Kalabaza Tripontziak

Kalabaza Tripontziak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kalabaza-tripontziak/@@download/image/1p14-1.jpg
2000/10/06
erreportajea
Asier Leoz
The Smashing Pumpkins taldeak kontzertua eskainiko du hilaren 12an Donostiako Anoetako belodromoan. Bira honen ostean, talda banandu egingo da.

Datorren ostegunean The Smashing Pumpkins ikustera joateko arrazoi bila hasiko bazina, berehala topatuko zenuke lehendabizikoa; bira ondoren taldea banadu egingo da eta beraz, Donostiakoa Billy Corganen mutilak taulagainean ikusteko azken aukera izan daiteke.

Aitzakia gehigao beharko bazenu ordea, ez zenuke hain lan erraza izango. Garaiz erretiratzen jakitea ez da gauza erraza; Pixies eta Jane's Adiction taldeek, adibidez, hilotz polita eta gaztea utzi zuten, Jim Morrisonek noizbait esandakoarekin bat. Baita Nirvana taldeak ere, abeslariak bere buruaz beste egin izanak haien ibilbidea baldintzatu bazuen ere. Gehiago dira ordea, nabarmen zaharkitu arren, tokia libre utzi nahi ez dutenak, Metallicakoak, adibidez.

The Smashing Pumpkins ez dira inoiz maldan beheran puntu horretara iritsi, baina hala ere, zuloaren ertzean dabiltza dantzan. Euren bi azken lanetan ez dago garai bateko argiaren arrastorik, nahiz eta Corganen ahotsa duela zazpi urte "Siamese Dream" diskoan zirarra sortzen zuen bera den.

1995ko "Melon Collie and the Infinite Sadness" lan bikoitzean oinak putzuan sartzen hasi ziren. Diskoa, 70ko hamarkadako zenbait bilduma mitikoren antzera, bi zatitan banatutako disko kontzeptuala da (egunsentia eta ilunabarra), zortzi minututik gorako konposaketa korapilatsuak ditu, baina, handitasuna tamainarekin nahastu arren, bertako zenbait unetan inoiz izandako mailarik gorenera iritsi zirenez, gehiegizko obra hura salbatzea erdietsi zuten.

Egin kasu Homer-i!

Billy Corgan izarren aristokrazian bete-betean sartzeak ere ez dio onik egin taldeari. Hobe luke Homer-en gomendioak jarraitu izan balitu, taldea "The Simpson's" telesailean agertu zenean. Hori egin ordez, pare bat urte pasa du musika mundukoak diren beste aldizkari guztietan agertzen eta bere zilborrari begira. Courtney Love-ren antzera.

Gaur egun The Smashing Pumpkins egiten ari diren biran betiko kantuak dira, "Siamese Dream" eta "Mellon Collie and the Infinite Sadness" diskoetakoak, ikusleak eserlekuetatik altxarazten dituztenak eta denborak aurrera egin ahala, gero eta gehiago nabarituko zaie kantu horiekiko menpekotasuna. Horregatik, oraindik garaiz dabiltza egindako bidea itzuraz amaitzeko.