Kaixo Maitiaren Kontaketa Erotikoen Lehiaketako zortzi lan finalistak baloratzeko aukera eman dute
Kaixomaitia.eus guneak 2021ko abenduan abiarazi zuen Kontaketa Erotikoen Leihaketaren II. edizioa eta 21 testu jaso dituzte deialdia egin ondotik. Dorleta Kortazar Alkoz ipuin kontalariak, Antxiñe Mendizabal Aranburu idazle eta editoreak, eta Iñigo Arandia Galarraga webguneko kudeatzaileak osatutako epaimahaiak zortzi lan aukeratu ditu. Zortzi testu finalistak webgunean zintzilikatu dituzte, modu anonimoan publikatuta, guneko erabiltzaileek lanak baloratzeko aukera izan dezaten, 1etik 10era.
Honako hauek dira hautatutako lanak:
- Azalera
- Bihotza lapurtu zidan Panpayruna
- Esnatu
- Gorria
- Inspirazio Basa
- Itzulera
- Ostera
- Vänköping-eko sauna
Epaimahaiak otsaila amaierarako hartuko du azken erabakia. Testuen kalitate narratiboa eta literarioa hartuko du kontuan epaimahaiak eta baita hizkuntzaren erabilera maila ere, eta bereziki erotismoaren, harreman afektibo eta sexualen kontaketan erakutsitako hiztegi, metafora eta esamoldeen aberastasun eta originaltasuna. Horretaz gain, idazlanak genero berdintasunean eta honen errespetuan oinarrituak izatea eta heteronormatibitatetik haratagoko harreman afektibo eta sexualen inguruko begirada ireki eta zabala proposatzea ere baloratuko dute. Era berean, kontuan hartuko dute idazlan horiek Kaixomaitia.eus–en blogean, nahiz sare sozialetan publikatzean, izandako oihartzuna eta irakurleen balorazioa.
Martxoan egingo den sari banaketan bertan emango zaie azken erabakiaren berri zortzi finalistei. Irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du, bigarren sailkatuak 500 eurokoa, eta hirugarrenak 250 eurokoa. Gainera, lehen zortzi sailkatuek Elkar argitaletxearen liburu-sorta eta 100 euroko Elkar liburu-dendetarako opari txartel bana jasoko dituzte.


