Jurgi Ekiza (Willis Drummond): "Kontzertuetan ez dugu gezurrik esaten"

Jurgi Ekiza (Willis Drummond): "Kontzertuetan ez dugu gezurrik esaten" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jurgi-ekiza-willis-drummond-quotkontzertuetan-ez-dugu-gezurrik-esatenquot/@@download/image/20121253660will_1360145310.jpg
2012/12/05
elkarrizketa
Testua: Igone Fdez. Mariezkurrena. 
Argazkiak: Galder Izagirre.
'A ala B' diskoa aurkeztu dute lapurtarrek, Bidehuts Kolektiboaren laguntzarekin kaleratu duten hirugarrena. Laukoteak baditu hamar arrazoi berri eszena eta eszena aurrekoa(k) aztoratzen segitzeko. 

Azken aldiz 2009an idatzi genuen Willis Drummondi buruz GAZTEZULOko orrialdeetan. Lan homonimoa besapean zuten orduan eta, komuna hippy batean bezala taldekideetako hiru bizi ziren etxe berean entseatzen zuten arren, argi utzi genuen mutil hauek ez zutela 'flower power' filosofiatik deus. Bertatik bertara entzun eta ikusi dituenak ikasi du hori. Zirkunstantzia batzuk aldatuko ziren harrezkero, baina taldearen pasioa bizirik iraunarazten duten zera guztiek bere horretan jarraitzen dute umiltasunetik atea zabaldu digutenen artean.
Izan ere, Rafa taldekidearen Heletako etxera hurbildu gara erantzun bila; laukote honen A eta B aldeak, alde guztiak, ezagutzera. Sukalde ondoko egongelan eseri gara Jurgi –ahotsa eta gitarra– eta biok, neguko hotzekin batera beroa oparitzera itzuliko den beheko suaren alboan. 'Bake bozkario supazter chokoan' dio gaineko egurrezko habeak, eta leihotik begira, bertso zahar haiek kantatzen zuten gisara, menditto baten gainean, etxe ttipitto aintzin xuriak ikusten dira...

Rocka giro urbanoekin lotu izan dugu halako parajeekin baino gehiago, ez zaizu iruditzen?

Ba bai, nik ere beti ulertu dut rock'n'rolla hiriaren eta agian industriaren testuinguruan, eta Xan –baxua– eta biok Baionatik gatoz, eta Rafa –beste gitarra– Irungoa da, beraz, badago hor ukitu bat... –barrez–. Beharbada, hau da globalizazioaren beste alderdietako bat, orain ez diola axola non bizi zaren, munduak eragin berbera du guztiongan.

Zer moduz doakizue bizitza profesionala eta familiakoa uztartzearena?

–Barrez hasi da– Ba, gauzak aldatu dira pixka bat! Felixek eta Pop-ek –soinu teknikaria– jarraitzen dute Larrondoan bizitzen, Lekornen, eta horri esker oraindik entseatzen dugu gurea kontsideratzen dugun etxe horretan. Egia esan, ez gira sekula lauak elkarrekin bizi izan, beti egon dira joan-etorriak, eta ondo da horrela. Taldeak denbora asko hartu du gure bizitzetan, azken aldian gehiago, beraz, ondo da bakoitzak bere etxea izatea. Familia bat gira oraindik, baina erran genezake guraso gabeko familia horretan haurrak handitu eta autonomizatu direla –barrez–.

Salto kualitatibo handia eman duzue batez ere azken bi urteetan eta bereziki 'Istanteak' –Bidehuts, 2011– diskoa kaleratu zenutenetik. Kartelburu izatera pasatu zarete kasu askotan! Aldaketa honetaz jabetu zarete uneoro ala konturatzerako hemen eta orain zineten?

Uste dut honetan badirela bi bide: momentu egokian leku egokiarekin asmatzea eta, horrela, nola oso ondo jakin gabe, goratzea; edo pixkanaka jasotzea fruitua. Gu pausoka aintzinatzen gira beti eta, edozein mundutan bezala, uste dut musikan ere ezin dela sekula gailurrera iritsi, ez baita gailurrik. Pauso bat egiten duzularik, pozik zira aurreratzeaz; baina ohartzen zira beste pauso bat, egitekoa, agertu zaizula. Ez dugu gure burua ikusten kartelburu; batzuetan gertatzen zaigu halako izatea eta, beste batzuetan, gertatzen zaigu lehenik jotzea ere. Ohartzen gira taldearen egoera hobetu dela, bai, baina ez gira sekula asetzen. Inportanteena eta gure helburua jende aurrean jotzea eta hauekin harremana sortzea da.

