren oparotasunaz kontziente ez izatetik sortzen da. Horregatik ilustrazioen bidez, estilo ezberdinekiko izan nitzakeen aurreiritzien kanpo utziz, euskal musikaren sakontasunean murgildu nahi izan dut. Sareetan igotzen joan nintzen ilustrazioak sortu ahala, eta oraingoan nire harridurarako sekulako harrera izan du. Beraz, askok uste dutenaren aurka euskaraz sortutako kontsumitzeko gosez dagoenik ere bada, eta hori eskertzekoa da. Bestalde, ez nuke aipatu gabe utzi nahi sortutako 100 Kantu Eskukadetatik 16 direla emakumezkoak. Espero dut zifra hori urtetik urtera igotzen joatea, eta etorkizun batean beste ilustrazio liburu orekatuago bat sortu ahal izatea. Izugarri gustatuko litzaidake!".
Eta amaitzeko Gartxot Unsainek eta Sara Zozayak musikari gisa proiektu hau nola bizi eta sentitzen duten ere adierazi nahi izan dute "Sekulakoa iruditzen zaigu horrelako proiektuak aurrera eramateko egindako ahalegina, hain likidoa den gizarte batean bizi gara, hain efimeroa, zeinetan horrelako proiektu fisikoak, ukigarriak egitea zorgarria iruditzen zaidala, uste dut eredugarria dela eta musikari gisa asko eskertzen dut. Beñaten lana ezagutzen genuen, eta bidean GAZTEZULO batu dela ikusi dugunean sekulako balio erantsia eman diola uste dugu".