'Kameratoia' lehiaketan, euskarazko film laburren rallyan, izena emateko epea zabaldu dute

'Kameratoia' lehiaketan, euskarazko film laburren rallyan, izena emateko epea zabaldu dute 18 eta 35 urte arteko gazteek har dezakete parte, eta urriaren 16ra arte eman daiteke izena. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kameratoia-lehiaketan-euskarazko-film-laburren-rallyan-izena-emateko-epea-zabaldu-dute/@@download/image/FcxLh8BWYAESDr2.jfif
2022/09/19

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

18 eta 35 urte arteko gazteek har dezakete parte, eta urriaren 16ra arte eman daiteke izena.
'Kameratoia' lehiaketan, euskarazko film laburren rallyan, izena emateko epea zabaldu dute

Azken bi urtetan online formatuan aritu ostean, aurrez aurrerakora itzuliko da Euskaltzaleen Topaguneak eta Lekeitioko Euskal Zine Bilerak antolatzen duten Kameratoia, euskarazko ikus-entzunezkoen rallya. Lehiaketa urriaren 21etik 23ra bitartean gauzatuko da Lekeition bertan. 

Paul Urkijo zuzendari gasteiztarrak gidoi idazketaren inguruko tailerra emango du, urriaren 21ean. Film laburren gidoiak egiteko aholkuak emango ditu eta parte-hartzaileek galderak egin ahal izango dituzte. Saioa amaitutakoan, lehiaketako gaia zein izango den jakinaraziko du bertan. Ondoren, informazioa webgunean argitaratuko da. Gaia argitaratzen denetik hogeita hamasei ordu izango dute parte-hartzaileek filma gauzatzeko.

Gainera, egonaldi gastuekin laguntzeko asmoz, antolakuntzak izena ematen duten lehen hogei partaideen gau bateko egonaldia  (gaua eta gosaria) hartuko du bere gain. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bi gau igaroko dituztenek lehentasuna izango dute izen-emate ordenean. 

18 eta 35 urte arteko gazteek har dezakete parte lehiaketan eta taldeetan gehienez ere sei kide izango dira. Nahitaezkoa izango da aurrez izena ematea, inprimakia bete eta taldearen aurkezpen bideoa bidaliz, urriaren 16ra arte. Aurkezten diren lehen 30 taldeek izango dute lehiaketan parte hartzeko aukera.

Film laburrak urriaren 23an, eguerdiko 12:00etan, aurkeztu beharko dira, eta 16:30ean aurkeztutako lan guztiak ikusteko aukera izango da Ikusgarri aretoan. Bertan, epaileek beren balorazioak emango dituzte eta 2022ko Kameratoiaren irabazleak iragarriko dituzte. Publikoak ere izango du gustukoen duen lana bozkatzeko aukera. 

Irabazleak 800 euroko saria jasoko du eta filma Laburbira zirkuiturako eta Demasa lehiaketarako sailkatuko da. Bigarrenak, 350 euro eskuratuko ditu eta Demasa lehiaketan sailkatu izatera pasatuko da zuzenean. Publikoaren saria lortzen duen taldeak, berriz, kide guztientzako streaming plataforma baterako hilabeteko sarbidea izango du. 

Oinarriak hemen kontsulta daitezke.