June Aiestaranek irabazi du Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa
Lasturren jokatu zen larunbatean aurtengo Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako finala, eta 90 lagun elkartu ziren Lasturko tabernan giro ederrean. June Aiestaran, Izar Zelarain, Amets Aizpurua, Jon Mendiluze, Beñat Zeberio eta Danel Etxeberria aritu ziren bertsotan, Ane Ezenarro gai-jartzailearen esanetara.
Maite Sukia, Oihana Aranguren eta Bakarne Urreaga epaileek June Aiestaran izendatu zuten irabazle, eta bigarren sailkatua, berriz, Danel Etxeberria izan zen. Bi hauek Euskal Herriko Eskolartekoan kantatzeko aukera izango dute.

Unai Mendizabalek jantzi zion txapela June Aiestarani, Harituz Bertsozale Elkargunearen izenean. Izan ere, aurten hamargarren urteurrena bete du Tolosaldeko bertso mugimenduaren eragile den Harituzek, eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak aitortza txiki bat egin nahi izan dio urte hauetan guztietan egin duen lanari.
