KALEAK EMAKUMEENAK ERE BAZIREN: 50. HAMARKADAKO NEW YORK-EKO NESKA TALDEAK

KALEAK EMAKUMEENAK ERE BAZIREN: 50. HAMARKADAKO NEW YORK-EKO NESKA TALDEAK Mehatxua gauarekin batera iristen zen, hiria aldatzen zenean, orduan izaki basatiek gobernatzen zituzten lurralde ezberdinak. Arerioz betetako lekua bihurtzen zen hiria. Ongi etorri ezkutuko hirira, jaberik gabeko oihanera. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kaleak-emakumeenak-ere-baziren-50-hamarkadako-new-york-eko-neska-taldeak/@@download/image/2.jpg
2019/05/16

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Mehatxua gauarekin batera iristen zen, hiria aldatzen zenean, orduan izaki basatiek gobernatzen zituzten lurralde ezberdinak. Arerioz betetako lekua bihurtzen zen hiria. Ongi etorri ezkutuko hirira, jaberik gabeko oihanera.
KALEAK EMAKUMEENAK ERE BAZIREN: 50. HAMARKADAKO NEW YORK-EKO NESKA TALDEAK

Gerra gune bat balitz bezala, lurralde edo auzo bakoitza talde batek kontrolatzen zuen eta normalean talde hauek beldurra sorrarazten zuten izenak erabiltzen zituzten: Vampires, Dragones, Black Angels edota talde beltz indartsua zen Egyptian Kings deitutakoa. Azken hauek kontrolatzen zuten Harlem beltza eta eurekin aliatu ziren Jesters taldea, beste sektore bateko jabeak. Horrela, badaezpadako bakea lortu zen, bizirauteko beste ezertarako balio ez zuena, baina behintzat garaiko New York-en arnas apur bat har zitekeen.

50. hamarkadako New York tribu gerlarien hiriburua zen. Metropolia lurraldeka banatua zegoen eta lurralde bakoitzean moralik eta eskrupulurik gabeko gazteek agintzen zuten. Beldurraren bidez kontrolatzen zuten lurraldea eta ezezagunek ezin zuten beren jabetzatik ibili behin gaua iritsitakoan, ez behintzat edozein motatako arriskuei aurre egin gabe.

Esan beharra dago prentsak arrisku hauek puztu egiten zituztela, zineak azpigenero bat sortua zuen beti argumentu antzekoekin: nerabe talde batek inongo zentzurik gabeko indarkeria erabiltzen du. Pelikula hauek moralkeria eta ikasbidez josita zeuden, talde horien aurkako propaganda zabalduaz. Ez da ordea talde hauen biolentzia erdeinatu behar, edozein motatako armak erabiltzen baitzituzten euren helburuak lortzeko, batez ere arma zuriak: labaina automatikoak, matxeteak edota arpoiak.

Erregina diplomatikoak
Garai hartako neska taldeen inguruko informazio gehiegirik ez dagoen arren, jakin da 1956an Brooklyn-en esklusiboki emakumez osatutako taldeen enfrentamendua jazo zela. The Diplomat Queens eta Chaplains taldeak aurrez aurre borrokatu ziren. Eskura zuten guztia erabiliz borrokatu ere (labainak, makilak...) metro sarrera baten ahoan. 12 urte soilik ez zituen neska bat hil zen enfrentamendu hartan. Halere, hilketa hori izan zen neska taldeen hilketa bakarra horrelako nerabe talde hauen urte gorenak iraun zuten bitartean (1955etik 1959ra).

Haatik, fenomenoa uste dena baino handiagoa izan omen zen eta neska taldeen inguruko dokumentu gehiegirik ez badago ere zenbait argazki salbatu ahal izan dira garaiko “Girls Sisterhood Republic” erreportajetik. 1955. urteko argazkiak dira eta bertan Lower East Side-eko neska talde bat azaltzen da. Argazkietan taldeko nagusi moduan posatzen dute eskuz egindako pistolekin, kartzelan edukitzen dituztenen oso antzekoekin. Erronkari azaltzen dira, baina dantzatzeko denbora ere badute. Dibertsioa eta hedonismoa aldarrikatzen zuten, ez ziren saiatzen talde maskulinoak imitatzen. Espiritu hori ordea, 60. hamarkadan galdu egingo da, neska taldeek askoz ere itxura gogorragoa izango baitute eta gizonezkoen taldeak imitatzen saiatuko baitira. Dena den, itxurak itxura, nork esan du kaleak gizonezkoenak direla soilik?