K belaunaldia

K belaunaldia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/k-belaunaldia/@@download/image/55p12-1.jpg
2005/09/02
erreportajea
Alberto Irazu eta Julen Azpitarte
K belaunaldia
Euskal rockak aldaketa garaiak bizi ditu. Errobi, Hertzainak, Rip, Zarama, Itoiz, Kortatu eta abar fosil bilakatu ziren aspaldi, eta haien ondorengoak, Su Ta Gar, Negu Gorriak, Kashbad… dinosauro bihurtu dira jada. Gaur egun, talde berrien inbasioa bizitzen ari gara euskal rockean: K belaunaldia heldu da.

Euskal Herrian energiaz beteriko talde gazteen inbasioa bizi dugula baiezta daiteke. Horretaz jabetzeko, Baionako Gure Irratiak argitaratu berri duen "Gure irratia, zure rokanrolla" bilduma entzutea besterik ez dago: Euskal Herri osoko 22 talde gazteren  22 eraso amorratu ageri dira hor, gitarra zorrotzez josita, zein baino zein interesgarriagoak.

Gaur egun Euskal Herriko kontzertu zirkuitua astintzen ari diren talde askok musikari belaunaldi berria osatzen dute, eta gainera, horietako askok "K" fonema dute txertatuta euren izenetan: Kauta, Keike, Nuuk-At, Biok, Kerobia, Surfing Kaos...  "K" hizkia izenean txertatuta duten musika taldeen zerrenda ia amaiezina da, eta baita, belaunaldi berekoak izan arren, taldeen izenetan "K" hizkirik ez dutenena ere.

Baina existitzen al da K belaunaldia? Ba al dago talde hauek guztiak batzen dituen ezaugarri komunik? Gaia pixka bat aztertzen hasita, baiezkoa dirudi: ezaugarri komunak badirela, alegia.

Mp3-aren belaunaldia?

Batetik, talde hauetako musikari gehienak ikastoletan edota euskarazko hezkuntz ereduetan ikasiak dira. Bestalde, musikari gehientsuenek bete-betean ezagutu dute euskarazko komunikabideen loraldiaren garaia —"Euskaldunon Egunkaria", "Euskadi Gaztea", herri aldizkariak eta abar—. Alde horretatik, talde hauen testuinguruak zerikusi gutxi du Franco hil ondorengo lehen euskal rockeroei —eta ondorengobelaunaldiari— tokatu zitzaienarekin.

Hala ere, musika kontsumitzeko formatuak berak markatzen ditu hobekien belaunaldiak. Franco hil ondorengo lehen euskal rockzaleek —Errobi, Itoiz eta abar—, eta haren ostean etorritako Euskal Rock Erradikalak, binilozko diskoak eta kaseteak zerabiltzaten formatu gisa. Aldiz, 90eko hamarkadan sortutako belaunaldiak, bolada batez elkarbizitzan ikusi zituen cd-a, kasetea eta biniloa.

Gaur egungoa, cd-aren eta mp3-aren belaunaldia da. Eta belaunaldi berri honetan, musikari askok ez dute ezagutu biniloa denda "normaletan" saltzen zeneko garai hura. Egun, binilozko diskoak denda berezietan lor daitezke soilik, baina, aitzitik, edozein talde eta edozein disko eskuratzeko modua dago internetez… mp3 formatuan.

Krisiaren belaunaldia?

Diskoetxei eta disko salmentei dagokienez, 80ko eta 90eko hamarkadetako euskal taldeei garai polita egokitu zitzaien. Hertzainak, La Polla Records, Kortatu eta Itoizen diskoak ez zeuden internet sarean jarrita, jendeak disko haiek kasetean grabatu, eta "lagunarteko sareak" osatzen zituen arren. Kale kantoietan ere, ez zen diskoen kopiarik saltzen. Beste modu batera esanda: talde haiek, ez zituzten gaur egun hainbeste aitatzen den krisi diskografikoaren zauriak pairatu.

Baina, zer diote gure protagonistek honetaz? Oro har, egungo talde berriak internet-en aldekoak dira. "Tontakeria litzateke mp3ak kontsumitzen ez ditugula esatea", adierazi digute Kerobia talde nafarreko kideek: "Mp3ak oso hedatuta daude, eta gainera, euren alde ona ere badute. Dena den, jabetzen gara afera honek kalte handia egiten diela diskoetxeei".  

