Kanaldude herri telebista: “Guk herritarrei haien lurraldeko hedabide baten partaide izateko aukera eskaintzen diegu”.

Kanaldude herri telebista: “Guk herritarrei haien lurraldeko hedabide baten partaide izateko aukera eskaintzen diegu”. Euskaratik eta euskaraz sortu zen 1997an Kanaldude herri telebista parte hartzailea. Iparraldeko albisteen berri emateaz gain, egun "Harri Salda" deitutako “talkshow”-a eta "Tantaka" webseriea sortzen ditu. Proposamen ezin freskoagoak biak ala biak. Lantaldearekin mintzatu gara euren ibilbideaz jarduteko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kanaldude-herri-telebista-201cguk-herritarrei-haien-lurraldeko-hedabide-baten-partaide-izateko-aukera-eskaintzen-diegu201d/@@download/image/KAN_proxy_110003922.jpg
2020/02/25

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Euskaratik eta euskaraz sortu zen 1997an Kanaldude herri telebista parte hartzailea. Iparraldeko albisteen berri emateaz gain, egun "Harri Salda" deitutako “talkshow”-a eta "Tantaka" webseriea sortzen ditu. Proposamen ezin freskoagoak biak ala biak. Lantaldearekin mintzatu gara euren ibilbideaz jarduteko.
Kanaldude herri telebista: “Guk herritarrei haien lurraldeko hedabide baten partaide izateko aukera eskaintzen diegu”.

Zein beharri erantzuteko sortu zen Kanaldude herri telebista?
Aldudeko ibarrean sortu zen Kanaldude telebista 1997an. Hasieratik asmoa zen herritarrekin eta euskaraz egitea. Horretarako beharrezkoa zen lekuko euskarazko telebista parte hartzailea. Lurraldeko biziaren lekuko izatea da Kanalduderen helburu nagusia, batez ere dinamika kolektiboen berri emanez. Bi hamarkadaz gauzak ainitz aldatu dira baina segitzen dugu hasierako helburuak betetzen.

Nola osatzen da zuen lantaldea?
Lan taldea anitza da, anitz profesionalizatu da azken urte hauetan. Dozena bat lagun gara taldean, filmatzaile, muntatzaile, teknikari, kazetari, animatzaile, infografista, ekoizpen arduradun, errealizatzaile eta kudeatzaileen artean. Lan talde finkoaz gain, proiektuen arabera kanpoko langileak hartzen ditugu Frantses Estatuan existitzen den artista eta teknikarien laguntza berezi bati esker, kultura babesten eta laguntzen duena; hegoaldean ezagutzen duzuen “artistas y toreros” estatusaren antzekoa.

Errazagoa al da jendearengana iristea egun sare sozialen bidez eta Internet bidez ikusteko aukerarekin?
Bai noski, gaur egungo gazteek geroz eta ikus-entzunezko gehiago kontsumitzen dituzte, baina iturriak biziki anitzak dira. Gure erronketariko bat sare sozialetan gure presentzia indartzea da eta bereziki gazteengana iristea. Webgunea erabiltzearekin ez da nahikoa.

Gaur egun telebista handiak dardarka hasi dira: ikusleen ohiturak aldatzen ari dira zeharo eta jarioaren kontsumoa, lehen ezagutzen genuen bezala, zahartzen ari. Nahieran begiratzeak, ikusleak nahi duena nahi duen momentuan, edo behintzat horren ilusioak, gaina hartzen ari da eta lehen telebista batek kontrolatzen zuen jarioa, multinazional erraldoiek proposatzen duten jario horrek ordezkatu du. Onerako edo txarrerako, publikoaren zati handi bat hor dago orain, eta onerako edo txarrerako gure gain dago euskarazko eduki militante bat proposatzea ere.

Horren harira, Tantaka webseriea estreinatuko duzue otsailaren 11ean. Zer eskainiko du?
Tantaka webseriak umorea gazi-gozoa erabiltzen du. Istorioaren erroa, koman eroritako nerabe bat 20 urte beranduago esnatzen denean izaten dituen bizipenak dira. Bada misterio bat bere koma erortze horren inguruan eta baita bere lagunen intentzioen atzean zer ezkutatzen ote denaren inguruan ere. Halere istorio horren atzean gure gizartearen azken 20 urteko eboluzioa aztertzen da eta baita guregan ukan duen eragina. Zer ginen nerabetasunean, zeintzuk ziren gure ametsak eta idealak… eta nola guzti hori traizionatzen dugun heldutasunera iritsi garenean. Bada gaur egungo euskal presoen ateratzeek sortzen duen egoerarekin analogia bat ere. Ezagutu dituzten giza harreman guztiak zeharo aldatu dira. Mundua aldatu da.

Egileak Idoia Rodriguez Mondragon eta Joana Parot, bi lapurtar gazte dira. Lagunartean film laburrak egiteko ohitura zeukaten eta proiektu honekin muga bat pasa nahi izan dute, modu profesionalagoan lan eginez. Tabakalerako 2deo Laborategiaren sustengua ukan dugu webseriaren formatua eta hedapen estrategia marrazteko. Beraien laguntza oinarrizkoa izan da proiektu honetan. Guztira, websailak 8 atal ditu eta maiatzean agertuko dira azken 4ak.

Euskarazko ikus-entzunezkoetan zergatik dago horrelako hutsunea?
Zinemarako diru-laguntza espezifikoak badira, baina ez Interneten erabiliko diren formatu berrientzat. Ikus-entzunezko eduki eta formatu berrien ekoizpena, hots, gazteentzat egokiak diren bideoen ekoizpena, gehienetan diru oso gutirekin egiten da. Telesailetan ere hutsune handia dago.

