Kalifornia, larruaren salmenta debekatu duen Estatu Batuetako lehen estatua
Urtarrilaren 1etik jarri zen indarrean debeku berria. Honela, Kalifornian ilegala izango da larrua saltzea, saltzeko intentzioz erakustea edo diruaren truke banatzea. Estatuan bertan larruarekin egindako produktuak saltzeko asmoz sortzea ere legez kanpo dago jada.
Alta, salbuespen batzuk ere baditu. Debeku honetatik at egongo dira larru erabiliak edo bigarren eskukoak, erlijio helburuekin erabiltzen direnak, xede tribal, kultural edo espiritualak dituztenak edo legez onartuak dauden jarduerekin lotuta daudenak. Hori bai, salbuespen hauetakoren batean sartzen diren larruzko produktuen erregistroa mantendu beharko da.
Hiritar edo erakunde batek legea hausten badu, 500 dolarreko zigorra izango dute kasu arinenek eta larrienek 1.000 dolarrekoa.
Arau berri honek berezitasun ugari ditu, ordea. Larrua esatean ilezko larruari egiten dio erreferentzia, baina ardi larrua eta halako materialekin egindakoak salbuetsiak daude. Gainera, legeak soilik larru mota horren salmenta debekatzen du, ez hauen erabilera.
574 milioi dolarreko negozioa kaltetzen du honela Kaliforniak. Estatu hau, New Yorkekoarekin batera, larruaren negozioan bigarren estatu garrantzitsuena da.

