Kaleko artearen 32. Kaleka jaialdia izango da asteburuan Lekeition
Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdian hamalau ikuskizun izango dira herriko hainbat gunetan, gaurtik igandera bitarte. Edizio honetan parte hartuko duten konpainiak eta taldeak Katalunia, Madril, Galizia, Andaluzia, Murtzia eta Euskal Herrikoak izango dira. Antzerkia, clownak, piroteknia, malabareak eta gogoeta eragingo duten ikuskizunak izango dira egitarauan.
Kaleka Ofiziala sailean formatu ezberdinak lantzen dituzten konpainia eta kolektiboen lanak izango dira. Aurten El mono habitado, Barsanti, Kaput, Markeliñe eta Lekittoko Deabruak konpainiek parte hartuko dute.

Horiez gain, Espainiako Estatuko Troula Animaciones, Javier Ariza, Nacho Vilar Producciones, Ambae Company, El Gran Dimitri eta Bucraá Circus-ek ere eskainiko dituzte emanaldiak.

Kaleka Scratch izeneko atalean garapen edo sorrera prozesuan dauden lanak izango dira, kultur agente, artista, ikusle eta abarren arteko sormenezko elkar-trukea garatzeko espazioak eskainiz. Edizio honetan hogeita bat eskaera jaso dira eta horietatik bi aukeratu dituzte, bata Bartzelonakoa eta bestea Nafarroakoa: Idoloca eta La Suricata Circus.

Kalekaz Blai sailak, berriz, esperimentazioarekin eta ikusleen parte-hartze zuzenarekin lotutako ekintzak bilduko ditu. Edizio honetan Bambolea konpainiaren Circus Feria izango da. Zirku azoka honek zirkugintzaren alor ezberdinak hartuko ditu bere barnean: feria jokoak, zirku tailerrak eta ikuskizunak.