Jendeak telesailak euskaraz ikusteko gogorik ba al du?
Jendeak telesailak ikusteko gogoa badu, nabari da Netflix-eko telesailen arrakastari erreparatzen badiogu. Euskaraz eskaintza falta da, baina ziur publikoa horren irrikan dagoela. Euskara esparru horetan presente izatea, gaur egungo testuinguruan, ezinbestekoa da.

Harri Salda deitutako saio berria ere estreinatu duzue, zer eskaintzen du saioak?
Talkshow moduko formatu berri bat esperimentatu nahi izan dugu, gure lurraldeak eskaintzen duen biziaren eta bizitasunaren ispilu. Horregatik, aniztasun bat bermatu nahi du Harri Saldak. Salda edo eltzekari on bat egiten den moduan, osagai ezberdinak nahasiko ditugu, gatz eta piper pixka batekin… Aldi oro hiru gonbidatu izango dira. Haiekin eta kronikariekin, gai anitzez mintzatuko gara: musikaz, literaturaz, teknologia berriez, mugimendu sozialez… Emankizun bizia eta alaia da, lagun arteko giro batean murgildurik.
Horregatik, gure platoak apartamendu baten itxura du, gonbidatuak etxean bezala senti daitezen. Gure helburuetan zen gai ainitz bat proposatzea, molde arin batean, entretenigarria eta alaia, baina aldi berean gai serioak aipatu ahal izatea. Aipatzen diren gai guztien lekukoa bilakatzen da aldi oro sorkuntza arloko gonbidatu berezi bat. Hala nola, tratatzen diren beste gai guztien bitartez hobeto ezagutzen goaz emankizunean zehar bere disko, liburu, ikusgarri edo filma berria aurkeztera etorri den artista.


Harri Salda programa.

Zer nolako erantzuna izan duzue?
Goizegi da oraindik ikuslegoaren bilana egiteko, baina lehen saioetan ohartu gara gonbidatuak gogo handiz etortzen direla emankizunera eta grabaziotik pozik ateratzen direla. Giro on hori sentitzen da gero emankizuna ikustean.

Ikusienak atalean elkarrizketa hau egin den momentuan “klitori esperientziak” saioa dago, euskaraz sexuaz gehiago hitz egin beharko litzatekeela uste al duzue?
Bai noski. Erreportaje horretan, emakumeen sexualitatea aipatzen duten bi proiektu digital aipatzen dira: bata oraindik gutxi ezagutzen dugun klitori organoa hobeto ezagutzeko Clit-moi aplikazioa da eta bestea, Clit revolution webseriea. Bakoitzak bere moduan eta umorearekin, emakumearen sexuaz dugun ezjakintasuna aipatzen digute. Pasarte batean, bi neska kalera doaz eta lehenik edonori galdegiten die mutil baten sexua marraztea. Hori denek dakite. Ondotik, emakume baten sexua marraztea galdegiten zaie. Eta hor, denak galduak dira!

Ikusleen feedback-a jasotzen al duzue? Ikusleek zer ikusi nahi dute?
Ikusleak oro har iparraldeko hedabideei eskatzen diena euskarazko ekoizpen gehiago da eta ekoizpen horretan aniztasun gehiago. Hori erakusten du Euskararen Erakunde Publikoak berriki zabaldu duen inkestak. Hari horretan gabiltza. Bestalde gure neurketa tresna eta inkestak ere baditugu eta oro har, proposamenaren kalitatea estimatzen du ikuslegoak.

Aipatzen duzue Internet mundu libre bat dela eta horrela jarraitu behar duela, horregatik Kanaldude sustengatzeko hainbat aukera eskaintzen dituzue, horietako bat borondatezko ekarpena, ba al da borondaterik horrelako ekimenak babesteko?
Behar beharrezkoa dugu herritarren sustengua eta ez arrazoi ekonomikoengatik bakarrik. Kanaldude euskarazko herri telebista parte hartzailea bezala definitzen dugu. Guretzat Kanaldude legitimoa da “herri telebista” den bitartean, hau da, herritarren sustengu eta babesa duen bitartean. Kanaldude bestalde zerbitzu publiko bezala ikusten dugu. Guk herritarrei haien lurraldeko hedabide baten partaide izateko aukera eskaintzen diegu.


Tantaka webseriea.

Funtzionatzen al du borondatezko ekarpen horrek?
Ez da oraindik gure ekonomiaren funtsa, baina agian egun batez! Gorago erran bezala, printzipiozko proposamena da.

Kanaldude mugikorrean ikusteko app-a ere baduzue, zer moduz funtzionatzen du?
Kanaldude aplikazioan nahieran publikatu diren azken bideoak ikusi daitezke, baita zuzeneko seinalea. Hori da eskaintzen duena eta ongi dabil! Jaitsi eta frogatu. Oso praktikoa bilakatu da kirol zaleentzat, eskaintzen ditugun pilota, rugby, mendi lasterketak edo eskubaloi zuzeneko emanaldiak segitzeko.

Etorkizunera begira zein dira zuen helburu eta ametsak?
Partaidetza eta lankidetzak azkartu, Kanalduderen irisgarritasuna hobetu, ekoizpena indartu. Batez ere, gure aktibitatearen muina euskalgintza izanik, geroan ere ikus-entzunezko edukiak euskaraz sortu eta euskaraz eskaintzeko aukerak sustatzeko lanean segituko dugu.