Kafea, galletak… eta haragi xerrak

Kafea, galletak… eta haragi xerrak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kafea-galletak-eta-haragi-xerrak/@@download/image/2010567432Kafea_eta_Galletak.jpg
2010/05/07
erreportajea
Testua: Julen Azpitarte Argazkiak: Ekaitz Goienetxea eta Julen Azpitarte


Joan den apirilaren 10ean Gernikako gaztetxera gerturatu ginen Bermeoko Los Steaks hirukotea ikustera. Emanaldia Kafea eta Galletak ekimenaren baitan atondu zuten. Joan den hilekoa 16. saioa izan zen, baina lehenago ere makina bat talde igaro da bertatik; tartean, Akauzazte, Elurretan, Xabier Montoia, Caligula edo Mannet. Kafea eta Galletak arratsaldeek bi zati izaten dituzte: disko entzunaldia lehenik (kontzertua emango duen taldeak aukeratzen du diskoa), eta zuzenekoa ondoren. Hala, 18:00etan, Bermeoako The Steaks taldekoek aukeratutako The Dwight Twilley Band power pop taldearen Twilley Don't Mind (1977) lana entzun genuen pastak kafetan bustitzearekin batera –kañak eta txupitoak ere ikusi genituen–. Entzunaldiaren ostean, Los Steaks-eko Ander kideari hiruzpalau galdera bota eta Twilley Don't Mind kultuzko lana dela jakin genuen; Big Star, Badfinger edota Raspberries tankerako taldeen grabazioen ondoan jarri beharrekoa.

Ordubete geroago, 19:00ak aldera, Los Steaks igo ziren oholtza gainera bi nobedaderekin: No Moon Album (Disco Humeantes) laneko kantuak; eta taldekide berria, baxu jotzailea. Orain arte bi gitarra eta bateriarekin soilik jotzen baitzuten Bizkaiko kostaldeko haragi xerra hauek. Ba, ozen esan beharra daukagu baxu jotzaile berriarekin taldeak asko irabazi duela. Anderrek askatasun handiagoa du orain abesteko eta gitarra jotzeko, eta oinarri erritmikoak, kantuak gehiago betetzen edo sendotzen ditu. Estiloan ere eragina izan du aldaketak. Taldearen hastapenetan nabari ziren rhythm & blues arrastoek oraindik bere horretan jarraitzen duten arren, pop ukituek gero eta presentzia handiagoa daukate baxuari esker. Baten batek The Jam aipatu zuen taldearen soinua deskribatzeko. Bermeotarrak, egia esateko, bikain aritu ziren, eta kontrolik gabeko bukaera izerditsua eskaini ziguten Ander eta bere gitarra lurretik zirela.

Eskertzekoak dira Kafea eta Galletak moduko ekimen hauek, emanaldiak gaua ez den beste ordu eta atmosfera batean ikusteko aukera eskaintzen dutelako: arratsaldez, eserita, lasai eta taldekideekin berbetan. Esperientzia berria, aberatsa. Borobila.