Julen Telleria: "Nik uste euskarak berak jartzen nauela katxondo"

Julen Telleria: "Nik uste euskarak berak jartzen nauela katxondo" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/julen-telleria-quotnik-uste-euskarak-berak-jartzen-nauela-katxondoquot/@@download/image/sexu_elkarrizke_1415265687.jpg
2014/11/10
elkarrizketa
Argazkiak: EITB
Julen Telleria: "Nik uste euskarak berak jartzen nauela katxondo"
Gaztea irratiko ‘Akabo bakea’ saioan ezagun egin den Julen Telleria ‘Telle’ (Tolosa, 1990) Euska Herriko kuadrilla jatorrenaren bila ari da ETB1-eko ‘Gu ta gutarrak’ saioan. Telebistan debutatu du; orain beste plaza batzutan debutatzea falta zaio...


Zer behar da Julen Telleria ohera eramateko? Aurrez lan asko egitea. Hori, edo nik logura handia izatea.

‘Gu ta gutarrak’ saioan bezala, jatorrenak konkistatzen al zaitu? Pertsona benetan jator batekin munduaren amaierara joan eta buelta egingo nuke. Baina konkistatzera heltzeko beste baldintza batzuk ere bete behar dira… ezta?

Nola ligatzen da gehiago, telebistan edo irratian lan eginda?
Ligatzea artea da, eta telebistan lan egin, edo irratian, iturgina izan edo aseguruak saldu, artista denak arrakasta seguru izango du.

Irratiaren beste aldean dagoena ez da ikusten. Ohean nahiago al duzu argia itzalita ibiltzea? Argia itzali beharra badago, zer edo zer ezkutatu nahi den seinale. Seinale txarra. Nik gauzak nahiago argi eta garbi.

Amaia Artetxe luzez izan da zure lan bikotea. Honetan, harreman luzeak edo motzak?
Harremana luze joaten bada ondo doan seinale, eta lan kontuetan ere nahiago bikote finko xamarra. Artetxek eta biok oraindik ere gauza asko dauzkagu kontatzeko…

Lotsagabea ematen duzu mikrofonoaren beste aldetik, horrelakoa al zara ligatu nahi duzunean?
Egoera askotan lotsatzen naiz ni, eta gainera lotsak gaizki pasarazten dit. Ez naiz gai arropa denda batera sartu eta saltzailearekin hitz egiteko. Hala ere, uste dut nire lotsak nahiko ondo disimulatzen ditudala, eta eskerrak lanerako behintzat erabat galdua daukadan. Orain, imajina nazazu arropa denda bateko saltzailearekin ligatu nahian…

Nola hasiko zenuke gau bero perfektua? Gau perfektu guztiak (bero edo ez bero) afari on batekin hasten dira.

Zein duzu txortan egiteko lekurik gustukoena? Goizero pentsatzen dut ohea zeinen inbento ona den. Bizitzako gauzarik onenak egin litezke ohean. Beraz, horixe nire aukera horretarako ere.

Eta probatu duzun arraroena? Oraindik ez dut igogailuan sekula egin.

Barre egiteko plaza al da ohea? Barre edozein plazatan egin liteke eta egin behar da. Sexua bezala, ohean, leku arraroetan, goian, behean, baina egin. Ez dakit txortan egitea baino gehiago ez ote zaigun kostatzen askotan.

Zein hizkuntzak limurtzen zaitu? Hizkuntza korporalak.

Eta euskalkik? Guzti-guztiek eta salbuespenik egin gabe. Nik uste euskarak berak jartzen nauela katxondo.

Non da Euskal Herriko uztarik onena? Kostaldeko haizeak ondutako barrualdeko kasta. Paregabea. Baina onddoak bezala, topatzeko zaila…