Kaixo txiki! Desira, erditu osteko garaian

Kaixo txiki! Desira, erditu osteko garaian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kaixo-txiki-desira-erditu-osteko-garaian/@@download/image/sexuak_140_1367496133.jpg
2013/05/06
erreportajea
Testua: Nerea Sancho. Bitxigorria.
Haurdunaldia noiz bukatuko den jakin gabe ala programatuta, hainbeste espero dugun txikia jaio eta erditu osteko garaia iritsi da, mitoz betetako etapa. Amak bikotekidearekin nahiz gertukoekin ala ezezagunekin zituen harremanak transformatu egingo dira.


Erditze osteko garai hau bi urtez luza daiteke, baina iraupena aldakorra da emakume batetik bestera, baita bizipenak ere. Era berean, guraso izateko moduak askotarikoak dira: ernalketa era naturalean ala lagunduta gerta daiteke, bikotekideak sexu berekoak ala desberdinetakoak izan daitezke, familia monoparentala izan daiteke, haurra adoptatua izan daiteke, erditzea ere naturala ala programatua izan daiteke, etxean ala ospitalean, lehenengo umea izango da ala ez, agian bikiak… Datozen lerroetan, zehazki, bikote heterosexual baten lehen erditu osteko garaiari buruz idatziko dugu, beti ere argi utzita aukera guztiek dutela gure onarpena eta babesa.

Lehendabiziko puntu garrantzitsua nork bere gorputzarekin eta identitatearekin segurtasuna lortzea da eta, gainera, ama izateaz gain, neskari emakume eta bikote/emazte/neskalagun nortasun berri bat eskuratzea tokatuko zaio; plazera eman eta jasotzeko bide berriak esploratzeko momentua da.

Desira maskulino eta femeninoek bat egiteko jarrerak landu
Desira maskulinoa exekutiboa, penetratiboa, zuzena, bisuala, esplizitua izan ohi da. Zer edo zer zehatza bilatu ohi du, asetu eta tentsioa deskargatu. Femeninoa, berriz, sarri, sentsorialagoa, kontestualagoa izan ohi da; harremanak berak ematen diona baloratzen du, egingo dena baino gehiago norekin egingo den izaten da garrantzitsuena. Erditu ostean, emakumearen gorputza, pentsamenduak, bizipenak… dena sentiberagoa bilakatu ohi da. Orduan, nola bat egin bikotekidearekin? Mutilak pazientzia badu eta neska ulerkorra bada, gauzak ongi joan daitezke.

Espektatibak berritu eta elkartasuna indartu

Lehengo bizitza erotiko konpartitua, lehen funtzionatzen zuten sistemak, moduak... jada beharbada ez dira erabilgarriak. Exijentziak gutxitzea interesgarria izan daiteke, gutxiago espero izatea, helburu sinpleagoak markatzea:  10ekoa atera ordez, 6 edo 5 batekin konformatzea estrategia ona izan daiteke. Bestetik, emakumeak sarketarako gogorik ez badu, edo gorputza ukitzen diotenean ez bada gustura sentitzen, gizonezkoari asetzen lagun diezaioke, masturbatuz adibidez; kidea kontuan hartzen duela adierazteko modu bat da. Bestalde, kontrakoa gertatzen bada eta titien botere berriak aktibatzearen ondorioz neskaren desira gehiago pizten bada, hori asetzen laguntzea ere interesgarria litzateke, solidarioa, kasu honetan, gizonezkoa izanik.

Garrantzitsuena hanka ez sartzea da
Baliteke etapa berri honetan gauzak ondo egitea baino gehiago huts ez egitea izatea helburua. Harremanean gustura sentitzeak desira piztu dezake, eta kontrakoak itzali. Hona emakumezkoek izaten dituzten kexa garrantzitsuenen zerrendatxoa:

• "Ez da konturatzen desberdin nagoela, nire mundua, dena, desberdina dela orain".

• "Babesa behar dut, deiak, bisitak, bere familia... mugak jartzen lagunduko balit...".

• "Ez dit galdetzen ea zer moduz joan zaidan eguna, badakielako kexatu egingo naizela eta laguntza behar dudala, bakarrik sentitzen naiz".

• "Itxusi ikusten dut nire burua, ileapaindegira joan beharko nuke baina ez dut denborarik, arropa gaizki gelditzen zait, nire gorputza arraro dago, ez naiz erakargarri sentitzen".

• "Berak bere bizitza normalarekin jarraitzen du: lana, lagunak, kirola... ni 24 orduz lanean nabil, eta ez da konturatzen".

• "Ohean  portatila (mugikorra, mp3...) sartzen du, ezin dugu hitz egin, amorratuta nago".

• "Besarkada bat eta musu bat behar ditut baina, eskatzen badizkiot, uste du larrua jotzen bukatu behar dugula, hortaz muxu eta besarkadarik gabe bizitzen ari naiz, triste nago".

Iritsi berri den txikiak irakaspen ugari dakartza gurasoentzat eta, beraz, bikote bezala indartuta ateratzeko erronka paregabea dute esku artean: elkar ezagutu, onartu eta zaintzea.

Titirik gabe, paradisurik ez



Testua: Carlos J. Lahoz

Osagaiak:
Urdaiazpiko iberiko xerra finak, olibak, maionesa, txaka, ketchupa, pipermin larrosa aleak eta ogi tostadak.

Nola prestatu:
Silikonazko kubitera bat hartu eta konpartimentu bakoitza olio pittin batez busti. Hutsunea urdaiazpiko xerrekin forratu, punta batzuk kanpoan utziz. Hartu urdaiazpiko gehiago eta ongi txikitu txaka eta olibekin batera, ondoren maionesarekin nahastu masa bat lortu arte eta bete urdaiazpikoz forratutako hutsuneak. Kanpoan geratu diren urdaiazpiko xerren puntekin itxi konpartimentu bakoitza. 20 minutuz izozkailura sartu trinkotzeko, eta ondoren kubiteratik atera. Ketchupa eta maionesa nahastuz saltsa larrosa lortu titien aureola marrazteko (nahi izanez gero, laranja zuku ukitu bat eta Vermouth tanta batzuk ere gehitu dakizkioke saltsari). Titi-puntak osatzeko, pipermin larrosa ale bana ipiniko dugu. Bukatzeko, hartu tostada bat eta jarri bertan bi ‘titiak’.

Iradokizuna:
Lagunartean bazaude, bururatzen zaizkizun txorakeria guztiak esan ditzakezu. Baina zer edo zertan saiatzeko asmoa izanez gero, hobe duzu aurrean duzunaren balizko erantzuna neurtu; agian hobe izango baita eguraldiaz hitz egitea eta denbora gehiago ematea. Egun suizida samarra baduzu, begietara begira diezaiokezu samur, eta galdetu: non egon zara denbora honetan guztian?