Kalean "litroak" egiten

Kalean "litroak" egiten https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kalean-quotlitroakquot-egiten/@@download/image/38p21-1.jpg
2004/02/06
erreportajea
Unai Brea
Gazteak, alkohola, asteburua, kalea… Eta zarata, zikinkeria, bizilagunen kexak... Botilatzarrak, kalean edateko ohitura horrek, batzuen eta besteen eskubideak jartzen ditu parez pare. Sarritan, alderik ahulenaren —alegia, gazteen— kontrako jarreraz "konpondu" izan gura da auzia. Dena dela, errepresioa ez da bide egokiena.

Aspaldiko kontuak dira. Gure kultura alkoholzale honetan, nork bere moduan ekiten dio egunero, astebururo edo egokitzen denero zurrutaz gozatzeari. Gazteen kasuan, ekonomiak agintzen du: bariku eta zapatuetan, herri askotako kaleak bete egiten dira nonbait merke erositakoa edaten dabiltzan neska-mutilez. Botilatzarra esan zaio horri azken boladan. Izena gorabehera, jaiaz gozatu nahi duten gazteen eta lasai egon nahi duten bizilagunen eskubideak elkarren aurrean jartzen dira. Gurean bada 'litroak egiten' —horrela esaten diogu gazteok— dabilenik: Baionan errugby zelaiaren inguruetan, Donostian Zuloaga plazan, Iruñean Gaztelu plazako inguruetan….

Berangoko kasua
Berangon, Bizkaian, egoerak gainezka egin zuen duela hilabete batzuk. Bertako diskoteka handi batek erakarrita, astebururo, arratsaldeko lehen orduetatik gazte mordoa etorri ohi zen herrira diskotekaren alboko hipermerkatuan edariak erosi, eta parkeetan edateko asmoz. Arazoak laster hasi ziren: bizilagunek ez zuten zaratarik ezta zikinkeriarik nahi etxe alboan, eta Udalari neurriak har zitzan eskatu zioten: gazteei bertan egotera debekatzea, udaltzain gehiago jartzea eta abar.

Udalak, ordea, arazoari behin betiko irtenbidea eman nahi zion, eta ez soilik botilatzarra lekuz aldatzea. Horregatik, laguntza eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Drogomenpekotasun Zuzendaritzari, plan bat egin zezan. Beti ere, guztien iritziak kontuan hartzea eta guztien eskubideak errespetatzea izan behar zuten planaren ezaugarri nagusiak.

Egoeraren diagnosia
Irailetik, lanean dihardute Drogomenpekotasun Zuzendaritzako teknikariek. Plana egiteko ezinbestekotzat jo zuten egoeraren diagnosia egitea. "Berangoko alkatearen ustez, arazoa ez da neurri errepresiboekin konponduko, gizarte osoaren parte hartzearekin baizik", dio Mireia Viladomiu auzian aritutako teknikariak. Horrela, gaiarekin zerikusia duten guztiekin harremanetan jarri dira: bizilagunekin, ostalariekin, elkarteekin… eta gazteekin noski. "Gazteek garrantzi handia ematen diote jaiari, alkohola edateari… Eurentzat, kalean edatea eskubidea da, kalea guztiona baita. Hala ere, onartzen dute arau batzuk egon behar dutela", esan digu Viladomiuk. Zein izan daiteke orduan konponbidea? "Arazoa Berangoz gaindikoa da. Gure asmoa gazteak informatzea da, alkohola era arduratsuan har dezaten. Ez gaude neurri errepresiboen alde. Horregatik, kanpaina bati ekingo diogu gazteen artean: alkoholaren arriskuak azalduz…". Nahikoa izango al da kanpaina fenomenoarekin amaitzeko?

Gazteek zer diote?
GAZTETXULOk, zelan ez, gazteen iritziak jaso nahi izan ditu. Ez pentsa erraza izan denik. Berangoko diskotekak arratsaldeko zerbitzua kentzea erabaki berri du, eta —ziur asko auziaren kontura—. Gauzak horrela, dagoeneko Berangon ez dabil ehunka gazte bariku eta zapatu arratsaldez, inguruko herrietara eta urrutirago —Elgoibarreraino batzuk— joan ohi dira 'litroak egitera'. Hala ere, ordu txikitan auto mordoa biltzen da oraindik diskotekaren atzealdean, eta tetrabrik konbinatu edale amorratuak ere bai. 

Koadrila batek bere ikuspuntua eman digu: "Badakigu traba egiten dugula, baina hemen ez hainbeste, ez da inor bizi eta". Pare bat baserri baino ez dago inguruan. "Gertatzen dena da ez dela edateko leku egokirik atontzen kalean", esan digute. Edatekotan, kalean egitea ezinbestekotzat dute; 18 eta 19 urte inguru dauzkate, eta euren ekonomia ez da diskoteketako eta tabernetako prezioei aurre egiteko gauza. 

Beste kontu bat da edatea beharrezkoa den ala ez. Horren gainean, zera aipatu digu galdetutako batek: "Betidanik edan izan da gurean, eta sekula ez zaio orain adina sonarik eman. Ez ei da berdin geuk edatea eta gurasoak egun osoan txikiteoan aritzea". Argi dago iritziak bat etortzea ez dela erraza.

Elgoibar larunbatetan: "D" eguna



Badoaz! Lurrikara pasatu da! Azken trenean sartu dira litroak egiten dabiltzan gazteak. Hobe bai kalean zehar oin puntetan ibili, Paulovaren moduan, txukuna utzi digute herria eta! Gogoan al duk bi gaztetxo tren azpira erori zirenekoa?”, galdetu dio emakume batek beste bati. “Hago isilik! Behin pasatuta gehiegi dun!”. Behin? Larunbatero gauza bera. Hemeretzi urteko neska batek esan digunez, “aste osoa egoten naiz larunbata noiz iritsiko zain! Estresa kendu, lagunak ikusi eta parranda!”. Hamalautik hogei urtera bitartekoak dira. Ez duzu 22 urteko asko litroak egiten ikusiko. Eta Udalak zer dio? Alkateak dioenez, “agente sozial guztiok gazteen jokabidea aldatu nahi dugu”. Alkohola ez edatea bultzatzea, alegia. Tabernariek ere badute zeresana: “Elgoibar duela 16-17 urtetik hona modan dago”. Elgoibarko Gurutze Gorriko zuzendariak dioenez, gazte askok makal samar amaitzen dute, eta gero eta gaztegoak dira: “Beti bi kalimotxo baino ez dituztela edan esaten dute, eta gurasoei ez deitzeko esaten digute. Lehen 16-17 urteko jendea zen, baina orain 14 urteko umeak ere bai!” Baina nola lortzen dute 14 edo 16 urtekoek alkohola? “Gaztetxoenek litroak hartzen dituzte, merkeago mozkortzen baitira.  Edariak dendetan erosteko beti dago 18 urte bete dituen ezagunen bat...”, esan digu herriko beste tabernari batek.