JULEN UNANUE: "“Behobiaren bezperan, sei litro ur edan eta makarroi platerkada bat jan nuen”
Miresten duzun norbaiti argazkirik edo autograforik eskatu al diozu?
Ez naiz argazkiak eskatzekoa, baina Adurizekin argazki bat atera nuen eta sareetan izango dut jarrita betirako.
Beti gomendatzen duzun telesaila edo pelikula?
Intouchables. Askotan ikusi dut eta ematen duen mezua izugarria iruditzen zait. Bizitza bakarra da, beraz, ahal duzun modu hoberenean bizi.
Haurtzaroa gogorarazten dizun janaria?
Txaka edo surimi barrak jaten nituen ia egunero.
Fenomeno paranormal edo azaldu ezinen bat bizi izan duzu?
Behin nire lagun batek eta biok zenbaki berak esan genituen 1etik 100era, 1etik 50era, 1etik 20ra, 1etik 10era eta 1etik 5era. Chat GPTri galdetu diot eta horren probabilitatea bost miloitik batekoa omen da. Jendeak oraindik ez digu sinesten benetan egin genuela. Nora ez zinateke berriro itzuliko?
Denbora luzean ez nintzateke Sevillara joango, han egiten duen beroa ez da normala. Baina oso jende jatorra bizi da han.
Norekin geldituko zinateke igogailu batean irten ezinik?
Quevedorekin. Ondo usaintzen duela ematen du, ez litzateke plan txarra izango.
Zure zer ezaugarri gustatzen zaizu gutxien? Eta gehien?
Gutxien, oso burugogorra naizela eta ia beti arrazoia dudala uste izaten dudala. Aldatzeko lanketan ari naiz. Gehien, autokritikoa naizela eta akats bat egiten dudanean, beti saiatzen naizela hobetzen eta berriz ez egiten.
Zein da egin duzun erokeriarik handiena?
Behobia lasterketan ateratzea, bezperan sei litro ur edanda eta makarroi platerkada bat janda. Tripak ez zidan askorik lagundu, baina amaitu nuen lasterketa.
Zein da jaitsi duzun azken aplikazioa?
‘Marcador’. Musean asko jolasten gara eta puntuak apuntatzeko modu errazena izaten da.
Noiz esaten duzu gezurra?
Nire buruari larunbatean ez naizela parrandan aterako esaten diodanean. Beti ateratzen naiz azkenean…
Zer hitz edo esaldi erabiltzen duzu behar baino gehiagotan?
“Goxoki”. Zerbait gustatzen bazait –ideia, plana, janaria, abestia…– hori izaten da nire deskribapen zehatza. Ez saiatu ulertzen, ez du esplikaziorik.
Zein da zure fikziozko heroia?
Ez dago hoberik: Deadpool.

Zer talentu izatea gustatuko litzaizuke?
Gauzak hain erraz ez galtzea. Giltzak, diru-zorroa eta kaskoak non dauden bilatzeko borrokan ibiltzen naiz beti.
Zein izan da zure lorpenik handiena?
Garai batean, futbolean aritzen nintzen. Urte batean 29 gol sartu nituen. “Killer” zen nire ezizena. Egia da kategoria txarrenean eta urtebete gazteagoak zirenen kontra jolasten nintzela, baina…
Zein da zure denbora-pasarik kutunena?
Mendira joatea gustatzen zait. Deskonexioa sentitzen dut, eta batzuetan beharrezkoa izaten dut, arazo bat izan eta gero, aurrera egiteko.
Zein da zure lema?
Ez eman garrantzirik jendeak pentsa dezakeenari, kalte handia egiten du eta. Zerbait egin nahi baduzu, aurrera!
Zer soinu edo zarata gorroto duzu?
Nire alarmarena. Tonua aldatu behar diot. Horrekin esnatzeak eguna hasteko gogoa kentzen dizu.
Zer ogitarteko gustatzen zaizu gehien?
Oilaskoa duen begetala. Azken finean, garrantzitsua da zaintzea.
Nolakoa litzateke zure egun perfektua?
Nire egun gustukoena: lagunekin poteatu, bazkari on bat egin, eta gero kontzertu batera edo partida batera joan. Eta amaitzeko, parranda eder bat.
Nork dakizki zure sekretu gehien?
Nire arrebak. Ez dit inoiz kale egingo eta haren gomendioak onenak izango dira beti.
Zer egin behar izan duzu inguruko norbait laguntzearren?
Kotxea hartu eta hogeita hamar minutura dagoen herri batera joan nire lagun baten bila. Gozatu, gazteok, baina zentzudunak izan edaterakoan!
Zer ohitura jaso duzu gurasoengandik?
Umila izatea. Beti esan izan didate hori dela pertsona ona izateko eta zoriontasunerako bidea irekitzeko modu bakarra.
Nola irudikatzen duzu zure burua hemendik hogei urtera?
Ez dut etorkizunera begiratzeko ohiturarik. Orainean bizi naiz eta hala egin behar dela uste dut. Baina, bueno, etxe bat izango banu hondartza ondoan eta Conquis-eko aurkezlea izango banintz, ez nintzateke kexatuko, kar-kar.