Zergatik lortzen duzue talde batzuek iristea eta beste batzuek ez? Meritu hutsagatik da eta, kasu horretan, gure merkatu txiki hau bidezkoa da onak eta baliozkoak diren horiekin, ala badago beste faktoreren bat tartean?

Ez dakit zer den "lortzea" eta, beraz, ez dakit lortu ote dugun. Erabaki, bilatu eta erdietsi dugun gauza bakarra musika egitea da, besterik ez, bere alde on eta gogorrekin. Famatu diren taldeak eta musikatik ondo bizi direnak ekartzen baditugu, uste dut Euskal Herrian, beste edonon bezala, faktore ezberdinak sartzen direla jokoan. Lehenengoa talentua da, bigarrena talde lana eta hirugarrena jarrera edo aktitudea. Baina hauei gehitzen zaizkie beste aspektu asko ere, maleruski gero eta garrantzia handiagoa dutenak gure munduan, musikatik urrun egon arren; taldeek saltzen duten kontzeptua edo irudia, esate baterako. Gaur egun asko famatzen dira ustez irudikatzen edo ordezkatzen duten horri esker eta ez hainbeste egiten duten musikagatik. Eta, noski, horri lotuta doaz komunikazio eta marketing estrategiak, kontaktuak, sare sozialak, prentsa... eta abar.

Non zaudete zuek?

Ba gu ez gara batere trebeak horiek lantzen, baina zortea dugu gure zaleek, milaka ez diren arren, egiten duguna estimatzen dutelako.  

Beraz, jarraitzaileen artean, bazegoen gogoa disko berri honetarako?

–Barrez– Jendeari apenas utzi genion denbora Istanteak irensteko, eta jadanik hasiak ginen aipatzen disko berria zetorrela 2012 amaierarako. Behingoz udan grabatzea erabaki genuen beste guztiak negukoak zirelako eta... grabaketen ondotik barbakoa egin nahi genuelako! –barrez–. Asko jo eta komunikatu dugu Istanteak Tour horri esker, jarraitzaile berriak bildu ditugu eta jende horrek, normala den bezala, zerbait berria deskubritzeko gogoa zuen. Niri ere gertatzen zait: talde bat maitatzen hasten naizelarik, aintzinetik egina duena entzutera joaten naiz lehenik, baina zerbait ezezaguna entzuteak eszitatzen nau eta iruditzen zait disko berri horren abenturaren parte naizela, edo niretzat idatzia dela.

Garrantzia ematen al diozue entzuleekin duzuen harremana kontzertuetatik aparte elikatzeari? Iritziak trukatu, iradokizunak jaso, giroa neurtu... ala zeharo zeuen kasara egiten duzue lan pentsatuz "hau da gu betetzen gaituena eta kitto, espero dugu zuei ere gustatzea".

Entzuleekiko interakzioari garrantzia ematen diogu, baina ez aipatzen duzun zentzuan. Argi esateko, jendearen gustuek edo iritziek ez dute eraginik gure musikaren edo letren gainean eta, beraz, bai: hau da gu betetzen gaituena eta kitto, espero dugu zuei ere gustatzea. Baina, noski, entzulegoari kasu egiten diogu kanta zerrendak osatzerakoan, adibidez, aspaldian jo gabeko abestiak sartuz eta abar. Kontzertuak denontzat dibertigarriak izan daitezen nahi dugu eta, zuzenekoak trukaketak direnez, zerbait jaso nahi badugu, eman egin behar dugu.

Edozeinekin Willis Drummondi buruz hitz eginda, zuzenekoa etortzen da elkarrizketara. Nolako indarra, ze fidelki ekartzen duzuen diskoa... Musika talde bati egin dakiokeen kritika onena da hori, kontzertuak, finean, biluzte uneak direlako, ez?

Badira batzuk bereziki trebeak disko onak grabatzen eta hauek ere merezi dute miresmena, baina egia da guk asko maite dugula zuzenekoa. Benetan, bizitzan beste inon eta inoiz ez naiz sentitzen hain ondo, nire lekuan; eta uste dut besteentzat ere hala dela. Ezin dut azaldu zergatik, ez dakit, entseguetan mila aldiz jo duzun abesti hori majikoa bilakatzen da zuzenekoan, nahiz eta leku ttiki batean izan, entseguetako bolumen berarekin. Beraz, kritika onak heltzen direnean, pozten gira, kontzertuetan ez baitugu gezurrik esaten eta zuzenki hunkitzen gira. Dena dela, A ala B honekin, orain arte ez bezala, benetako estudio lan bat proposatu nahi dugu, abestiak muntatzen, konpontzen eta ekoizten ere plazer handia hartzen dugulako.

