Kalakan eta Euskadiko Orkestraren diskoa eta kontzertuak

Kalakan eta Euskadiko Orkestraren diskoa eta kontzertuak Euskal traidizioko hamabi kantu biltzen ditu diskoak. Gaur eskainiko dute bost kontzertuetatik lehena Iruñeko Baluarten. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kalakan-eta-euskadiko-orkestraren-diskoa-eta-kontzertuak/@@download/image/kalakan orkestra.png
2021/10/20

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

 

 

Euskal traidizioko hamabi kantu biltzen ditu diskoak. Gaur eskainiko dute bost kontzertuetatik lehena Iruñeko Baluarten.
Kalakan eta Euskadiko Orkestraren diskoa eta kontzertuak

Apiril amaieran Miramonen lehen entseguak egiten hasi ziren elkarrekin Kalakan eta Euskadiko Orkestra, disko bat eta kontzertu-sorta bat prestatzeko asmoz. Hurrengo hilabeetan grabazio saioak egin, estudioko ekoizpena udan, eta disko berria eskuartean dute orain. Euskal tradizioko hamabi kantak osatzen dute diskoa, tartean Loriak Udan, Bereterretxeren Kantorea edoTxoria txori

Kalakan eta Euskadiko Orkestraren arteko elkarlan honen muina euskal musika tradizionala da. Urte luzez Kalakan taldeak euskal folklorea berritzen egin duen saiakera mundu klasikoarekin uztartzea da proiektuaren helburu nagusia. Hirukoteak argitaratu dituen hainbat kanta orkestraren mintzairara ekarri ditu Jagoba Astiazaran konpositoreak, euskal kantagintzan aski ezagunak diren Iruten ari nuzu edo Kantuz esaterako. Kalakan taldeak erabili ohi dituen hainbat instrumentu tradizionalek ere presentzia nabarmena dute, txalapartak, txirulak edo albokak, adibidez, zeinak beste instrumentuekin batera txertatu diren orkestran. Gainera, Xalbador eta Bilintx bertsolarien hainbat hitz jaso dituzte proiektu honetarako sortu diren pieza batzuetan, baita Mikel Laboa eta Joxean Artzeren Txoria txori kantaren "bertsio guztiz ezberdina" ere.

Diskoa merkataritza-establezimendu eta plataforma digital nagusietan eskuratu daiteke. Abenduan izango den Durangoko Azokan ere aurkeztuko dute diskoa. 

Bost kontzertu
Diskoko kantuak aurkezteko bost kontzertu antolatu dituzte: gaur Iruñeko Baluarte Auditoriumean, bihar Gasteizko Principal Antzokian, ostiralean Bilboko Arriaga Antzokian, larunbatean Donibane Lohizuneko Jai Alaien, eta azaroaren 5ean Donostiako Kursaalen. Diskoko abestiak interpretatzeaz gain, beste hainbat sorpresa ere eskainiko dituzte kontzertuetan

Kontzertu guztietarako sarrerak salgai daude 10 eta 26 euro bitartean Euskadiko Orkestraren webgunean, eta baita aretoen webgune eta leihatiletan ere. Kontzertuetan ere egongo da salgai diskoa.

Proiektu hau orkestraren KlasikAT ekimenaren baitan kokatzen da. Duela bi hamarkada baino gehiagotik, egitasmo honen bidez Euskadiko Orkestrak apustu irmoa egin du ohiko errepertorioetatik haratago doazen beste generotako musika-ekoizpenaren alde. Besteak beste, esparru sinfonikokoak ez diren honako artistekin egin du lan orkestrak: Benito Lertxundi, Golden Apple Quartet, Michel Camilo, Emilio Aragon, Kepa Junkera, Mike Oldfield, Ken Zazpi, Dr. Deseo, Zea Mays, Huntza eta Izaro.