Kalsarikänni: zoriontsu izateko, barruko arroparekin edan!

Kalsarikänni: zoriontsu izateko, barruko arroparekin edan! Finlandiarrek zoriontasunaren sekretua topatu omen dute; eta zuk, praktikatzen al duzu? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kalsarikanni-zoriontsu-izateko-barruko-arroparekin-edan/@@download/image/kalsarikaenni.jpg
2019/03/25
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Finlandiarrek zoriontasunaren sekretua topatu omen dute; eta zuk, praktikatzen al duzu?
Kalsarikänni: zoriontsu izateko, barruko arroparekin edan!

Finlandiarren zoriontasunerako sekretua ezagutu nahi baduzu, ondo ikasi hitz hau: kalsarikänni. Zertan datza? Kontzeptua sinplea bezain eraginkorra da; egun txarra izan baduzu edota arazoek gainezka egiten badizute, hau da egin behar duzuna kalsarikänni praktikatzeko: etxera iritsi, arropa erantzi soilik kulerotan edota galtzontzilotan geldituz, sofan gozo-gozo eseri eta ardo kopatxo edota garagardotxo bat edan patxada ederrean. Plan borobila, ezta?

Hitzak berak iradokitzen du deskribatutako plana; kalsari (barruko arropa) eta känni (mozkorra). Dena den, praktika honek ez du mozkortasuneraino iristea bilatzen, soilik erlaxazio puntu bat lortzea, beraz, kaña edo kopatxo bat nahikoak lirateke. Alkoholik gabeko edari lasaigarri batek ere efektu bera izan lezake. 

Barruko arropari dagokionez, oinarrizkoena galtzak,bularretakoa edota galtzerdiak kentzea eta eroso jartzea da praktika honen helburua. Askatu! 

Azkenik, kalsarikänni behar bezala praktikatzeko, dieta saltatu eta gustuko dugun gozo edota litxarreria hori jatea gomendatzen da. Noizbehinka apetei kasu egitea da zoriontasunerako gakoa! Eta gogoratu, praktika honen arrakasta ez da berdina izango arratsalde osoa sofan botata ematen baduzu; atsedenaz atseden hartzea ere beharrezkoa da!