Zuzeneko gaitasun hori berezkoa dute edo duzue musikari onek, ala landu daitekeen zerbait da?

Puff... badakizu... nik ez dut ene burua aski ona ikusten musikari onen zakuan sartzeko edo azaltzeko jendeari zer egin behar den, baina taldeak ondo pasatzen duenean, hori transmititu egiten da. Gero, bistan da, bizitzan dena lantzen ahal da, baina bakoitzari tokatzen zaio bere bidea atzematea... ala ez. Perfekzionismoaren diktaduran bizi gira.

Hortaz, aurreratu didazun moduan, planifikatuta zegoen halako grabaketa zaindua egitea?

Gogoa genuen, bai, eta erabaki kontzientea izan zen. Istanteak hiru egunetan grabatu genuen, justuki zuzeneko indarra eta freskotasuna gorde nahi genuelako, eta esperientzia ona eta polita izan zen, baina amaitutakoan, segidan esan genion elkarri: "Interesgarria litzateke ere lan ekoiztu bat egitea, kanpoko norbaiten laguntzaz agian..." eta horrela egin dugu. Nahi ginuen jakin, baita ere, abestiak lantzeko eta soinuak probatzeko denbora hartuz, ekoizpena zainduz, benetan hobetzen ahal ote zen kalitatea; eta argi da baietz. Abestiei buruz, nork izango du bere iritzia, baina aurreko diskoen ekoizpena nahiago zuela esaten duena, seguru aski, The Dead Moon edo LPR taldeen zale amorratua izango da. Ni ere bai, baina...

... zuek ere badituzue A eta B aldeak.

Bistan da, edonork bezala, alde ezberdinak ditugu, beharbada bi baino gehiago! Kontraesanez eta oposaketaz beteak gira, bortitzak baina goxoak, fatalistak eta utopikoak, antikonformistak eta jendeari gustatzeko gogotsu... Uste dut dualitate asko dagoela Willis Drummonden baitan eta gutako bakoitzaren baitan ere. Eta ez daude gauza txarrak alde batetik eta onak bestetik. Binilo batean ere, ez da usu gertatzen abesti gustukoenak alde batean izatea eta abesti txarrak bestean, ezta? Osoki maite duzu, ala ez duzu maite.

'A ala B'-ri buruzko promozio orria idaztea zure esku egon izan balitz, zer kontatuko zeniguke?

Oso galdera zaila egin didazu –barrez–... Promo testu batek gogoa eman behar dio jendeari deskubritzeko, entzuteko, eta entzun aitzin diskoa maitaraztea lortu behar du! Azpimarratuko nituzke diskoari efektu ona eman dioten alde guztiak: Burke Reid-ek nahasi duela; bi featuring daudela, bat Txap –Karlos Osinaga– Anaia abesten eta bestea Joseba B.Lenoir-en bakarkakoa Tresna kantan. Eta, ez da saltzeko argumentu ona izanen seguru aski, baina hardrock ukitu bat duela esanen nuke... Egitura aldetik klasikoagoa da, nahiz eta jarraitzen dugun errezeta berriak probatzen formula bakar batean erori gabe. Azken garai hauetan gehien entzuten dugun musikaren ondorioa da, funtsean. Uste dut horregatik ez ditugula guk idazten promo orriak: diztiratzen duen guztia ezarri behar delako bertan, eta guri egiten dugun dena oso naturala eta arrunta iduritzen zaigulako.

Aipatu duzunez:. Burke Reidek Toronton nahastu izanak, publikoari edo prentsari begira diskoari eman diezaiokeen balio erantsiaz gain...

–barrez, galdera moztu dit– Hori oso inportantea da, e! Ziur aski jendeak ez daki nor den, baina izen ingelesa dauka, kasu –barrez–...

...orduan, norbait izango da, ezta?! Baina, efektu persuasibo horretaz aparte, benetako mamian, ze ekarpen egin du?

Teknikoki, soinua lantzeko duen manera asko gustatzen zitzaigun, bereziki The Dronesen disko bat genuen gogoan. Proposamena egin genion, eta tomak edo hartualdiak bidaltzen hasi ginelarik esan zigun lehenengo gauza izan zen oso ondo jotzen ziola belarrira; egia esan, Txap-ek eta Iñigo Irazokik lan bikaina egin zuten gu grabatzen. Gero, bera hasi zitzaigularik gauzak bueltan bidaltzen, konturatu ginen oso hurbil zegoela buruan genuenetik, elkar ulertzea erabatekoa izan zen eta hori oso pozgarria da. Izan ere, bilatzen genuen gauzetako bat ikuspegi berri hori zen; guk astero milaka ordu pasatzen ditugu elkarrekin lokalean, eta kanpoko belarri bat behar genuen tronpatzen ari ginen ala ez jakiteko. Kalitatea ekarri du eta esperientzia polita eta goxoa izan da, oso jatorra da eta ondo menderatzen du egiten duena.

