Kameratoian parte hartutako film laburrak bozkatzeko aukera
Euskaltzaleen Topaguneak eta Lekeitioko Euskal Zine Bilerak elkarlanean antolatzen duten 17. Kameratoia film laburren rallyaren deialdia pasa den asteburuan egin dute. Parte hartzen duten 18 eta 35 urte bitarteko gazteek gehienez ere 3 minutu eta erdiko iraupena izango duen euskarazko ikus-entzunezkoa egin behar izaten dute aurrez zehaztutako denboraren barruan. Edizio honetan 16 film labur aurkeztu dituzte eta orain ikusleek azaroaren 18a bitartean bozkatu ahal izango dute lanik gustukoena egitasmoaren atarian. Arratsaldeko 20.00etan amaituko da publikoaren saria bozkatzeko aukera.
Hiru lan saritzen ditu Kameratoiak. Lehen sariak 800 euroko ordainsaria du, 400 eurokoa bigarrenak, eta hirugarrenak, berriz, Euskal Zine Bilera jaialdiko Publikoaren saria jasotzen duenak, Lekeitioko Trinkete aterpetxean gau bateko egonaldia. Lehen eta bigarren sariak Aitziber Garmendia aktore eta sortzaileak, eta iazko Euskal Zine Bileran zuzendari onenaren saria jaso zuten Ibon Goiko eta Aitor Mendilibarrek osatutako epaimahaiak hautatuko dituzte.
Kameratoiaren irabazleak azaroaren 21an iragarriko dituzte, arratsaldeko 17.00etan, zinebilera.eus webgunean egingo duten online emankizunean.


