Kamikaz kolektiboak 'Jaiotza Basatia' irratsaioa egingo du abenduaren 26an eta 27an

Kamikaz kolektiboak 'Jaiotza Basatia' irratsaioa egingo du abenduaren 26an eta 27an Gabonen inguruan hausnartuko dute Miren Gaztañaga, Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola eta Iraia Eliasek, saio bakoitzeko elkarrizketatuarekin batera. Aurrez aurre jarraituko ahalko dira bi saioak eta baita NAIZ irratiaren bidez ere. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kamikaz-kolektiboak-jaiotza-basatia-irratsaioa-egingo-du-abenduaren-26an-eta-27an/@@download/image/kamikaze.png
2021/12/21

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Gabonen inguruan hausnartuko dute Miren Gaztañaga, Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola eta Iraia Eliasek, saio bakoitzeko elkarrizketatuarekin batera. Aurrez aurre jarraituko ahalko dira bi saioak eta baita NAIZ irratiaren bidez ere.
Kamikaz kolektiboak 'Jaiotza Basatia' irratsaioa egingo du abenduaren 26an eta 27an

NAIZ Irratiak Jaiotza Basatia irratsaio bikoitza eskainiko du datorren abenduaren 26an eta 27an. Kamikaz kolektiboko Amancay Gaztañaga, Iraia Elias, Erika Olaizola eta Miren Gaztañagak aurkeztuko dituzte saioak eta jendaurrean egingo dituzte gainera. Lehen saioa Azpeitiako Dinamoa sormen gunean izango da eta bigarrena, berriz, Donostiako Doka Antzokian. Naiz Irratian zuzenean entzun ahal izango da FM zein streaming bidez, eta ondoren sare sozialetara igoko dituzte saio osoak, audioak zein ikus-entzunezkoak.

Gabonen inguruko hausnarketa egiteko baliatuko dituzte bi saioak. Miren Gaztañagak azaldu duenez, "abiapuntua Gabonak izango dira" : "Gure emakume izatetik generoa oso presente izango dugu, noski. Begirada kritikotik, umoretik, hauskortasunetik... Nola egingo diegu egun hauei aurre?". Umorea izango dela jakinarazi dute, baina zapore ezberdinak izango direla: "Gure zaurgarritasunari egingo diogu tarte, gure haserreei...baina ezin jakin zer gertatuko den!".

Saio bakoitzak ordu eta laurdeneko iraupena izango du eta elkarrizketa nagusi bat izango da. Azpetian egingo den lehendabiziko saioan XXI. mendeko "Gabon materialisten" haria hartu, eta tira egingo dute aitzinarora arte. Festa hauek izan duten bilakaeran arakatuko dute eta horretarako gonbidatuko dute Aintzane Erkizia, artearen historian doktorea eta EHUko irakasle eta arte erlijiosoan aditua. Iraia Eliasek horrela deskribatu du saio honen nondik norakoa: "Zein da Gabonetako sinbologia? Nola aldatu da genero aldetik? Zergatik ordezkatzen dira horrela? Nik uste dut oso konbertsazio interesgarriak izango ditugula". 

Bigarren saioan, bestelako hari bati helduko diote: festa hauen jatorria alde batera utzi, eta gaur egungo ospakizunak aztertuko dituzte Helena Bereziartua terapeutarekin. "Nik uste dut Gabon egunek pilo bat mugitzen gaituztela, nire inguruan bai behintzat. Zer gertatzen da egun horietan planteatzen diren estereotipoekin ez bazatoz bat?, itaundu du Amancay Gaztañagak. Entzuleari ere egingo diote galdera: "Eta zuri zer mugitzen dizute Gabon festek?". 

Aurrez aurre Azpeitian eta Donostian
Abenduaren 26an, igandean, Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibak kudeatzen duen Dinamoa sormen espazioan izango da Jaiotza Basatia irratsaioa, eguerdiko 12.00etan. Eta abenduaren 27an, aldiz, Donostian izango da Doka Antzokian, arratsaldeko 18.00etan. Aldez aurretik eman beharko da izena irratsaioa aurrez aurre ikusi ahal izateko. Eguna iritsi baino egun batzuk lehenago egongo da izena emateko aukera eta Internet bidez egin beharko da erreserba. Emankizuna hasi baino 30 minutu lehenago irekiko dituzte ateak.