Kalifornia, sutan

Kalifornia kiskaltzen dabiltza hainbat sute erraldoi egunotan; AEBetako estatu honetan urtero gertatzen dira suteak, baina azken urteetan bereziki gogorrak eta suntsigarriak izaten ari dira. Zehazki, oraindik indarrean daudenak estatuko historiako bigarren eta hirugarren handienak dira, eta 400.000 hektarea irentsi ditu honezkero.
Datuak ikaragarriak dira; milaka lagunek beren etxeak utzi behar izan dituzte; 6 lagun hil dira dagoeneko eta 100 mila ebakuatu dituzte. 13.700 suhiltzaile dabiltza lanean sua itzaltzeko borrokan, baina pandemiaren erdian lana ez da erraza; hain zuzen, AEBetan suhiltzaileak borondatezko langileak ala presoak dira gehienbat. Suteak ugariak dira, eta soilik estatuaren iparraldean 10 konderri kiskali dira. Gavin Newsom gobernadoreak nazioarteko laguntza eskatu du ezbeharrari aurre egiteko.
Egunotan, Kalifornian bere historiako tenperatura altuenak erregistratu dira, eta ziur aski hori izan da sute masiboen jatorria. Hain zuzen, aurreko astean egin genuen albistean adierazi genuen moduan, Planetan inoiz erregistratu den tenperaturarik altuena jaso zuten Death Valley-n: 54,4 gradu.