Eta zuei? Ze eman dizue disko honek? 
Prozesu luzea eta interesgarria izan da soinu ezberdinak probatzea eta lantzea, asko maketatzea etxean nahiz estudioan. Uste dut  hobeto ulertzen dugula orain ekoizpen lana, eta erabilgarria izanen zaigu hemendik goiti. Horrez gain, uste dut musikalki hobetu girela eta horrek zuzenekoari efektu ona emanen dio. Beti bezala, plazer hutsa izan da denbora pasatzea estudioan Txap-ekin eta Iñigo Irazokirekin, ene aldetik teknikoki gogorra izan bada ere gitarra zatiak eta ahotsak ondo ateratzea.

"Gazteak ono, dena geroko: beharbada egun batez, bainan egun zertako?", diozu aleetako batean.

A ala B abestian, saiatu naiz aipatzen nola bizitzako momentu batzuetan behartua zaren bide bat hautatzera. Gazteagoa zirenean, iduritzen zaizu nahi bezain bat atzeratzen ahal duzula momentu hori, lehen urratsa eman arte sinesten ahal da mila bideren artean hautatzeko parada duzula, baina gero, gehienetan bi aukera baizik ez dira... A ala B. Oso fatalista iduri dezake, baina nahiko baikorra da, azpimarratzen baitu ez zarela sekula kondenatua ere... bi aukera daude beti.

Nahiko hitz intimoak idatzi dituzu.

Bai, usaian bezala. Baina egia da inoiz baino gehiago erabili dudala lehen pertsona. Dena dela, beste batzuetan denbora gehiago pasatu izan dut gauzak idazten eta itsasten... oraingoan hitz zuzenak eta argiak bilatu ditut.

Sortzea zintzotasun ariketa da, eta ez dut uste posible denik batengandik ateratzen den hori bestearengana osoki iristaraztea, norberak aitortu dion karga edo intentzio osoarekin. Beti dago interpretaziorako tartea, ezta?

Nola zen Joseba Sarrionandiaren liburuaren titulua? Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako, ez? Ezin da sekula jakin egiten dutenek eta jasotzen dutenek gauza bera sentitzen duten, sentitzen duten hori hitz berarekin aipatuko balute ere. Interferentziak eta interpretazioak prozesuaren parte dira, ene iduriko. Azken finean, emozio bat sentiarazten badugu edo momentu on bat pasarazten badugu, ondo.

Amaitzeko, zuen diskografia errepasatzeko aitzaki modura, jolas bat proposatuko dizut. Aukeratu abesti bana ondorengo eszenetarako: adibidez, nazioarteko jaialdi handi baterako.

Ez da izango. Horrelako kanta rockero eta zuzenek beti dute efektua. Egokia zaio eszenatoki handiari eta soinu ekipo potoloari. Gainera, jendea pozten da "Hey! Hey!" gurekin kantatuz eta parte hartuz.

Euskal Herriko edozein herritako jaixetako txosna gunerako?

Noiz da gero. Joan den udan Bilboko jaietan txosnetan jo genuen eta jendea topera ibili zen kantatzen eta mugitzen. Irudi hori daukat ene buruan, baita YouTuben ere –barrez–.

Gaztetxe batean inprobisatutako kontzerturako?

Ez da dudarik. Hardcore eta post hardcore totala; gaztetxeetako publikoak, usu, hori du maite gure musikan: behin baino gehiagotan aipatu izan den alde fugaziarra! Batez ere zolan bertan ematen ditugun kontzertu hauetan, Alegin edo Zallan egin genituenak bezalakoak... momentu handiak!

Taberna txiki eta intimorako?

Behin argian ezarrita. Aspaldi ez dugu jo... badu alde intimista hori lehen partean, eta ondo egokitua zaio taberna bati... gainera, amaitzen da 'total destruction' moduko parte batekin eta, horrelakoekin gozatzeko, askoz hobe da gela ttiki-ttiki batean egotea, non zuzen entzuten diren anplien larsenak eta abar. Horrelako 'emo' abestiak askoz hobe konpartitzen dira tabernetan ene iduriko... baina ez al da abesti guztien kasua?