Kerobiakoen ustez, diskoetxeei kalte egiten zaien neurrian, diskoetxe horien bitartez diskoak kaleratu nahi lituzketen taldeei ere kalte egiten zaie: "Guk maketa bat grabatu genuen, diru gutxirekin eta baldintza kaskarrekin. Diskoetxearen laguntzarik gabe, gaur egun ez genuen diskorik izango kalean. Azkenean, kontu honek musikaren ziklo guztian eragiten du, musikaren sormenetik hasita. Horrexegatik, oso gustuko ditugun taldeen eta euskal taldeen diskoak, erosi egiten ditugu beti", diote Kerobia-koek. Ez dira bakarrak.

Biok eta Kloratita taldeen iritziz, diskoetxeek arrisku gutxi hartzen dute talde berriak kontratatzerakoan, eta proposamen ezagunen alde egiten dute. "Kontua oso ilun dago, batez ere, Euskal Herrian modan dagoen musika egiten ez baduzu. Ikustea besterik ez dago: diskoetxeek azken urteetan ateratako talde gehienak oso antzekoak dira. Diskoen salmeta asko jaitsi da, eta ez dago lekurik hainbeste talderentzako", diote Biok-eko lagunek.

Alde horretatik, egoera garai batean baino ilunagoa da euskal taldeentzat. Dena den, horrek ez du esan nahi euskal musika une txarrean dagoenik, ez behintzat, sormenari dagokionez. Hona hemen Kloratita taldeko musikarien azalpen zorrotza: "Krisia egon daiteke, edo ez. Baina sorkuntzari buruz ari bagara, ez dugu krisiaren arrastorik aurkituko. Gaur egun talde asko dago Euskal Herrian. Belaunaldi berriak gogoz datoz, eta sorkuntza maila handia dago".

Biok taldekoen ustez, euskal hedabideek gehiago egin behar lukete talde gazteen alde: "Euskal musika sustatu eta indartuko duten komunikabideak falta dira. Irrati libreak kenduta, irrati formula ziztrina geratzen da bakarrik, eta horrek ez ditu gauzak batere errazten". Zentzu horretan, egoera hau irauli daitekeela uste dute Kloratitakoek: "Egungo eredua aldatu behar dugu, gauza berriak sortuz. Gaur egun, musika merkantzia bihurtu dute. Hortaz, musikarekin harremana duen oro gero eta gehiago profesionalizatzen ari da; modu txarrean, gainera".

Pirateoari dagokionez, gure elkarrizketatuek argi dute, kaltetuenak diskoetxe txikiak direla. "Egia da pirateoak diskoetxe txikiei min gehiago egiten diela", diote Kloratitakoek, "baina horrela dago egoera. Pirateoaren kontra ezin da borrokatu, eta bide horrek garatzen jarraituko du. Gainera, alde batetik filosofia ez da txarra: ahalik eta merkeen, musika guztion eskura jartzea, alegia. Ez badugu nahi jendeak diskoak pirateatzea, egoera eta aukerak azter ditzagun, gauzak beste modu batera egiteko. Baldintza tekniko eta sozialak egon badaude".

Fundamentudun belaunaldia

Egoera honen aurrean, "Zuk zeuk egizu!" dioen punk leloa aldarrikatzen dute talde askok. Hala ere, gauzak "zuk zeuk egiteko", fundamentua behar da. Hain zuzen, GAZTETXULOk elkarrizketatutako taldeetatik bik, Kloratitak eta Nuuk-At-ek, euren kasa eta inongo laguntza barik argitaratu dituzte diskoak. Izan ere, kontratu diskografikoa lortu duten taldeak —Biok eta Kauta, adibidez—, erabateko salbuespena dira gaur egun.

Kloratitakoei eman diegu hitza: "Gaur egungo diskoetxeen funtzionamenduak ez gaitu erakartzen. Bere garaian, hauetako batzuk euskal musika bultzatzeko sortu ziren, eta batzuek lan oparoa egin dute. Baina, egun, diskoetxe hauek merkatuaren "legeak" errespetatu behar dituzte derrigor. Finean, enpresa bat izanda, bizirauteko zure merkantzia ondo saldu behar duzu, eta ez baduzu ondo saltzen, merkatutik at geratuko zara. Horrexegatik, musika sorkuntza bigarren mailan geratzen da askotan, eta diskoetxeek soilik 'produktu ona' izan daitekeena aukeratzen dute".

Adibidez, Nuuk-At taldekoek zigilu propioa sortu dute euren diskoa ateratzeko, "bestela oso zaila baita diskoa kaleratzea. Dena den, era berean, gure lana geuk kudeatu nahi dugu". Nuuk-At-ekoen musika interneten ere topa daiteke: "Interneten egotea positiboa da, nahiz eta salmentei lagundu ez".  Fundamentua, beraz, badago. Adibideak hor dituzue.

