Kameraren albo banatan

Kameraren albo banatan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kameraren-albo-banatan/@@download/image/20121088577inak_1360228662.jpg
2012/10/05
erreportajea
"Goenkale"-ko Mikel "tximas"-en paperean ezagutu genuen Iñaki Beraetxe. Lehenago ere kameraren aurrean eta atzean ibilitakoa zen donostiarra.

Hastapenak bikoizketaren munduan egin zituen, ikastarotxo baten ostean ekin baitzion zinema eta marrazki bizidunetako pertsonaiei ahotsa jartzeari, eta geroztik hamaika proiektutan aritua da. Bikoizketak hizkuntza gutxituei mesede egiten diela sinetsita dago, originalen borobiltasuna ukatzen ez duen arren.

1992an Galizara joan zen Jose Luis Morenorekin grabatzera. “Espainiako dinosauroak” ezagutu zituen orduko hartan, badakizue, Lola Flores, Manolo Escobar, Alejandro Sanz… Eta esperientzia aberats hartatik asko ikasi zuen. Bi urte geroago sartu zen Mikelen gorputzean, ala beharbada, Mikel sartu zen Iñakirenean, arropak, gaztetako izaera errebeldea eta espiritua konpartitzen baitzituzten biek.

Hainbat denboraldiren ostean zinera igaro zen, eta besteak beste, Pilotari, Para Siempre eta Ze Krixto! lanetan hartu zuen parte. Zuzentzearen harrak egin zion kosk orduan, eta Dabid Errastiren gidoi ero batean oinarritutako Txerri-Hankak laburra egin zuen, bere lehen filma. Dagoeneko fikziozko bederatzi film labur egin ditu, azkena oraindik estreinatu gabea; Lekeitioko Euskal Zine Bilerara urtero lantxoren bat aurkezteko duen ohituragatik izango da!

Gaur


Zertan zabiltza azken aldian?
Azken aldian oiloak bezala gabiltza, hemen apurtxo bat, hor beste bat... Ezin ninteke kexa, halere! Gure herrian, gure kulturari esker bizi ahal izatea... la ostia da!

Ze oroitzapen duzu "Goenkale"ko garaiaz?
Goenkalen disfrutatu egin nuen lankideekin, batez ere neskekin. Oraindik lagunarte goxoa mantentzen dut bertako askorekin: Ainhoa Aierbe, Aintzane Gamiz, Nagore Perez, Dabid Errasti, Agurtzane Intxaurraga, Miren Eskisabel...

Eskainiko balizute, itzuliko zinateke telesailera?
Gaur egun, ziur aski giro diferentea izango da… baina, erraz moldatuko nintzatekeela uste dut.

Horren bereizgarri zenuen ile luzea desagertu egin da…
Ile mataza, eta batez ere bibotea moztu eta hurrengo egunetik bertatik konturatu nintzen beste pertsona bat nintzela, inor gutxik ezagutzen ninduela, baita nire auzoan ere. Kristoren abantaila, aizu!

Etorkizunera begira, konta daitekeen proiekturik?
Oraintxe film luze baten gidoia osatu nahi nuke. Ez legoke gaizki idatzi eta nire lagun Iñigo Kintanarekin batera errodatzea... Inshala kamarada!