Kaleratzeen aurka, garraxi ozena

Kaleratzeen aurka, garraxi ozena https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kaleratzeen-aurka-garraxi-ozena/@@download/image/iritzia_iker_ap_1357893270.jpg
2012/12/05
erreportajea
Iker Apilanez (Kaleratzeak Stop Gipuzkoa)
2008tik hona, hemezortzi kaleratze izan dira, egunero, Hego Euskal Herrian. Langabezia gora doa, gizarte laguntzak behera; herritarrak gero eta txiroago banketxeek beraien zuloak estaltzeko gure dirua baliatzen duten bitartean.

Kaleratzeen dramak edozeini eragin dakiokeela gero eta nabariago den honetan, politikarien hitzek jada ez gaituzte engainatuko. Urte luzez, beste alde batera begira egon dira, banketxeak, higiezinen bunbuila aprobetxatuz, gure kontura aberastu diren bitartean eta gu erabat kateatu bitartean. Bankuen doinupean dantzatzen duten politikariek behin eta berriz argi azaldu digute ez dutela borondaterik arazoari aurre egiteko.
 
Aurten Hego Euskal Herrira, administraziotik, hiru neurri iritsi zaizkigu: 'De Guindos' legea, Bitartekaritza Zerbitzua eta Raxoiren azken dekretua. Hirurak dira hutsalak, gure errealitatetik urrun bizi baitira gugan pentsatzen dutela esanez gobernatzen dutenak.

Etxebizitza gal dezaketenen profila asko zabaldu da: gazte zein guraso, langile zein langabe, etxejabe zein maizter, autonomo edo abalista… denok gaude arriskuan. Maileguari aurre egiteko dugun gaitasuna ahuldu digute eta, banketxeek legea aldeko dutenez, aiztoa zorrozten jarraitzen dute euren berekoikerian murgilduta konponbideak emateko inolako asmorik gabe. Baina herritarrak ez gara drama honen errudun, politika neoliberalen biktima gara; horren ardura gure gain ezarri nahi badute ere, zalantzarik gabe banketxeak dira egoera lazgarri honen azken arduradunak.  

Politikariek legea aldatzen ez duten bitartean, banketxeen borondatea aldatzeko tresna bakarra gizarte indarra da, gure ahotsa karriketara atera eta kaleratzeen aurkako jarrera irmoa azaltzea. Azken bi urteetan 500 kaleratze geldiarazi ditugu, eta hori da bidea. Ez dugu onartuko familia gehiagoren sufrimendua, ez dugu heriotza bakar bat gehiago onartuko, politikariek aldatu nahi ez dutena gizartearen indarrak aldatuko baitu. Kaleratzeak gelditu!