Garaian garaiko belaunaldia

Iragana beti presente dago Euskal Herrian, eta are gehiago musika munduan. Edozein herritako txosnetara hurbiltzen bazara, Hertzainak eta Kortaturen disko zaharrenak jarriko dizkizute... duela 20 urte bezala! Zein iritzi dute egungo talde berriek 80ko hamarkadan euskal rockak bizi zuen eztandari, eta orduan sortutako basapizti handiei buruz? Izan ere, K Belaunaldiko musikari askok ez zuten gertakari hura bertatik bertara ezagutu.

Biok eta Kauta-koek "nostalgia" aipatu dute garai haiek gogora ekartzerakoan. Hala ere, Biok-ekoen ustez. Euskal Rock Erradikalaren itzal horrek "fosilizazio" prozesua ere eragin du, eta horrek eragina izan du ondoren sortutako talde askorengan: "Zenbait tokitan, garai horietan fosilisatuta gelditu garela ematen du" . Kloratitakoen jarrera are kritikoagoa da, eta sasoi horien "mitifikazioaz" mintzatu dira: "Garai haiek gehiegi mitifikatu dira. Hura oso ondo egon zen, eta egoera zehatz hartan, gauza on asko ekarri zituen. Baina ezin dugu iraganetik bizi. Aurrera begiratu behar dugu, duintasunez eta harrotasunez, baina baita irudimenez ere".

Nuuk-At-ekoek "garaiak aldatu" direla nabarmendu nahi izan dute: "Garai hartako taldeek gauzak errazago izan zituzten, orduan ez zegoelako gaur egun bezainbeste talde". Era berean, orduko taldeei errazagoa zitzaien Espainian aritzea. "Egia da rock erradikalaren garaiko talde asko estatuan ezagutzera eman zirela. Baina, gaur egun, euskaraz abesten duten oso talde gutxi ateratzen dira Euskal Herritik kanpora... Hala ere, talde batzuk badaude", diote Kauta-koek.

Eta etorkizuna?

"Azken hamar urteotan gazteriaren ohiturak asko aldatu dira. Gaur egun, aukera gehiago dago era guztietako gauzak egiteko, eta gazteria bera ere aldatu egin da: gazte askok lokal batean sartuta igarotzen dute denbora, asko diskoteka handietara joaten dira... onerako edo txarrerako, dena aldatu da", diote Biok taldekoek.

Hala ere, guztiek esperantzaz ikusten dute etorkizuna, eta guztiak bat datoz egoera aldatzeko premia dagoela. "Aldaketak behar dira, baina denok jarri beharko dugu gure partetik, aldaketa horiek gauza daitezen", diote Nuuk-At-ekoek. Akaso, Kauta taldekoek aipatutako bidea izan daiteke aukeretako bat: norberak eskura dauzkan baliabide teknologikoekin ekimenak abiatzea, alegia. "Egunero talde gehiago sortzen dira, eta diskoetxeekin aritzea gero eta zailago dagoenez, taldeak teknologiaz balia daitezke euren diskoak grabatzeko", diote. Ikusi beharko.

Kilometroa, kasik



Ondorengo zerrenda ez da azterketa zientifikoa, ezta gutxiagorik ere. Asteburuetako kontzertu agenda pittin bat arakatzearen, eta diskoetxeen web orrialdeetan lardaskatzearen ondorioa da. Ziur gaude, aipatutakoez gain, zerrenda honetan ageri ez diren beste hamaika K talde daudela Euskal Herriko herrietako entsegu lokalak astintzen. Gertakari bitxia baita K hizkiaren kontu hau.

Zerrenda honetako talde guztiek euskaraz abesten dute. K hauetako batzuek bide luzea egin dute, eta ezinbesteko erreferentzia dira K gazteagoentzako. Hor doaz, alfabetikoki:Afrika, AK, Akauzazte, Aterkings, Banda Batzoki, Borrokan, Berri Txarrak, Folkcore, Gaizkiñe, Gatazka, Harrika, Ikara, Ikus, Itaka, Jauko Barik, Kauta, Keike, Ken Zazpi, Kerobia, Kloratita, Kok, Kokein, Kriston, Kudai, Kuraia, Kuto, Lehiotikan, Lukas Prest, Malenkonia, MAK, Mendeku Itsua, Nekin, Nok, Nuke, Nuuk-At:, Olokausto, Ozke, Potemkin, Punkamine, R-zetak, Selektha kolektiboa, Skalariak, Skunk, Sorkun, Surfin Kaos, The Uskis, Tuboskapi, UK Bill, Uek, Ufestuek, Zartako, Zirikatu, Zorabiok, 5 kontra