Jules Vernek iragarri zuen

Jules Vernek iragarri zuen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jules-vernek-iragarri-zuen/@@download/image/37p36-1.jpg
2004/01/02
erreportajea
Igor Arizmediarreta
Jules Vernek iragarri zuen
Asturiasko kostaldean, Euskal Herritik oso gertu, txibi erraldoiak agertu dira hilik azkenaldion. Aurkikuntzak molusku ezezagun honi buruzko jakinmina piztu du zientzilariengan.

Architeuthis Dux da txibi handiaren adiera zientifikoa, "txibi erraldoia" izenez ezagunagoa. Neurrigabe hazten dira animaliok eta egunero zentimetro bat luzatzen dira; 20 metro luze izan daitezke eta tona bateko pisua har dezakete. Pentsa, sei solairu dituen eraikin baten altuera! Burua seigarren solairuan izanda, lurreraino iritsiko lirateke animalia honen tentakuluak. Beraz, harrapatuko bagintu, akabo; gureak egingo luke!

Lasai ibil gaitezke, ordea. Izan ere, txibi erraldoiak Euskal Herriko urak ez ditu maite. Hori adierazi digu Guzman Diez Azti itsas institutoko biologoak: "Nik dakidala, Euskal Herriko kostaldean ez dugu sekula horrelakorik ikusi. Animalia hauek itsaspeko habitat berezi eta sakonak dituzte bizileku, 500 eta 1.000 metro bitarteko sakoneran".  

Ez  dira jatekoak

Zeelanda Berrian, Ternuan eta Norvegian gustuko ura aurkitu dute txibi erraldoiek, toki hauetan ale asko agertu baitira. Euskal Herritik gertuago ere, Asturiasen alegia, horrelakoak topatu dituzte.  "Errua fuel olio bila diharduen 'Hesperides' ontziaren erradar uhinei egotzi diete: haien eraginez, txibiek iparra galdu, bizilekutik atera eta noraezean ibiltzen dira hil arte. Dena dela, kontua ez dago oso argi", azaldu digu Aztiko institutoko biologoak.

Asturiasen aurkitutako azken txibiak 760 kilo eta 10 metro zituen. Ederra, ezta? Eta nork ez du inoiz txibi ogitartekorik jan? Zenbat ogitarteko aterako genituzke horrelako bakar batekin? Erantzuna: batere ez. Izan ere, zoritxarrez, txibiok ez dira jangarriak. Animalia hauek ez dira itsasoko kutsadura birziklatzeko eta garbitzeko gai, eta itsasoaren egoera ikusita...