Kalamu terapeutikoaren erabilera onartu da Espainiar Estatuan

Kalamu terapeutikoaren erabilera onartu da Espainiar Estatuan Urte honen amaierarako eskuragarri egongo da kalamu sendagarria botiketan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kalamu-terapeutikoaren-erabilera-onartu-da-espainiar-estatuan/@@download/image/cannabis-medicinal2-U27133030401AAI-620x349@abc.jpg
2022/06/28

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Urte honen amaierarako eskuragarri egongo da kalamu sendagarria botiketan.
Kalamu terapeutikoaren erabilera onartu da Espainiar Estatuan

Kalamu sendagarriaren erabilera onartu du Espainiak. Espainiako Sendagaien Agentziak, hemendik aurrera sei hilabete izango ditu araudi berriaren gomendioak txertatzeko. Beraz, kalamu terapeutikoa urte bukaeran merkaturatuko da Espainian. 

Dena den, oraingoz, kalamuaren erabilera nahiko mugatua izango da: esklerosi anizkoizdunen mina tratatzeko, epilepsia mota batzuetarako eta kimioterapiak sortutako goragaleak arintzeko erabiliko dela oraingoz aipatu da. Min kronikoa dutenen kasuan ere aplikagarria izan liteke eta etorkizunean beste aholku terapeutikoetara ere zabaltzeko atea irekia utzi dute. 

Adituek begi onez hartu dute erabakia eta argi utzi dute kalamuaren erabilera terapeutikoa beste tresna bat gehiago izango dela, besterik ez. Izan ere, mina oso subjektiboa da eta paziente bati funtzionatzen dionak ez dio zertan besteari funtzionatu. Horregatik, beste hainbat aukeretako bat izango da marihuanaren erabilera terapeutikoa. Kalamu sendagarriaren Espainiar Behatokiak kalkulatzen du kalamua modu terapeutikoa erabiltzen duten 300.000 pertsonak erabaki honen onura nabarituko dutela. 

Kalamu terapeutikoa botiketan merkaturatuko da. Hori bai, osasun langileek preskribatuta soilik lortu ahalko da eta kalamua erabiliko duten pazienteen erregistro bat sortuko da.