Kaleko arteen ikuskizun ugari izango dira irailean Bilboko auzoetan
Bilboko Udalak bihar jarriko du berriz martxan Eszena Kalera programa, maiatza eta iraila bitartean hiriko hainbat auzotan gauzatzen dena. Irailaren 25era bitarte, zirku, klun, dantza, magia eta kale antzerki ikuskizunak izango dira. Guztira hamazazpi taldek hartuko dute parte, eta 29 emanaldi egingo dituzte.
Konpainia hauek izango dira emanaldiak eskaintzen: Proyecto Larrua, Eva Guerrero, Ganso & Cía, Deabrukeriak, Hortzmuga Teatroa, Rojo Telón, Malas Compañías Zirko Taldea, Maite Guevara, Xilipurdi Antzerkia, Magia En Zapatillas, Imaginaciones Nai, Haatik Dantza, Dikothomia Cía, Oihulari Klown, Sinvergüenzas Exprésate, Zirko Txosko, Jour De Fête Cie eta Barré Cía.
Bihar abiatuko dute programa, Proyecto Larruaren eta Eva Guerreroren Muda eta Gorpuztu laburra ikuskizunekin. Testurik gabeko emanaldiak izango dira, ordu erdikoak, eta 19:00etatik aurrera hasiko dira, Atxuriko Enkarnazio Plazan. Muda antzezlana Proyecto Larrua konpainiak larruazalaren inguruan garatutako triptiko baten parte da, eta bertan aldaketa prozesu bat hasi eta elkarrekin eraldaketarako bidea dauden bi emakumeren istorioa kontatzen da. Eva Guerrero konpainiaren Gorpuztu laburra, berriz dantza garaikideko ikuskizuna da, oreka bilatzeari eta lasaitasuna aurkitzeko borrokari buruzkoa, eta une zein erlijio jakin batzuetan gorputzaren erabilerari buruzko ikerketa du abiapuntu.
Larunbatean, hilak 3, Ganso & Cia konpainiaren Mambo Bingo klun ikuskizuna izango da, 19:00etatik aurrera, Lehendakari Agirre Etorbidearen 184 zenbakian (Elorrieta). Bingoan eta mambo musikan oinarritutako umorezko emanaldia izango da.
Ikuskizunen, konpainien eta hitzorduen inguruko informazio guztia hemen kontsulta daiteke.

